En directo

Iker GURRUTXAGA

Belakoren freskotasunarekin haizeberrituta geratu zen Sanagustin kulturgunea

Lander Zalakainek aipatu zigun kontzertu aurreko elkarrizketan talde iluna eman arren ongi pasatzen zutela eta beti umore onez zegoen taldea zirela. Bada, ez zuen arrazoi faltarik bateria-jotzaileak. Giro aparta sortu zuten Azpeitian eta jaia bai baina egurra banatzeko tartea ere izan zuten hainbat mezuren bitartez. Kontzertu borobila Mungiako taldeak eman zuena.

Audio_placeholder

Belakoren freskotasunarekin haizeberrituta geratu zen Sanagustin kulturgunea

Loading player...
Belakok abuztuaren amaieran aurkeztuko du bere lan berria, ‘Plastic Drama’. (Gaizka PEÑAFIEL I FOKU)
Belakok abuztuaren amaieran aurkeztuko du bere lan berria, ‘Plastic Drama’. (Gaizka PEÑAFIEL I FOKU)

Freskotasuna, hori izan daiteke Belakoren kontzertua hitz bakarrera mugatu beharko bagenu esango genukeena. Aurreko diskotako kantuak zein disko berrikoak jo zituzten agindu bezala eta kontzertu ederra eskaini zuten Sanagustin kulturgunean. 'NAIZ kontzertuak' ekimenak eredu mistoari hasiera bikaina eman dio modu horretara.

Indartsu ekin zioten gauari nahiz eta Izkander Fernandezek ezin izan zuen guztia nahi bezala jarraitu: «lehen minutuetan nabigatzailearekin arazoak izan nituen, baina jaso nuen lehen planoa izugarria izan zen. Sanagustin sekulako aretotzarra dela ikusi genuen eta benetan ohartu zer nolako tokitan jotzen duten musikariek».

Teknikoki ere atentzioa ematen zuten kontu ugari ikusi zitezkeen Belakokoen artean. Belarri barruan sartzen den entzungailurik ez bateria-jotzaileak izan ezik, gitarra eta soinu-efektu pedal oso bereziak… Soiltasuna nagusi. «Badirudi axolagabeak direla, egiten dutena ondo pasatzeko baino ez dela. Diskoan gauza bat entzun daiteke eta zuzenekoan beste kontu bat da. Baina beren hizkuntza propioa dute eta ikusten eta entzuten den ezer ez da kasualitatez gertatzen» aipatu digu Fernandezek.

Mezu zuzen asko eman zituen Cris Lizarraga abeslariak. «Eliza gehiago kontzertu eta arte areto bihurtu beharko lirateke» edota «ni bisekin ez nago ados, baina rockak hala eskatzen badu, onartu egiten da. Hori bai, gaur, Rockak: 1 – Jainkoak: 0. Esan behar genuen» bezalakoak esan zituzten. Biolentzia matxistaren kontrako mezuak ere eman zituzten eta Lore Billelabeitiak «gora borroka feminista!» ere oihukatu zuen.

Lau gazte hunkitu espero behar genituen eta hala aurkitu genituen. Kontzertua sekulako energiarekin eta giro apartarekin hasi eta bukatu zuten Belako taldekoek. Orain testigua Esne Beltzaren eskutan dago, ea zer gertatzen den ostiral honetan Bermeon.

Jaurlaritza Logoa