En directo
«Lizarrako egoera jasanezina bihurtu da eskuineko alkatetzarekin»
Bere burua Lizarrako alkate berri gisa ikusten du Koldo Leoz EH Bilduko zinegotziak. PSNrekin akordioa lortu dute herrian eta zentsura mozioa bultzatuko dute Navarra Sumako alkatearen aurka. «Egoera jasanezina» dela adierazi du Leozek NAIZ Irratian.
«Lizarrako egoera jasanezina bihurtu da eskuineko alkatetzarekin»
EH Bildu, Geroa Bai eta PSNko Lizarrako zinegotziek Gonzalo Fuentes (Navarra Suma) alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute. PSNren herrialdeko zuzendaritzak ez duela akordioa babesten azaldu du, baina Leozek alkate ikusten du bere burua.
Zu izango zara Lizarrako alkate berria?
Hori sinatu dugu bederatzi zinegotziok eta horrela aurkeztu dugu udaletxean, beraz baietz esango nuke.
Noiz sortu da aukera hau?
Maiatzeko hauteskundeak eta gero ikusi genuen PSNren baitan, bere militanteen artean, bazegoela gurekin adosteko korronte txiki bat, sumatzen genuen hori behintzat. Gabonak eta gero areagotu egin zen aukera hori eta hor bai ikusi genuela aukerak zeudela gure artean adosteko eta eskuina alkatetzatik kentzeko. Akordio on hau da horren isla.
Navarra Sumako Gonzalo Fuentes alkate autoritarioa dela diozue, egunerokoan zertan gauzatzen zen hori?
Gurekiko eta beste talde batzuekiko beti ere diskriminazio hori sumatu izan dugu, aurrekontuen harira edo hainbat konturen harira. Azken udalbatzan ikusi genuen, adibidez, zer nolako jarrera autoritarioa duen: udalbatzaren gehiengoak onartutako zerbaiten aurka alkateak hitz hartu zuen, esanez berdin zitzaiola udalbatzak ezer onartzea, berak ez zuela beteko. Horrelako jarreren aurrean argi zegoen zerbait egin behar zela. Ez da soilik jarrera kontu bat, eduki kontu bat ere bada; bederatzi hilabete hauetan paralisia ia erabatekoa izan da. Ez dute proiekturik, ez dute programarik, eta horrela oso zaila da hiri bat zuzentzea eta gainera egoera ekonomiko zail honekin. Jarrera positiboago bat izan behar da eta alkate honek ez du izan.
Zentsura mozioaren aurretik beste biderik saiatu duzue egoera zuzentzeko?
Guk oso arduratsu jokatu dugu batzorde guztietan, sail guztietan modu positiboan proposamenak egin ditugu eta lagundu egin dugu ahal izan dugun guztia, gustatuko litzaiguke hemendik aurera beste aldetik ere gauza bera jasotzea. Baina ez dut uste horrela izango denik, aurreko legealdietan UPNren jarrera beti izan da kontra egitea eta ezer gutxi aprobatzea.
Gu lasai gaude, gure lana ona izan da oposizioan eta orain alkatetzan espero dugu gure lana eraginkorra izatea.
PSN da gakoetariko bat, herrialdeko zuzendaritzak dio ez dutela babesten ez alderdiaren egitura federalek ez herrialdekoek...
Diote ez dutela babesten ez maila federalean ez herrialdekoan; beno, guk beti hitz egin dugu maila lokalaz. Lizarrako PSNrekin lortu dugu adostasuna guk eta orain PSNk bere baitan hartzen dituen neurriak beraiei dagokie eta ni ez naiz sartuko.
Aukera herri mailakoa dela ari zarete nabarmentzen...
Bai, eta horrela hartu behar dugu. Nik ez dakit beste herri batzuetan egoera antzekoak sor daitezkeen, Lizarran aukera ikusi dugu. Lizarrako egoera eskuineko alkatetzarekin jasanezina bihurtu da eta guk egin duguna izan da arduratsu jokatu gure herritarren hobekuntzarako.
Geroa Baik eta Nafarroako EH Bilduk balorazio baikorra egin dute...
Leku eta erabaki guztietan bezala batzuk baikorki ikusi dute eta besteek ez, baina argi dagoena da eskuina gobernutik kentzeko akordio hau ona dela; batez ere, indar ezkertiarrak garenontzat, berdin du zer koloretako siglak ditugun, eskuinak badu gobernatzeko modu bat, atzerakoia. Lizarra paralisian zuten eta akordio honek ahalbidetuko du Lizarrak aurrera egitea sozialki, kulturalki eta aniztasunaren ikuspegitik.
Aurkeztu duzuena akordio programatikoa da, zer nabarmenduko zenuke?
Ahalegin berezia jarri dugu arlo sozialean; etxebizitzan adibidez. Badakigu herritar askok zailtasunak dituztela etxebizitza eskuratzeko edo ordaintzeko. Badakigu, gainera, garai txarrak datozela eta askoz hobeki kudeatuko dugu Udala ezkerretik eskuinetik baino. Gainera, baditugu puntu asko, sail ezberdinetan; mugikortasun aldetik, elikadura burujabetza aldetik, ekonomia zirkular aldetik, parte hartzea... erabateko programa adostu dugu eta uste dut Lizarrarentzat oso ona izango dela.
Ez dut ahaztu nahi arlo ekonomikoa, badakigu Lizarraldean langabezia tasa oso handia dela eta behar ditugu politika aurrerakoiak horri aurre egiteko. Navarra Sumak ez zuen proiekturik eta espero dugu akordioko hainbat puntu aurrera atera ahal izatea, herriak eta merindade osoak aukera berriak izateko.
Euskara ere ageri da akordioan...
Ikusi dugu hasieratik euskal eragileei trabak jarri dizkiola behin eta berriz Udalak. Ikusi dugu Pirritx, Porrotx eta Marimototsen inguruan zer egiteko gai izan diren eta nola onartu duten udalbatza batean ideologikoki aztertu egiten dituztela artistak Lizarrara etorri baino lehen. Horrelako jarrerak ekidin behar genituen eta arduratsu jokatu dugu guk eta baita PSNko kideek ere.