En directo

Entrevista
Gari Uriarte
Dupla taldeko abeslaria

«Herriko batean lan egiten nuen eta bertan sortu zen letra, atera kontuak»

Rurarlkids zigiluarekin eta Bidean produkzioak bidelagun dutela kaleratu berri du Dupla taldeak ‘Nahieran’ diskoa. Arabako lautadan sortu zen proiektua, Agurainen, lehendik ere musika munduan guztiarekin apurtzea gogoko zuten tokian. Gari Uriarte izan dugu MusikHaria saioan lana aurkezten.

Audio_placeholder

«Herriko batean lan egiten nuen eta bertan sortu zen letra, atera kontuak»

Loading player...
Kolore deigarriekin aurkeztu dute ‘Nahieran’ diskoa Duplakoek. (Mario LEZAUN)
Kolore deigarriekin aurkeztu dute ‘Nahieran’ diskoa Duplakoek. (Mario LEZAUN)

Tabuak hausteko asmoz etorri ziren eta tabuak hautsi zituzten askoren buruan klik bat eginaz ‘Dantza gaua’ abestiarekin. Urtebete beranduago kaleratu dute ‘Nahieran’ diskoa eta bide horretatik landu dute beren musika Beñat Oribek eta Gari Uriartek.

Aurretik egiten zen hori onartzeko bidea jarri zenuten abesti honekin ezta?
Guk bazegoen hori kontatu genuen, herrietan gertatzen ari zen, gertatzen ari den eta gertatuko den zerbait kontatzen dugu abestian. Ez dugu ezer berririk ekarri alde horretatik begiratuta.

Herrikoren batean ere jarriko zen.
Nik Herriko batean lan egiten nuen eta bertan sortu zen letra, atera kontuak. Jendeak ‘perreoa’ jartzeko eskatzen zuen eta gurean ‘perreatzen’ zen. Naturala da, denetarik jartzen hasten zara, baina ordu txikietan ia gauza hauek eskatzen dira.

‘Nahieran’ diskoan ia denetarik dago, balada ‘ñoño’-ren bat baino ez litzateke faltako. Rocka, technoa, reggaetoia… Nola sortzen da hau guztia?
Sortze prozesua beti desberdina da, helburu desberdinetara iritsi nahi izaten dugulako. Batzuetan batek oinarri bat du sorburua, besteetan ideia edo kontzeptu bat, edo kontzerturako 124 BPMko kantu bat egiteko nahiak edota zerbait iluna sortzeko gogoa… Gu ekoizleak gara, pistak sortzen ditugu, gero erritmo bat, piano bat, hitzen bat… Horrela sortzen dira gure kantuak.

Estudioan ordu asko ematen dituzuela esan nahi du horrek.
Friki batzuk gara, guk ez daukagu Play Stationik eta hori da gure jolasa. Pistak sortu, erritmoak… Orain argiak programatzen ari gara show berri batetarako.

Argiak ere zuek programatuta, ez da makala.
Bi ordenagailu elkarrekin lotzen ditugu eta programa berri batekin erosi ditugun argi berri batzuekin lanean ari gara. Gorria orain, urdina gero, lurreko argia, dena denboran jarri…

Ikasketa prozesua du horrek ere.
Iban Zubeldiak lagundu digu ‘patcheatzen’. Hortik aurrera guk baino hobeto nork ezagutuko ditu gure abestiak? Guk sortzen ditugu bideoklipak ere, eta perspektiba galdu dezakezunez kontuz ibili behar da, baina jendearekin lan egiten duzunean, ikasitakoarekin, badakigu zer behar duen gure musikak.

Gaur egun musika begietatik gehiago kontsumitzen dugu belarrietatik baino askotan, gainera.
Gurea ikus-entzuneko proiektua da argi eta garbi. Eta badakigu kontzertuetarako sarrerak saltzeko, bideoak egin behar direla, elkarrizketak eman, sare-sozialetan egon behar dela… Gitarra jota soilik, oso zaila da aurrera egitea.

‘Dantza gaua’ bideoklipean ‘olatu berriko’ asko ikusi genituen eta zuek STRren bideoklip batean mentore moduan agertu zineten. Zuek jarri zenuten lehen harria?
Nik esatea gaizki dago, baina 2017-2018 tartean Beñati esaten nion ea nik jarri behar ote nuen abesten Euskal Herrira estilo hauek ekartzeko, eta orain pozten naiz asko daudelako, hori bai bakoitza bere rolloarekin. Baina gogoan dut 2016an C. Tangana, Dellafuente, Bad Gyal… Wizink Centerren ikusi genituenean eta erdi hutsik zegoen. Guk bagenekien haiek egiten zutena egiteko gai ginela, modu apalago batean noski, haiena sekulakoa delako, eta hortik hasi ginen gu musika mota hau sortzen.

