En directo

Naiz Irratia

Amalur Alvarez (Gure Esku): «Ez diogu inungo beldurrik eskubide eta askatasunak aldarrikatu eta gauzatzeari»

Euskal Herria Kataluniako prozesuari emanten ari den erantzunarekin pozik mintzatu da Amalur Alvarez, Gure Eskuko eleduna. Bihar Donostiako kaleetan egingo den manifestazioa oso potentea izango dela ziur da. Aurreratu duenez, Lluis Llach mobilizazioan egongo da.

Audio_placeholder

Amalur Alvarez (Gure Esku): «Ez diogu inungo beldurrik eskubide eta askatasunak aldarrikatu eta gauzatzeari»

Loading player...
Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez, Gure Esku Dagoko bozeramaile berriak izendatu zituzten martxoan. ©Gure Esku Dago
Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez, Gure Esku Dagoko bozeramaile berriak izendatu zituzten martxoan. ©Gure Esku Dago

Kataluniako presoen kontrako bai epaia eta bai prozesu judiziala arbitrariotasunez beteta izan da, Amalur Alvarezen esanetan. Gure Eskuko eledunak presoei eskubideak urratu zaizkiela eta larrialdi demokratikoa azaleratu duela uste du: «epaia onartezina da Gure Eskurentzat; eta arduragabea Espainiar Estatuaren partetik. Sententziak manifestazio eta ideologia askatasuna mugatzen du, kriminalizatu. Egungo oinarriak dira eta Estatu batek horiek bermatu beharrean urratzea larria da».

Are gehiago, sententziak burujabetza asmo oro «zapuzteko asmoa» du Amalur Alvarezen ustez. Alabaina, «bozkatzeko eskubidea bozkatuz egikaritzen da», esan du. Hautestontziak jartzeko horrek ekar ditzazkeen mugez galdetuta, «ez diogu inungo beldurrik gure eskubide eta askatasunak aldarrikatu eta gauzatzeari». Gaineratu duenez, «Gure Eskuren asmoak berresten ditugu: burujabeak izateko eskubidea dugu, legezko erreferenduma nahi dugu Euskal Herrian eta hori da gure bidea».

Katalunia eredu da Gure Eskurentzat, baina argi utzita Euskal Herriak bide propioa egin behar duela. Biharkoa izan daiteke horren adibide, eragile politiko, sozial eta sindikal anitzek bat egin baitute manifestuarekin; eta beraz, manifestazioarekin. «Hemengo gehiengo zabalaren elkarpuntuak balio demokratikoak dira, era librean erabaki nahi du gehiengoak» uste du Amalur Alvarezek.

Manifestaziotik edo erantzunetik haratago, eragile politiko eta instituzionalen «bat egitea» da mugimenduaren asmoa. «Herri ekimenaren bidez, burujabe izan nahi duten eragile guztiek zoru komun bat eraiki eta sektore guztietan erreferendumaren aldeko herri ekimena bultzatu nahi dugu» amaitu du.

 

Jaurlaritza Logoa