En directo
«Gutxieneko prezioa izoztutako antxoaren bidez lortzen saiatuko gara. Ikusiko dugu gero zer gertatzen den»
Hilabete batez etenda egon da antxoaren kanpaina. Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziak atzo, astelehen goizez, itsasoratu ziren lehen aldiz geldialdiaren ostean. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federakuntzako idazkariak berrabiatzea nolakoa izaten ari den azaldu du NAIZ Irratian, krisiaren ondorioak neurtzeko goizegi dela dio. Gutxieneko prezioari eusteko beharrezkoa bada antxoa izoztu egingo dutela aurreratu du.
«Gutxieneko prezioa izoztutako antxoaren bidez lortzen saiatuko gara. Ikusiko dugu gero zer gertatzen den»
Hilabetez etenda egon ostean aste honetan ekin diote euskal arrantzaleek antxoaren kanpainari. Egoerak behartuta, ordea, protokolo zehatz batzuekin lan egin behar dute. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federakuntzako idazkaria da eta Informazioaren Harian izan da gaiaren inguruan hitz egiten.
Atzo itsasoratu ziren baxurako ontziak hilabeteko geldialdiaren ostean. Zer moduz joan da lehen eguna?
Nik uste dut ondo joan dela. Behintzat ezarritako neurriak eta protokoloak ondo ari dira funtzionatzen. Goiz da ikusteko kanpainak zer ematen duen. Beste kezka bat guretzat errentagarritasunarena da, eta hori lonjan prezio duin bat lortzeak dakar. Oraindik goiz da, antzematen da antxoaren tamaina txikia dela. Freskorako antxoa txikiagoa izaten da. Konserberentzako behar dugun antxoak handiagoa izan behar du, era horretan lortzen baitugu errentagarria izatea.
Zergatik eten zenuten duela hilabete inguru antxoaran kanpaina?
Bi arrazoi nagusirengatik. Alde batetik errentegarritasuna. Denak antxoa txiki hori harrapatzera joango balira gero hortik ez zen errentagarritasunik lortuko. Bestetik, orduan ezarrita zeuden babes neurriak ez ziren nahikoak langileen osasuna bermatzeko.Bi arrazoi horiengatik erabaki zen kanpainaren hasiera atzeratzea. Geldirik egon garen tarte honetan buru belarri egon gara neurriak erabakitzen, protokoloak zehazten edota EPI edo babes jantziak lortzen saiatzen.
Hasiera batean kanpaina apirilaren 13an hastea planteatu zenuten. Astebetez atzeratu duzue ordea. Zergatik?
Gauza asko lortzeko zeuden oraindik. EPIak iritsi gabe zeuden, merkaturatzaileekin hitz eginda ere kezka handia zegoela sumatzen zen gertatuko zenaren aurrean, lan egiteko protokoloak ere garatu gabe zeuden. Atzerapen horrek denbora eman digu nolabait gauzak behar den bezala antolatzeko. Orain egunez egun ikusten joango gara eta neurriak birmoldatu behar badira prest gaude horri aurre egiteko.
Zeintzuk dira moldaketa nagusiak?
Garrantzitsuena dena da portu bakoitzean salmenta puntuetan eta ontziak sartu behar diren lekuetan protokoloak garatu direla. Portu bakoitza ezberdina da eta bere protokolo propioa dauka. Protokolo horretan azaltzen dugu nola ekidin langile pilaketak. Arraina husterako orduan ez dira langile asko izaten lanean eta portu bakoitzak bere lekuak bereizita dauzka deskargatzeko. Lonja barruan ere erosle eta barkuko ordezkari bana sartuko da salmenta gunera. Nik uste protokolo horiek oso garrantzitsuak direla.
Bestalde barkuetan EPIak banatu ditugu. Baten batek zerbait sentitzen badu edo sintomaren bat duela uste badu test-ak egiteko aukera ematen zaie. Test horiek oso zailak dira egiteko, baina behintzat bi pertsonari egin dizkiete gaur. Gainera, badaezpada etxean geratu dira arrantzale horiek itsasora joan gabe. Gainontzekoak aste guztian barkuetan egongo dira bertatik atera gabe eta asteburura arte jendea ez da bere etxera joango.
Merkatuari dagokionez, prezio minimo batzuk jarri dira, eta arraina ezin salduta baldin bagabiltza izoztera eramango da. Europa mailan biltegiratzeko institutua jarri dugu martxan. Duela urte batzuk bertan behera utzi zuten, baina guk aurten berreskuratu egin dugu antxoarentzako prezio minimoa. 2018an Europak bertan behera utzi zuen kontzeptu hori, guk jarraitu egin dugu neurri txikian aplikatzen eta aurten nik uste erabili egin beharko dugula.
Arrantzatzen den produktuak zein irtenbide izango du orain?
Antxoak bi merkatu ditu. Bata freskoa deritzona, etxeetara edo oreka establezimenduetara doana. Establezimenduetara doana guztiz galdu dugu. Etxeetara, ordea, joango da antxoa fresko hori eta espero dugu nolabait etxeetako merkatu horrek maila orekatzea. Kontserberek aldiz antxoa apur bat handiagoa eramaten dute lana egiteko, eta uste dugu aurten zailtasunak izango dituztela.
Hori da gure beldurra, ez dutela edukiko beste urteetan adinako arrain bolumena. Ezin bada saldu, beraiekin hitz egin dugu eta beharrezkoa bada antxoa izoztu egingo dugu. Euskadin baditugu izozteaz arduratzen diren enpresak eta biltegiak, enpresa horiekin hitz egin dugu eta prest daude horretarako. Gutxieneko prezioa izoztutako antxoaren bidez lortzen saiatuko gara. Ikusiko dugu gero zer gertatzen den.
Gizartean dauden beldurrak hor daude. Kanpaina berriari nola ekin diozue?
Gogotsu. Herritarrei gure arrain preziatua ekartzeko gogoarekin. Denon artean egingo diogu aurre.