Kantu honetan Monsieur leCrêpe izan zenuten aldamenean, erreferente izango zen zuretzat?
Niretzat rapeatzen Juantxo Arakama dago lehen tokian eta gero beste guztiak gaude. Berarengana jo genuenean, uste genuen ezetz esango zigula, azkenean beste maila batean dagoelako, baina gustatu zitzaion eta baietz esan zigun. Goizean etorri zen, letra egin zuen eta grabatu egin genuen segidan.

Diskoa zabaltzeko jarri duzuen ‘Kontraesanak’ abestian, rocka eta tropical houseko sintetizadoreak entzun daitezke. Hori uztartzea nola bururatzen zaizue?
Guk rock talde bat geneukan 16 urte edo genituenean eta ordurako gauzak disparatzen eta hasi ginen. Gero bakoitza bere bidetik joan zen eta Beñatek EDM proiektu bat jarri zuen martxan lagun batekin eta ni gitarrarekin erromeria talde batean sartu nintzen. Hortaz, bakoitzak ematen dio bere ukitua sortzen dugun musikari eta Beñatena da tropical soinuak sartzearen ideia.

Kasu honetan zer etorri zen, diskoaren ideia edo kantua lehendabizi?
Diskoarena etorri zen. Argi geneukan album bat aterako genuela eta ‘Nahieran’ izena izango zuela. Baina presarik gabe hasi ginen eta gero formatuarekin flipatzen hasi ginen. Hasiera batean pentsatu genuen panpina bat ateratzea nolabait ere diskoa barruan zuela, ‘duplatxusa’-ren atzetik jendeak ez dakigulako zer espero zezakeen… Orduan esan genion gure buruari, «zer ez du esperoko inork? Diskoa», eta horixe da kaleratu duguna.

Nahieran eta nahi duzuena egin duzue, eta sudur puntan jarritako eginda pozik geratu zarete.
Argi dago baietz. Bagenekien jendeak zerbait esperoko zuela eta kontzertuak bagenituen lotuta, hortaz, guk nahi genuen moduko musika egin dugu, lagunekin elkartuz eta grabatuz.

Zuk zeuk aipatu dituzu C. Tangana eta Bad Gyal, ‘Un mal día’ abestian Rosaliaren ‘Con altura’ kantuari keinua dago ezta?
Bai bai, estrofaren zati bat ere badu abestiak. Askotan egiten duzu pista grabatu eta mikroa hartu eta edozer gauza abesten hasi. Kasu honetan, «Esa fruta está madura» esaten hasi nintzen eta segidan «vivo rápido no tengo cura» etorri zen eta horrela utzi nuen. Hortaz, hortxe erreferentzia.

‘Seremos pobres’ diozue kantuan, etorkizun beltza ikusten duzu aurretik?
Konfinamendu aurretik, 2019ko urtarrilean-edo idatziko nuen. Gabonak pasa, dena iluna dagoenean, egun tristea izanda… Badakizu, dena gainera erortzen zaizun unea eta dena haizea hartzera bidaltzeko gogoa duzunean? Bada hori. Dena oso gaizki ikusten duzu eta zertan ari ote garen bizitza honetan galdetzen diozu zure buruari. Baina gero alaiak gara e?

‘01200’, Aguraingo posta kodea. Musikan pisu handia duen herria da Agurain.
Bada bai eta gure folklorea da. Bederatzi edo hamar urte genituen eta Gatillazo, Disturbio edota Falta de riego taldeen lokaletara hurbiltzen ginen, gitarrak ukitzen uzten ziguten eta flipatu egiten genuen. Zarautzen akaso surfarekin gertatzen da eta hemen gitarra zintzilikatzen dugu lepotik. Orain gure amets txiki bat aurrera eraman dugu, azkenean guk ere bide bat egin dugu eta errespetu bat-edo lortu dugu eta denek baietz esan digute. Aitona, aita eta semea elkartzea bezala izan da ia-ia.

Erromeri taldean aritutakoa zara, Joselu Anayak izango da zuen erreferente garbia akaso Agurain inguruan, baina zuek Tapia eta Leturiarekin egin duzue kolaborazioa. Derrigorrezko galdera: zuretzako ere mito bat da?
Argi eta garbi. Hauek dira Euskal Herriko Michael Jackson. Horiek dira benetako erreferenteak, noski Jackson ere bada, baina hemengoak eta asko ibili direnak, hauek dira. Orain akaso Berri Txarrak esaten duzu erreferente bezala, baina Tapia eta Leturia badira argiak, Elvis Presleyren pare. Oso animatuak dira, ez dira izan erromeria talde soil bat, denetarik egin dute eta musikariak dira eta beti daude jolaserako eta probatzeko prest. Musikari batek musika entzuten du eta gutxitan jartzen ditu trabak.

