IRRATIA

Power duoak, edo abestiak lau eskurekin jotzeak dakarren sinpletasun bikaina

Denok dakigu musika proiektu bat aurrera ateratzea ekonomikoki garestia dela. Horrexegatik, ohikoa izan da dirua aurrezteko tendentzia berriekin topo egitea: looper pedala erabiltzen duten bakarlariak, proiektu akustikoak, power duoak… azken horien eremua aztertuko dugu atal honetan.

Donostia. Stop War jaialdia. Niña Coyote eta Chica Tornado irudian. (Gorka Rubio )

This browser does not support the audio element.


Power duoak bikote musikal batek osatutako proiektuak dira, zeinetan bi musikari horiek diren abesti guztiak interpretatzen dituzten bakarrak. Power aurrizkiak ingelesez boterea esan nahi du, eta beraz, bikote artistiko hauek normalean bateriaz eta instrumentu distortsionatu batez osatu ohi dira: gitarra edota baxua, kasu gehienetan, baina baita batzuetan teklatua ere. Bi pertsonaren artean interpretatu beharreko abestiak izanik, sinpletasuna da hauen ezaugarrietako bat, baina kontuz: abesti bat sinplea izateak bikaintasuna eskatzen du.Gaurkoek hori soberan dute!

Gauzak horrela, gaurko Ad Libitumeko saioa deskarga elektrikoz beteko zaigu, eta bai Euskal Herrian, bai nazioartean topa ditzakegun power duo berezi batzuez hitz egingo dugu: gurean Niña Coyote eta Chico Tornado, Kuartz, The Free Tangas, Joseba B Lenoir duo, Silitia edota Habi, eta nazioartean, The White Stripes, Royal Blood, Bala eta 2010. hamarkadan formatu honen sukar berria ekarri zuen bikote bat, The Black Keys.

Saioaren azken tartea, power izan gabe, Euskal Herri mailan azpimarragarriak diren beste bi bikoteren abestiekin osatuko dugu: Eire eta Napoka Iria. Musika lau eskuekin egitearen magia dakarkizuegu gaurkoan.