Amaia Martinez (Itsas Salbamendu Humanitarioa): «Lehorreratzeak protokolizatuta egongo balira, ez litzateke horrenbeste arazo egongo»

Aita Mari erreskate ontziak 93 pertsona aurkitu eta erreskatatu ditu igande honetan Mediterraneoan. Horietako 37 adingabeak dira, eta hiru emakume haurdun daude. Orain, horiek lehorreratzeko portu seguru bat lortzea espero du tripulazioak. Ontziaren arduraduna Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundea da, eta bertako kide Amaia Martinez Corderorekin hitz egin dugu egoeraz.

Loading player...
Naiz Irratia|10/02/2020
Aita-mari
Aita Marik erreskatatu dituen haurretako bat. (Pablo GARCIA/AFP)

Aita Marik erreskatatu dituen pertsonen artean 18 emakumezko daude, horietako hiru haurdun, 13 haur, 24 gazte eta 40 heldu. Datu hauek eman ditu Amaia Martinez Corderok, Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak. Aita Marirekin komunikazio arazo handiak izaten ari direla ohartarazi digu, baina jakin ahal izan dute erreskatea arazorik gabe burutu zela.

Portu seguru baten zain dira une honetan; artean ez dute lehorreratzeko baimenik, baina Martinezek azaldu duenez, Italia edota Maltarengan dituzte esperantzak jarriak: «Ontzitik gertuen dauden portuak izateaz gain, lehen ere ez ditugu arazoak izan horietan». Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak esan duenez, duela ordu gutxi Italiako ministro batek adierazpen batzuk egin ditu lehorreratzearen inguruan, eta hasiera batean ez du eragozpenik jarri.

Porturatze baimenak asko luzatzen direla eta, Martinezek dio kontu hauek «protokolizatuta» egongo balira askoz ere errazagoa izango litzatekeela guztia, «ez litzateke horrenbeste arazo egongo, eta azkarragoa izango litzateke». Gainera, Martinezek gogoratu du «pertsona batzuen biziarekin» jokatzen ari direla, «ez politikarekin». Erreskatatzen dituzten pertsonen egoera «oso kaskarra» dela ziurtatu du, «oso gaizki pasatzen dute, gauza oso serioetaz ihes egiten dute eta gure laguntza behar dute».

Itsas Salbamendu Humanitariotik eskaera egin diete Europako agintariei salbamendu gailu bat mantendu dezaten iraunkorki. «Moralitate kontua da. Beti berdina esaten dut: nik zer nahi nuke nirekin egitea? Nola nahi nuke niri laguntzea?», azpimarratu du Martinezek. Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak gogorarazi du gure arbasoak beste herrialde batzuetara joan zirenean, laguntza jaso zutela, eta gu ere horretara iritsi beharko ginatekela azpimarratu du. «Guk jartzen ditugu mugak, lurrak ez dauzka mugarik», segurtatu du.     

Abenduan eta urtarrilean Aita Mari itsasontziaren mantentze-lanak egin ondoren, erreskate ontzia joan den urtarrilaren 30ean itsasoratu zen Atenasko Pireo portutik.

NOTICIAS RELACIONADAS

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia