En directo

naiz irratia

Lander Martinez: «Ez da posible gobernu batek ingurumenaren inguruko kontrolik ez izatea»

Legebiltzareko Diputazio Iraunkorrean Zaldibarko auzia landu baino minutu batzuk lehenago izan da Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia NAIZ Irratian. Zaldibarkoan Jaurlaritzak «akatsak» egin dituela azpimarratu du eta ez dela posible «gobernu batek ingurumenaren eta osasunaren kontrolik ez izatea». Hauteskunde deialdia «lasaitasunez» hartu dutela adierazi du. 

Audio_placeholder

Lander Martinez: «Ez da posible gobernu batek ingurumenaren inguruko kontrolik ez izatea»

Loading player...
Lander Martinez, Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia. (Monika DEL VALLEFOKU)
Lander Martinez, Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia. (Monika DEL VALLEFOKU)

Legebiltzarrean Zaldibarko auziaren inguruko saioa hastear zela NAIZ Irratian hitz egin du Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak; «akatsak egin dituzte. Bai noski. Horrelako gauzak ez dira kasualitatez gertatzen», bere esanetan.

Lander Martinezen arabera Diputazio Iraunkorraren saioan aztergai zegoena «gobernu baten lidergo falta eta dilijentzia falta da». Garrantzitsuena, bere esanetan, «ardurak bere gain hartuko dituzten» jakitea dela azpimarratu du. 

Galdera ugari plazaratu ditu Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak, «nola heldu gara horrelako momentu batera? Zergatik daude oraindik bi pertsona desagertuta? Zergatik ez dira oraindik aurkitu? Negligentzia kate handi bat izan daiteke», bere esanetan.

Bere esanetan, Zaldibarkoak bi kudeaketa foko ditu. Batetik, zer egin duen enpresak zabortegi honekin, nola aldatu duen zabortegiaren proiektua. Eta bestetik, ingurumenarekin zerikusia duen gauza garrantzitsu bat. «Gobernuak ez daki zer gertatzen ari den horrelako leku batean. Gobernuak ez daki zabortegi batean 35 urtetako hondakinak 15 urtetan jaso direla. Ezin daiteke izan gobernu batek ingurumenaren eta osasunaren kontrolik ez izatea». 

Hauteskundeei begira

Apirilaren 5eko hauteskundeei begira barne hautaketa prozesua du Elkarrekin Podemosek aurretik. Rosa Martinezen hautagaitza aurkeztu du zuzendaritzak, Lander Martinezek uste du «konfiantza handia» sortuko duela hautagaitza honek, «oso ezaguna da eta beraz proiektu bezala proiektu interesgarria aurkezten dugu Podemos Euskadirentzat primarioak irabazteko».

Rosa Martinezekin lehian Miren Gorrotxategiren zerrenda aurkeztu da, azken honek PSE eta EH Bildurekin akordioak lortzeko bidea lehenetsiko duela aurreratu du. Lander Martinezek uste du hori ez dagoela ezbaian euren alderdian, «eztabaida politikoa halakorik ez dagoen lekuan jarrita ez dugu asko aterako». Bere gidaritzapean lortu diren antzeko akordioak balioan jarri ditu Martinezek. Hala ere, bide hori jorratu ahal izateko nabarmendu du EH Bilduk eta PSEk «argitu» egin behar dutela zer aliantza lehenesten dituzten, «gu gabe zaila izango litzateke halako akordio aurrerakoiak lortzea». 

Espainiako Gobernuan PSOEk eta euren alderdiak abiatu duten bide berriaz baikor hitz egin du Martinezek, «Gobernuak argi izan du ekintzari ekin behar diola, erabakiak hartu behar dituela eskuinera begiratu gabe, beraien mehatxukerian erori gabe». Denbora gutxiko bidea daraman arren, hainbat erabaki positibo hartzen ari direla dagoeneko nabarmendu du.

Jaurlaritza Logoa