En directo

Iker GURRUTXAGA

'Zetak' taldeak Euskal Herriko mugak gainditu ditu 'Hitzeman' kantuarekin

Disko berria izango denaren bigarren aurrerapen kantua da 'Zetak' taldearen 'Hitzeman. Kantu honetan euskara eta katalana uztartu dituzte, 'Oques Grasses' taldekoekin batera egindako kantua delako nafarren azken proposamena. Hori guztia kontatzeko Pello Reparaz MusikHaria saioan izan da.

Audio_placeholder

'Zetak' taldeak Euskal Herriko mugak gainditu ditu 'Hitzeman' kantuarekin

Loading player...
'Oques Grasses' taldearekin elkarlanean atera du azken kantua 'Zetak' taldeak.
'Oques Grasses' taldearekin elkarlanean atera du azken kantua 'Zetak' taldeak.

Argi izpi bat izateko asmoz atera zuen pandemia garaian 'Zeinen ederra izango den' kantua 'Zetak' taldeak. Baina kantu hura bidea egiten joan da eta abendurako izen bereko diskoa kaleratuko dutela zabaldu dute beren sare sozialetan.

Kantu batekin hasi zen guztia eta hura egiteko jendeari beren une gozoekin osatutako bideoak bidaltzeko eskatu zuten 'Zetak' taldekoek. «Ia 4.000 bideo jaso genituen eta 'Hitzeman' kanturako ere gauza bera egitea bururatu zitzaigun. Jendeak senti dezala honen parte badirela eta sekulakoa izan da. Guzti honekin aurrera egiteko sekulako indarra ematen digute halakoekin», kontatu digu Pello Reparazek.

'Oques Grasses' taldeko Josep Montero izan da kantuaren sortzailea Pello Reparazekin batera. Euskal Herriko muga gainditu dutela esanda argi erantzun du Reparazek: «Berri Txarrakek bai, baina guk oraindik ez dugu halakorik egin. Ez behintzat haiek egindako moduan. Kotxean sartu eta hau egitera joan nintzen Katalunia aldera. Sekulakoa da miresten duzun abeslari batekin elkarlanean aritzea. Akaso errazagoa izango zen kantua artista espainiar batekin idaztea, hizkuntzaren kontuagatik, baina horrela izatea nahi genuen», nabarmendu du arbizuarrak.

Datorren urterako jaialdi bat ere iragarri zuten modu xume batean 'Zeinen ederra izango den' kantua aurkeztu zutenean. «Ez dugu horren promoziorik egin. Ez dugu ezer ere iragarri; ez non den, ez nork joko duen ez ezer… eta hala ere sarrera pila bat saldu dira. Baina jaialdiaren inguruan isilik egoteak ez du esan nahi horrekin ez gabiltzanik. Jo eta su gabiltza oso ederra izango den jaialdiaren prestaketan», aipatu digu Reparazek.

Naiz Kontzertuetan izandako uneak, 'Hegan' kantuaren bideoklipa eta besta hainbat gauza ere izan ditugu hizpide MusikHaria saioan. Gogoratu, abenduko lehenengo astean etorriko da 'Zeinen ederra izango den' diskoa, 'Zetak' taldearen bigarrena.

 

 

Jaurlaritza Logoa