Zuzenean

Amillubi baserri agroekologikoko udaberri festan sektorean ezinbestekoak diren bi gai landu zituzten: batetik, proiektuen kolektibotasuna eta, bestetik, erreleboa. Hain justu ere, bi gaiak erabat lotuta daudela ikusten dute amillubitarrek. Zer dela eta? bada, proiektu agroekologikoetan egitura kolektiboak aukerak zabaltzen dituelako eta erreleboa hartzerako orduan kolektiboki antolatzeak hainbat erraztasun ekar ditzakeelako. Horrela, garai desberdinean dauden hiru proiektu elkartu zituzten Amillubiko estalpean: Xabier zabalza, erreleboa gauzatu duen Bizkaiganetik, erreleboa hartu duen taldeko kidea bera; Ana Iriarte hutsetik hasi zuten Baztango Xurietik; eta Gregorio Zuaznabar erreleboa emateko sasoian dagoen Sarobe baserritik. Erreleboaren aferak hamaika ertz ditu, hamaika arrazoi eta bereizgarri, eta, horregatik, esperientzian oinarritutako solasaldia da hiru nekazariena. Besteak beste, hizpide dituzte erreleboa eman edo hartzerako orduan topatu dituzten eta topatzen ari diren zailtasunak eta, horri begira, landu dituzten irtenbideak.
Erreleborik ezean, zer?
Zuaznabar erreleboa ematear da. Gurasoen segida hartu zuen baserrian eta, etxean berea hartuko duenik ez dela eta, kanpoan ari da bila. Kezkaz begiratzen dio erreleboaren gaiari, jakin bai baitaki nekazaritza ez dela esparru erabat erakargarria eta ingurura begiratu besterik ez baitu segida eman ezin izan duten baserriak ikusteko.
«Bizitza pasa dugu baserrian baina ohartu gara ez garela betiko», dio Zuaznabarrek eta, erreleboaren bueltan, batez ere, kezkak dituela, oraingoz, ez baidute inor segida hartzeko. «Zer pasako da lurrarekin? baserriarekin?», kezkak badu oinarririk, izan ere, bailaran bertan ikus dezake nola joan diren baserriak hustutzen, zatitzen, bizikidetza arazoak ugaritzen eta ez luke bere baserria egoera horretara eraman nahi. Nekazaritzak izan dezakeen «erakargarritasun faltak» eta «nekazaritzara atxikitzeko zailtasunek» ere kezkatzen dute eta, horregatik ari da baserriaren transmisioaren gaineko informazioa biltzen.
Hiru hortzeko sardea.
Iriartek hiru zailtasun multzo nagusi identifikatu ditu: Lurrera sarbidea, exijentzia ekonomikoa, eta burokrazia. Baztango Xurie abiarazteko ez zuten lurrik ez eta lurrak erosteko gaitasun ekonomikorik ere, beraz, topatu zuten irtenbidea izan zen lurrak alokatzea. «Kosta zaigu alokatzeko lurrak bilatzea, gainera, alokairu luze xamarra behar dugu –25 urtekoak lortu dituzte– eta ez dago erraz». 4 partzelatan banatutako 3 hektarea alokatzea lortu dute.
Bigarren zailtasuna da zailtasun ekonomikoa. «Hasieran behar duzu inbertsioa landareak, egiturak, upategia… egiteko baina mantentzeko orduan ere kostuak badaude». Luzerako proiektua da mahastizaintza eta, jakina, uzta biltzen hasi arte beste diru sarrera bat eta nola mantendua eskatzen du. Zenbait diru-laguntza jasotzeaz gain, ekoizpenean hasi arte bietako batek (Baztango Xurie bi kidek osatzen dute) kanpoko lan bat izatea erabaki zuten eta, egun ere, kideak irakaskuntzan jarraitzen du jornada murriztu batean.
Hirugarren zailtasuna da burokrazia. Faltan sumatu dute departamentu egoki bat, gidaritza burokratikoa. «Egin beharreko tramiteen argitasuna faltan sumatzen dugu. Burokraziarekin atzera eta aurrera gabiltza aldiro, administrazioak eskakizun handia ditu eta informazio bera hainbat modutan aurkeztu behar izaten dugu» eta, horrek, denbora inbertsioa ere badakar. «Administrazioa pentsatuta dago eredu industrialean dabiltzanentzat eta proiektu txikiak, prozesu osoa egiten dutenak, ekologikoan gabiltzanak… ez gara inon sartzen». Ez du bidezkoa ikusten 5.000 litro ekoizten dituenari eskatzea 500.000 litro ekoizten dituenari eskatzen dioten dokumentazio bera eta aldiro eztabaidatu beharra.
Lan kolektiboari garrantzia handia ematen diote eta horren adibide da Baztanen sortu duten elkarlaguntza sarea. «4 ekoizle txiki elkartu ginen, arlo desberdinetakoak –mahastia, arrautzak, esnea, txerriak– eta pertsona bat kontratatu dugu garai klabeetan proiektu bakoitzean lagundu dezan». Bakoitzaren beharren araberako egonaldiak egiten ditu etxalde bakoitzean eta hala lortzen da langilea urte osoan soldatapean egotea.
Errelebo integrala.
Zabalzak, berriz, erreleboaren nolakotasunean egin du bereizketa, posible baita proiektuaren beraren erreleboa ematea, instalazioen erreleboa edo errelebo integrala. Hirugarren hori da Bizkaiganen egin dutena.
Eurenaz gainera, filosofikoki bat ez datozen proiektuen erreleboari ere begiratu beharra mahai-gaineratu du. «Erreleboa eman behar diegun proiektu asko porrot egindako modelak dira, modelo industrialetik datozenak. Horiei ere eman behar zaie erreleboa, kapital handia dago hor eta erronka handia da hori. Modeloarekin ez gaude ados baina instalazioak instalazioak dira».
Euren kasuan, jarraikortasuna eman diote proiektu osoari eta zailtasun nagusi izan dute instalazioak zaharkituak egotea eta berritu behar izatea. Instalazioak zahar-berritzean, bestalde, argi izan zuten ez zituztela beraientzat egingo, baizik eta sektorearentzat. «Diru publikoa jaso dugu eta ulertzen dugu diru hori ezin dela pribatizatu, beti publiko mantendu behar dela». Estatutuak egin dituzte eragile eta sindikatuekin batera eta, horietan dioena da, nahiz eta proiektuaren kudeatzaileak izan, ez direla jabeak eta modu agroekologikoan erabiliko duen edozein proiekturen eskura egongo dela. Eredu publiko-pribatua, industrian baliatu izan dena, lehen sektorera eramangarria iruditzen zaio Zabalzari. «Poligono industrialak egin diren bezala, eredu publiko pribatua modu ordenatuan sustatu behar da lehen sektorean iraunkorra izango den nekazaritza eredua sortzeko». Bukatzeko, norbere proiektuetatik abiatuta, perspektiba makroa defendatu du: «herri oso bati eman behar diogu jaten modu agroekologikoan».
Zuaznabarrek ere, Iriarteren eta Zabalzaren antzera, etorkizuneko antolaketa kolektiboa izango dela uste du eta, gainera, horrek ate asko irekiko dituela sektorean ezagutzen dituzten lan-baldintzak hobetzeko eta komunean duten helburuari erantzuteko: bertan biziz, herria modu agroekologikoan elikatzea.