Zuzenean

Hamar abestiz osatutako diskoa da Mutikok kaleratu duena. Drilla, jersey beat-a, lo-fi mundua, hip-hop estiloko erritmoak, drum'n'bass klasikoagoa… denetarik dute bere abestiek. Kolaborazio ugari ere batu dira diskora, hala nola, Vazkez, Txuso, Maixa eta Malakias edota Dizzy izan dira diskoan parte hartu dutenak. Batzuetan zikinago, bestetan garbiago. Zerua eta infernua batuz, nolabait ere.
Hitzetan berriz, denetariko kontuak pilatu ditu Mutikok, hogei urte betzearen bueltan sortzen diren kezka eta burutazioak jaso baititu ‘Sad 20's’ diskoan Aramaioko musikariak. Bakardadeari, esperantzari, drogei, musika industriak sortzen duen antsietateari, maitasun harremanek sortzen dituzten egoera desberdinei edota bizitzari berari egindako hitzak dira kantuetan topatu daitezkeenak.
Zuzenean ere ari da diskoa aurkezten mutiko, hala nola, Bergarako edota Barañaingo jaietan izan da. Asteburu honetan, uztailaren 5ean, etxean, Aramaioko jaietan izango da Fanerekin oholtza partekatuz eta gerora etorriko dira gehiago ere. Bitartean, diskoa entzun dezakezue plataforma digitaletan edota MusikHaria saioan berarekin izan genuen elkarrizketa ere bai. Luze eta zabal aritu ginen diskoaz, sorkuntza prozesuaz eta etorriko denaz.



