Zuzenean

Musikariek eta idazleek hamarkadak daramatzate elkarlanean. Praktika hau zinez logikoa da: musikari batek bere hitzak idatz ditzake, jakina, eta horretan (ere) iaioa izan; baina zein ederra den hitzetan benetan fina den batek musikariaren emozioak bertso bihurtzen dituenean! Euri asko egin du ‘Ez dok amairu’-ren bueltan zebiltzan kantautoreek Gabriel Arestiren poemak euren melodiak janzteko erabiltzen hasi zirenetik; eta, gaur egun ere, praktika horrek bere horretan jarraitzen du.
Aipatutako Arestik, Atxagak edota Sarrionandiak Mikel Laboa, Oskorri edota Ruper Ordorikarekin egindako elkarlanetatik abiatu, erdi-bidean Jon Maiak edota Itxaro Bordak Negu Gorriak, Gozategi edota Hertzainak-i idatzitako hitz bikainetatik igaro, eta gaur egungo panoraman dauden sinergia interesgarriekin amaituko dugu. Azken hauetan, emakumezkoen arteko binomioek pisu nabaria izango dute: Castillo Suarezek Sara Zozayari idatzitakoak, Leire Vargasek Eta Oihana Aranak Olatz Salvadorri egindakoak, edota Rakel Pardok Arima Souli eskainitakoak, besteak beste.
Badakit entzule askok lehenik melodiari eta, gerora, hitzei erreparatzeko ohitura dutela. Bada, gaur da eguna ohitura hori irauli eta, lehenik, abestien hitzekin gozatzeko!