Tapiak esan zigun pixka bat probokatzeko nahiarekin hartu zutela parte hemen, eta ikusi dugu zer abestu duten.
Bere kantuen hitzak ere oso punkiak dira. Badira rockero arima dutenak Tapia eta Leturia.

Estudioan harremana bikaina izango zen haiekin.
Letuk panderoa hartu zuen eta oso modan dagoen drillaren gainean jo zuen, nahasketan ez zuten mugitu beharrik izan, hori bai dela benetako trapa. Sekulako beat-a du eta biak abestia bideokliperako tokian bertan jo zutenean, bua, ez dut gehiago behar sekulako festa egiteko. Dominatu egiten dute batak panderoa, besteak trikia eta biek ahotsa eta sekulako musikariak dira.

Kantu originala jo duzu erromeria taldearekin?
Ez, guk ‘Festarik festa’ jotzen genuen eta nik abesten nuen.

Tapiak badaki hori?
Ez dut uste, kar-kar.

Akaso kolaborazioa orain bueltan etorriko da.
Ni beti prest.

Sara Zozaya ere izan duzue kolaboratzen ’Konforme’ abestian, bikote baten gorabeherak kontatzeko. Ahotsa modu oso berezian sartu du, ez du akaso bere proiektuetako batean ere gisa horretan abestu, buelta bat eman dio.
Sarak kantuari beste bizitza bat eman zion eta beste bide bat hartu zuen. Bere zatietan bateriak kendu genituen eta berak esan zigun estudioan elkar ikusiko genuela eta sorpresa izango zela abestuko zuena. Estudiora etorri zen eta gauzak oso argi zituela erakutsi zigun, bizitzan ere horrela dela esan dezakegu eta asko ikasi nuen berarekin egon nintzen egun horretan. Oso serio esaten ditu gauzak, konbentzituta, eta esan beharrekoak ondo eta gertuko esaten ditu. Nahiko nuke bera bezala izan zentzu horretan.

‘Kontraesanak’, ‘Konforme’ eta ‘Somos así’ abestietan hipokrita izatearen inguruan hitz egiten duzue. ‘Somos así’ abestiak, gainera, reggae ukitu bat badu. Atzera begira nola ikusten dituzue orduko Gari eta Beñat?
Hori ahal zen moduan grabatu genuen, Beñaten etxean eta berriz grabatzeko nahia genuen, ‘Somos así’ gure lehen kantua zelako. Noski, nahasketa guk egin genuen, desastre samar eta bolumena topera jartzen genuen eta gaizki geratu zen. Orain pozik gaude.

Haritz Harreguyren estudioan izan zarete, ezta?
Gitarrak, bateriak eta ekoizpen pixka bat egin digu. Tipo jatorra da, inplikatuta proiektuarekin eta esan beharrekoa beti oso ondo esaten duena.

Nahasketak berriz non egin dituzue?
Groove estudioan, Alex Ferrer teknikariarekin egin dugu nahasketa. Bartzelonakoa da eta presentzialki ez bagara egon ere oso pozik gaude emaitzarekin.

Distantziara lan egitea zer moduzkoa da?
Ondo, oso azkarra izan da, Alexen gaitasuna sekulakoa delako. Pentsa, ekaina zen eta gure faktura urteko 300.a edo zen eta horrek esan nahi du zeinen azkar egiten duen guztia. Nahasketak egiten oso ona da estilo honetan, nahiz eta rock abestiekin akaso 7. nahasketaraino iritsi ginen.

‘Tururú’ abestian bizi duzun egoeratik ihes egin eta animalia izatearen nahiaz ari zara hizketan.
Maskara kendu eta zure pertsonatik gau batez-edo atera eta beste pertsona batean bihurtzea da hor aldarrikatzen dudana, ordu batzuez edo egun batez, horren beharra sentitzen dut nik eta askok ere ziur baietz.

‘Animali’ ere bide horretatik doa eta Panxo, Zoo taldekoa, izan da hor zuekin abesten. Katalanez leunagoa izan da hitzetan bera zu euskaraz baino ezta?
Bai, bere zatia poetikoa da eta leuna eta nik hortaz orekatzeko letra lizuna gehitu behar izan dut.

