‘Attä’ lan berriarekin bira bat eman dio bere musika proiektuari Sara Zozayak
Lau abestiz osatutako disko laburra da Sara Zozayaren lan berria, ambient estiloko musikan oinarritzen dena. Aloud Music zigiluarekin publikatu du lana eta bakarka izango da kontzertuetan.
This browser does not support the audio element.
Intimoagoa edo pertsonalagoa, ez dakigu nola definitu Sara Zozayak urte hondar honetan kaleratu duen ‘Attä’ lan berria. Donostiarrak nebulosa handi baten barruan sortu ditu lau abestiak edota lau abestiek nebulosa erraldoi bat osatzen dutela esan dezakegu. Ambient estiloan, atmosfera gaseoso bat duten kantuak dira, gitarra eta sintetizadorek lagunduta, perkusioko elementurik gabe.
Ez da erreza ulertzea halako sotiltasun batek lor dezakeen emozioen gorabehera nolakoa den, izan ere, horretarako, disko hau aurkezten duen zuzeneko batetara joatea litzateke onena ezbairik gabe. Bisualek garrantzia handia hartzen dute eta musikak soilik hartzen du protagonismoa soinuan, Zozayak lana aurkezten duen denboran ez baitu hitz bat bera ere egiten.
Barne unibertsora bidaiatzea gonbidatzen duten kantuak dira, hitzek ez baitute luzera askorik, baina bai esanahi sakona. Tartean, Castillo Suarezen soinurik ere badago. Alejo Orbegozo, ‘Ke lepo’ izan da Zozayarekin ekoizpen lanetan eta lan egiteko modua ere berezia izan dela nabarmendu du donostiarrak. Nahasketak eta masterizazioa, berriz Eñaut Gaztañagak egin ditu. Joseba Eskubiren artelan batetik abiatutako azala darama diskoak eta hori guztia Aise Studiokoek diseinatu dute.
Bilbon eta Durangon aurkeztu ostean, Bartzelonako Vol aretoan izango da datorren abenduaren 12an, eta, datorren urtean, abuztuan, Zozayak asko miresten duen Arc Tangent Festivalen izango da, Bristolen, Galesen. Tartean, etorriko dira data gehiago ere eta, bitartean, entzun diskoari buruz MusikHaria saioan kontatu zizkigunak.