En directo
Festa handia izango zela iragarri zuten 'STR' taldekoek beren sare sozialetan. Bikoa dira eta musika urbanoa egiten dute Aritz Mendiolak eta Iker Villak. Hartara, 'Dupla' taldekoekin batera unibertsitate giroko jaia antolatu zutela iragarri zuten eta horretarako 'Deltapiomega.eus' ataria sortu zuten.
«Ikusten zenarekin nahikoa argi zegoen halako festarik ez zela izango, edo hala uste genuen. Baina kontua da jende dezentek eman zuela izena eta ez dakigu amua irentsi ote duten edo kuriositate hutsa izan den», kontatu digute 'STR' taldekoek.
Festa urriaren 2rako, aurreko ostiralerako, zegoen iragarrita eta azken unean bertan behera geratu zela esan zuten sare sozialen bidez, aurretik guztia salduta zegoela esan eta gero. Atzetik etorri zen, ordea, benetako albistea: STRk eta Duplak elkarrekin egindako 'Zai' abestia eta bideoklipa.
Tartean, Iratxe Aguilera 'Kai Nakai' ere ikusi da, baina honen berri emateko propio sortutako webgunean izen handiak ageri dira: Olatz Salvador, Lander Otaola edota Eneko Sagardoy. Guztiak 'Deltapiomega'-ko kide izandakoak bezala aurkeztu dituzte.
Kantuaren aurkezpenaren harira MusikHaria saioan izan dira eta dagoeneko kantu asko eginda dituztela aurreratu digute Villak eta Mendiolak. «Ikus-entzuneko proiektua da 'STR' eta hartara kantuak aleka kaleratu nahi ditugu, bakoitza bere bideoarekin. Datorren hemendik hilabete edota hilabete eta erdi inguru ateratzekotan gaude», kontatu digu bikoak.
Kontzertuak ere etorriko direla esan digute eta, ahal dela, 'Deltapiomega' festaren bat ere antolatu nahiko lukete. Baina hori guztia, egun, ez dago haien esku.