En directo

Iker GURRUTXAGA

Huntzarekin Errusiar mendian jolasean

Intentsitate aldaketa askoko emanaldia izan zen Huntza taldeak ostiralean eskaini zuena. Tarte batzuetan erritmo biziak eta besteetan lasaiak. Kontzertu intimoagoa eskaini zuten, bai, baina beren plazako indarraren esentziari uko egin gabe. Proposamen desberdina, baina emaitza ederra izan zuena. Eta ikusi eta entzundakoa partekatzera etorri da MusikHaria saiora Izkander Fernandez.

Audio_placeholder

Huntzarekin Errusiar mendian jolasean

Loading player...
Huntza taldea indarberrituta agertu zen Plateruenan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Huntza taldea indarberrituta agertu zen Plateruenan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ostirala aurretik, 'Bigarren kafea' saioan, esan ziguten kontzertu intimoagoa emango zutela Huntza taldekoek. Eta, hein batean halaxe izan zen Durangoko Plateruenan eskaini zuten emanaldia. Hala ere, kontzertua indarrez hasi zuten eta publikoan zeudenak zein etxean ginenok besaulkietatik altxatzeko nahikoa motibo eman ziguten 'Iñundik iñoare' kantuarekin.

Jendartean adin tarte zabaleko ikusleak zeuden, eta Izkander Fernandezek argi dauka publiko zabalari heltzen direla: «YouTuben ia 20 milioi ikustaldi dituzte pilatuta eta hori ez da edonolako marka», aipatu digu. Hartara, lehenengoz mezua gazteleraz ere eman izana. Ziurrenik jakin bazekitelako Euskal Herritik kanpora dituzten lagunak ere pantailaren bestaldean zeudela kontzertuaren zain.

«Kontzertuan intentsitatez gora eta behera ibili ginen, une gorenak nabarmen geratu ziren eta momentu goxoek presentzia handia izan zuten» kontatu digu Fernandezek. Izan ere, hasierako txinpartatik segituan pasa ginen agindu ziguten kontzertu intimoago hartara. «Taldearen kokatzeko moduak gonbidatzen zuen halako zerbaitetara. Huntza landarea bera ere presente egon zen eta horrek eman zion halako ukitu berezia. Eta ikusten ari ginenoi, plano zenitalak halako freskura bat gehitu zigun, normalean ikusten ez den plano bat delako kontzertuetan» esan digu musika-kritikoak.

Huntzakoek ez zuten gehiegi hitz egin, baina behin eta berriz izan zituzten gogoan bai Euskal Herritik kanpora zeudenak, bai beren inguruan lana egiten dutenak eta baita Naiz ere. Oso eskertuta agertu ziren behin eta berriro eta Izkander Fernandezen hitzetan «pedagogia ariketa garrantzitsua eginarazi ziguten kontzertua ikusi genuenoi».

'Olatu bat' trikitirik gabe kantu bakarra abestu eta gero Jon Gurrutxaga 'Erraiak' taldeko kidearen kolaborazioa etorri zen, 'Naiz kontzertuak' 2020an hasi direnetik egon den lehena. Taldearen lehen diskoan 'Parent(h)esiak' abestian kantatuz kolaboratu zuen eta zuzenean lehenengoz defendatzeko aukera izan zuen itxura guztien arabera, edo horrela ulertu genuen behintzat.

Kontzertua berriz ere dantzarako erritmoetan bukatu zuten Huntzakoek 'Zer izan', 'Buruz behera' eta 'Lasai, lasai' abestiekin. Eta horietako lehena jotzean hobetu ulertu zen gazteleraz hitz egitearena, Mafalda eta Tremenda Jauria taldekoei aipamen zuzena egin zietelako. «YouTubeko bisita horien artean ziurrenik 'Zer izan' kantuak jaso dituenak publiko zabalaren kontzeptua indartzen dute» azpimarratu du Fernandezek.

Huntzak, beraz, erreleboa eman dio En Tol Sarmientori. Talde arabarrak 'Aukera berriak' eskatzen zituen bere azken lanarekin eta horixe da ostiral honetan izango duena, diskoa aurkezteko aukera berri bat. Ea zer dakarten ETSkoek.

Jaurlaritza Logoa