‘Manada’-ri zapla ematen dio eta zuek animalia izatea badagoela baina errespetuz da aldarrikatzen duzuena.
Normala den pertsona batek badaki noraino izan daitekeen animalia, non hasten zaren molestatzen edota non dauden mugak. Ni emakumearen ikuspegitik abiatu naiz hemen, espazioak berreskuratzeko eta norbera dela bere gorputzaren jabe gogorarazteko aldarriarekin. Popatik hartzera doazela inguruko denak eta norberak berearekin gozatu behar duela aldarrikatu nahi izan dut.

Zuen kontzertuetan ‘twerking’-ik ikusten al da?
Noski, ikusten da. Baina denetarik ikusten da, saltoak, rock dantzak… baina baita ‘twerking’-a ere. Jendea pixkanaka askatzen joaten da hasieran arrankatzea kostatzen bada ere. Baina orain gauez izango dira emanaldiak eta gure showa horretara bideratzen dugu, jendeak dantza eginaz gorputza mugitu dezan nahi dugu.

‘Zugandik ihesi’ da Pello Armendarizekin kantatzen duzuen abestia. Zer da, zirkulu biziosoa edota erlazio toxikoa bertan aipatzen dena?
Toxikoa bada, bakoitzak ikusiko du pertsona edo sustantzia baten bueltan ari garen, baina toxikoa da. Diskoko balada ‘ñoñoa’ hau dela esan daiteke. Konfinamenduan Skakeitanekoek egin zuten bideoan hartu nuen parte nik, ‘Ezpainetan odola’ abestuz eta harremana dut haiekin.

Azkenean belaunaldi antzekoko taldeak zarete. Sumatzen da belaunaldi aldaketa bat eszenan?
Hauek eta gu elkar ulertzen gara. Skakeitan ere bada olatu berriaren zati argi eta garbia. Ez dakit adin kontua den, musika kontsumitzeko modua den edo zer, baina ikuspegi antzekoa daukagu eta, bakoitzak bere rolloa duen arren, antzeko kodearekin mugitzen gara.

Dagoeneko data batzuk badituzuela esan diguzu, esateko moduan?
Abenduaren 30ean Ondarroako Beikozinin izango gara eta 2022an urtarrilaren 13an Bilboko Kafe Antzokian, otsailaren 4an Gasteizko Jimmy Jazzen, 14an Arrasateko gaztetxean, eta martxoaren 4an  Donostiako DOKAn izango gara. Gero Madril. Zaragoza, Zamora, Segovia, Valentzia eta Murtzian ere izango gara. Ondarroan ‘jaleoa’ egongo da ez? Guk martxa behintzat jarriko dugu.

Non lortu daiteke zuen diskoa?
Eskuratzeko modua gure webgunetik jarri dugu orain, merchandising pixka bat ere badugu bertan. Elkar eta Fnac dendetan jarriko da fisikoan eskuratzeko modua laster eta ohiko plataforma digitaletan ere badago.

Irudiari garrantzia eman diozue, kolore deigarriekin. Komunikazioari sekulako garrantzia ematen dion taldea zarete, estrategia ugari erabiltzen dituzue horretarako. Behin eduki ninduzuen ni ere panpina bati begira.
Hori ere bada musikari izatea, gauzak saltzen, mugitzen eta zeresana ematen jakin behar da.

Zuek egiten duzue hortaz komunikazioaren atal guztia?
Bai, bion gauza da. Asmatzen dugu edo ez, baina guk egiten dugu ia guztia.

Xsakararekin ‘Txiki’ abestian aipatutako diskoteka guztiak ez dituzu ezagutzen ezta, Gari?
Baina Txiki 1982an jaio zen! Herri guztietan dago halakoren bat, ibilia dena, eta izenik eman gabe Txiki deitu dugu. Badakigu nolakoa den eta maite dugu den bezalakoa izanda, nahiz eta herriko xelebrerik handiena izan daitekeen. Haien kondaira guztiak, oraingo gazteok ez dakigula zer ziren diskoteka haietako festak eta abar, askotan entzun ditugu.

Akaso zuek ere izango dituzue halako toki berriak, zaharragoek ezagutzen ez dituztenak.
Bai, hori da.

Xsakarak, gainera, kantuari behar duen iluntasun hori guztia ematen dio.
Xsakara onena da. Esan badut rapeatzen onena Juantxo Arakama dela, Xsakara estilistikoki onena iruditzen zait. Bere musika lehenengoz entzun genuenean aipatu genuen, «hau ere gure musikaren kodean dabil».

Ea orain entzuleren batek Txikiren bat identifikatzen duen.
Adi letrari!

Jaurlaritza Logoa