En directo
Ume-umetatik eduki du musikarako grina Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978) musikariak. Garaian Elgoibarko Zazpiki irrati librean hasitako bideari jarraipena ematen ari da hilabete honetako 'Beste bat' saioetan, asteartero-asteartero.
«Beltzen musikak eragin handia izan du beti nigan. Umetatik entzun izan ditut artista asko, bluesaren bueltan batez ere. Estatu Batuetatik Europarako saltoa nola egin zen eta Britainia Handiko artistek ere garrantzia izan dute niretzat», kontatu digu Gurrutxagak.
'Arima Beltza', 'Uek', 'Andrakan', 'Jon & Sugramas' eta orain bakarlari moduan dabil Jon Gurrutxaga. Bateria jotzen eta abesten hasi zen lehendabizi 'Arima Beltza' taldean eta bide horri eutsi zion luzaroan harik eta kantuak osotasunean bere kabuz konposatzen hasteko beharra sentitu zuen arte. «Aurretik beste musikariengana jo behar izaten nuen buruan nuen doinu hura jo zezan. Hartara, instrumentu harmonikoren bat behar nuen kantuak egiteko eta gitarrarekin hasi nintzen kantuak sortzen», aipatu digu elgoibartarrak.
«Zortea izan dut inguruan izan ditudan lagunak, lagun onak izateaz gainera musikari apartak ere badirela eta horrek nire musika ibilbidean asko lagundu dit», esan digu Gurrutxagak. Izan ere, musikari ezagun asko izan ditu bere bueltan, hala nola, Keu Agirretxea, Iban Urizar 'Amorante' edota gaur egun zuzenekoetan berarekin dabilen Urbil Artola.
Azkenaldian doinu lasaiagoak aurkezten dabil Gurrutxaga: «aita izan nintzenetik lokalera joateko denbora gutxiago eta doinu elektrikoen ordez akustikoetan gehiago ibiltzen naizenez, horren emaitza da jendaurrean aurkezten dudana».
Laster kantu berriekin lan laburra grabatzeko asmotan da. Baina, bitartean, azaroko astearteetan, bere musika kuttuna jarriko digu Gurrutxagak: «Gaztetxoa nintzela hori egiten nuen herriko irrati librean eta pozik gainera. Hartara, orain ere oso gustura nabil gustatzen zaidan horretan».