En directo
Asteburu honetan egingo den Nafarroa Oinezek hainbat helburu ditu Argia Ikastolako presidentearen esanetan. Batetik euskal kultura, euskararen normalizazioa eta D ereduan gurasoek haurrak matrikulatzeko aukera sustatzea; bestetik, marko pedagogiko berria instalatzen ari dira eta horri bultzada ematea; hirugarrenik, legeak eskatutako kirolgunea egiteko zorra arintzea; eta, azkenik, ikastolak berak behar dituen mantentze lanak egitea.
Igandean Errigora ekimena omenduko du Argi ikastolak, nekazariak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak uztartzeagatik eta bide batez euskara Erriberan bultzatzeagatik. Hasieratik, 2012an Errigora martxan jarri zenetik, Tuterako ikastola elkarlanean aritu zen. Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIEk) berriz Dani Lopez omenduko du euskara Erriberan indartzeko egindako lanarengatik.
3 kilometro pasatxoko ibilbidean lau gune izango ditu Nafarroa Oinezek. Goizean hasi eta arratsaldera arte, adin guztientzako eskaintza prestatu dute. Eguraldia lagun, «aitzakiarik ez Tuterara ez etortzeko», Maru Erizek aipatu duenez.
Lizarrako ikastolak hartuko du Nafarroa Oinez datorren urtean antolatzeko ardura.