IRRATIA

Xatiro eta galtzaile izatearen gogoetak ‘Losers’ diskoan

Unai Hernandez Unda da Xatiro eta bilbotarrak lan luzea kaleratu berri du. Single sorta bat bazuen eta abesti berri batzuk gehituta, hamar abestiz osatutako albuma plazaratu du. Ruben G. Mateos ekoizlea bidelagun izan du beste behin eta rap mundua poparekin uztartu du hitz zorrotzez josita.

Xatirok gogoetarako tarte zabala eskaini digu ‘Loser’ disko berriarekin. (XATIRO)

This browser does not support the audio element.


Andrea Ganuzaren azal dotorea darama ‘Losers’ Xatiroren disko berriak. Deigarria bezain deskriptiboa dela esan dezakegu, izan ere ikusten diren hainbat elementuk zuzen-zuzenean garamatzate bai Bilbora eta baita ‘loser’ bat zer den ulertzera ere.

Hamar abesti idatzi ditu Xatirok disko honetarako, batzuk zubi moduan datozen abesti laburrak eta beste batzuk pausa gehiago eskatzen dutenak. Baina denak ere barraz beteta eta barra bakoitza zorrotz datorrela ere esan dezakegu. Kanturen batzuetan hip-hop eta rap klasiko eta oldarkorragoa, beste batzuetan gogoeta gehiago eta unibertso eta atmosfera fantasiazkoagora eramango gaituenak.

2020an sortutako abestiren bat bada diskoan, eta, ondorioz, bost urtez ondutako lana dela esan dezakegu. Musika industriari, kapitalismoari, Bilboko eraldaketari, drogei, egoera gogorren aurrean gizarteak duen jarrerari… egurra ematen dio Xatirok. Umorez askotan, umore beltzez gehienetan, baina egia borobilak esanaz gehienetan. 

Ruben G. Mateos ekoizlearekin aritu da lanean eta instrumentu gehienak modu organikoan jota daude, oinarriak bien artean sortu dituzte, beraz. Kolaborazioen artean daude DJ Zeus eta Monsieuer Lecrêpe, bi kantu dotoretan gainera, ‘Chinny chin-chin’ abestian eta ‘Dantza dezagun’ kantutzarrean. 

MusikHaria saioan kontatu digu prozesu guztia eta kantu bakoitzaren atzean dagoena Xatirok.