Kolektibo egonkor eta eraginkorren erronkak
Amillubi etxalde agroekologikoan udaberri festa izan zuten maiatzaren 10ean eta etorkizuneko elikaduraren inguruko gogoeta egitea izan zen ardatz nagusietako bat. Horretarako, Ereindajan, Eztibeltza eta Eskubaratz kolektiboak gonbidatu dituzten agroekologiako antolaketaz hasunartzeko.
This browser does not support the audio element.
Agroekologiako antolaketa-kolektiboko esperientziak solasean jarri zituzten hiru kolektibo Amillubi etxaldean. Pasa den maiatzaren 10ean izan zen hori, udaberri festan. Bertan izan ziren Ereindajan-eko Ainhoa Narbaiza, Eztibeltza-ko Xabi Torres eta Eskubaratz-eko Asier Garai.
Bergara mailan lanean ari den kooperatiba da Ereindajan. Ardatz beraren bueltan, egitasmo eta eragin-eremu desberdinetan hartzen du parte eraldaketa soziala eta elikadura burujabetza garatzeko. Eztibeltza kooperatiba, berriz, izenak besterik iradoki badezake ere, sagarraren kulturan mugitzen den eragilea da. Sagarraren bueltan, arlo kulturala oso presente duen ekimen agroekologikoa da, Baztanen kokatua. Eskubaratz, aldiz, batez ere ortugintzan ari den proiektua da, Arrasaten. Dozena bat urte dituen proiektua da Eskubaratz eta sektoreari begira, lan baldintza txukunak dituztela esateko moduan omen dira, horretan lan asko egin ondoren, jakina.
Kolektibotasunak dituen zenbait bereizgarri aletu nahian aritu ziren Olaia Blanco moderatzailearen gidaritzapean eta proiektu kolektibo eta ahalik eta horizontaletan suerta daitekeen erronka handi bati heldu zion hasterako: erabakiguneei. Non daude erabakiguneak? Bazkide-langile, bazkide-laguntzaile eta bestelako figurak biltzen dituzten kooperatibetan nork zer erabaki zehaztea ez da erronka makala izaten eta hitza hartu zuten Narbaizaren eta Torresen esperientziak bat zetozen: erabakimena langileek dute. Narbaizak zehaztu zuen eguneroko erabakiak langileenak direla eta Batzar Orokorrak eta ezohiko batzarrak baliatzen dituztela erabaki ideologikoak hartzeko.
Horrez gain, talde bakoitzak bere ekarpen foroa du, hau da, nolabait, denek dute iritzia emateko eta ekarpenetarako leku bat. Kolektiboan, askotan, erabakiak hartzea zaila dela argi du eta, horregatik, gakoa espazio desberdinak modu eraginkorrean koordinatzea delakoan dago.Torresek gehitu zuen «dimentsio humanoa» duen taldea dela Eztibeltza eta ezinbestekoa dela bazkideen zein langileen ekarpenak jaso ahal izatea eta, era berean, ez dela berdina bazkide bezala iritzia ematea eta zure eguneroko ogia jokoan dagoela erabakiak hartzea.
Kolektibotasuna
Kolektiboak jardutea erabaki egiten da, bai, baina hein batean. Garaik azaldu zuen testuinguruak ekarri dituela egun dauden tokira eta erronka handietako bat dela «benetan horizontala izango den eta jakintzak partekatuko dituen lan eremu bat sortzea». Prozesu motela da baina, etorkizunera begira, merezi omen du jakintzat ematen zituzten gauzak birpentsatzeak. Lanak hobeto banatzea ere errazten duela dio Eskubaratzeko kideak.
Eztibeltzako kidearen esanetan, kolektibotasuna hautu ez ezik, beren alternatiba bakarra izan zen indibidualtasunetik ateratzeko bide baten bila. Gainera, kolektibotasuna problematizatzearen harira, ñabardura bat ere egin zuen: «Gauzak indibidualki egiteak ere baditu bere problemak».