En directo

Olatz BALDA

Adinduek eman digute aholkua: pasako da, beraz, pazientzia eta umorea!

Ez Karmen Balda, ez Kontxita Beitia ez dira koronabirusaren beldur. Hori bai, segurtasun neurriak betetzen dituzte eta ez dira etxetik ateratzen. Bata Hernaniko etxetik, bestea Zubietako baserritik,  ongi daudela esan digute. Baztango zahar etxean lan egiten duen Izargi Zumarragarekin ere hitz egin dugu, aldea handia da, han oso kezkatuak daude egoerarekin, babesteko baliabide eskasak dituztelako. 

Audio_placeholder

Adinduek eman digute aholkua: pasako da, beraz, pazientzia eta umorea!

Loading player...
Kontxita Beitia
Kontxita Beitia

Euskal Herrian koronabirusak kutsatutakoen ehuneko handi bat adineko pertsonek osatzen dute eta haiek dira, gure aiton amonak, gaixotasun honen arrisku talde nagusia. Karmen Balda eta Kontxita Beitiarekin hitz egin dugu, haien egoeraren berri jakiteko. Aspertu bederen, ez dira aspertzen Balda eta Beitia. Egun osoa gauzak egiten igarotzen dutela aitortu dute biek: etxea garbitu, baratzan ibili, senideekin hitz egin...

Adinekoak dira gaitz honen biktima nagusiak eta Kontxita Beitia hernaniarra eta Karmen Balda zubietarra arrisku taldearen barnean daude duten adinagatik. 77 eta 79 urteko bi emakume hauek etxean bizi dira, eta egoera berri honetara moldatu behar izan dute. Kontxitak, gaitzaren transmisioaren beldur dela aitortu du,  «11 egun daramatzat etxean eta ez naiz inora joan. Beraz, uste dut oso serio hartu dudala». Karmeni, aldiz, arrisku taldean egoteak ez dio kezkatzen, baina neurriak hartu dituela adierazi du, «kutsatzen bagara, kutsatuko gara, baina saiatzen gara etxekoekin bakarrik mantentzen. Kanpoko jendearekin oraindik ez gara egon».

Laguntza sareei buruz galdetzerakoan biak iniziatiba hauek ezagun dituztela adierazi dute. Hernaniarrak gainera, herritarren antolakuntza goraipatu du: «Ofizialki atera baina lehenago ia antolatuta zegoen. Hiru egun aurretik goaz herritarak. Gero mandatariek hori ikusi dutenean haien ideia miragarri bat izango balitz bezala saldu dute. Baina ez, sarea gazteek egin dute. Bihotzetik ateratako auzolana izan da». 

Telefono bidezko bideo-deiak ere arrakasta handia izan dute adinekoen artean, familia ikusten jarraitzeko aitzakia bihurtu baitira. Kontxitak erabili dituela esan digu eta guztiekin hitz egiten duela, «eta ez behin, bi eta hiru aldiz ere bai!». Karmenek aldiz, nahiko traketsa dela dio eta guxiagotan erabiltzen duela, «noizean behin telefonoz hitz egiten dugu. Baina egia esan, oso gutxi. Badakigu denak ondo gaudela eta ez dugu kontaktu berezirik». 

Bi emakume hauen entretenimenduen artean, irakurtzea, irratia entzutea eta telebista ikustea daude, eta ariketa fisikoarentzako tarte bat ere gordetzen dutela nabarmendu dute. Hernaniarrak 1.000 pauso egiteaz gainera, bere alabak bidaltzen dizkion bideoak jarraitzen dituela azaldu du: «Nik dena ezin dut egin baina hasierakoak eta berotze ariketak egiten ditut». Karmenek ordea, leku handiago bat du eta etxeko pareten artean debora gutxi igarotzen duela aitortu du: «Eguraldi onarekin baratzan edo oilotegian nabil». 

Konfinamendua amaitzerakoan zer egingo duten galdetzerakoan Kontxitak argi du paseatzera irtengo dela: «Ordu pare bat edo hiru, eta eguraldi ona egiten badu banku batean eseri eta eguzki pixka bat hartu». Karmenek bizikletan ibiltzea gustuko du eta beraz, «egingo dudan aurreneko gauza bizikletan ibiltzera ateratzea izango da». Aholkuak ere eskatu dizkiegu eta pazientziarekin aurre egiteko dio batek, modu positiboan hartzeko besteak: «txinatarrek eman diote buelta eta hor dugu eredu bat».

Baztango zaharren egoitzan lan egiten duen Izargi Zumarragarekin ere hitz egin dugu. Adinduekin egiten du lan, baina han, egoera oso bestelakoa da. Arduratuak daudela oso, horixe aitortu digu, oraingoz ez dago koronabirus positiborik egoitzan baina aiton amonak 10 egun daramatzate bisitarik gabe eta hori ere nabaritzen da. Bestetik, langileek zama handia daukate, beraiek baitira egoitzan sartzen diren bakarrak. Neurri eskasak dituztela salatu du eta apenas dutela materialik. 

Jaurlaritza Logoa