IRRATIA
Interview
Aiora Renteria
Zea Mays taldeko abeslaria

«Konturatu gaitezen zer nolako momentua bizi dugun»

‘Elektrizitatea’ kantua ezaguna da Euskal Herrian eta ez da harritzekoa, 25 urteko bidea egin baitu Zea Mays taldearekin. Hasierako gitarra doinu horretatik hasi eta bukaeraraino harrapatzen gaituen kantu horietakoa da eta mende laurdena ospatzeko bertsio berezi bat aurkeztu du Errekaldeko taldeak.

Egun berean elkartu ziren ‘Elektrizitatea’ kantua grabatzeko parte hartu duten emakumeak Urdulizko Tio Pete estudioan. (ZEA MAYS)

This browser does not support the audio element.


Azken egunetan ikusi ditugun irudietan jakin dugu ondoan emakume sorta luzea izan dutela eta ostiral honetan denon eskuragarri jarriko dute plataforma digitaletan. Bideoklipa ostegun arratsalde honetan kaleratu da eta gauerdian plataforma digital guztietan zabaldu. Aiora Renteria, ordea, eguerdian izan da NAIZ Irratiko uhinetan kantuari buruzko xehetasunak kontatzen.

Parte hartu dutenen zerrenda luzea da: Afrika Bibang, Ane Barcena, Ane Barrenetxea, Eider Iturriaga, Eire Maia, Eire Salegi, Elena Caballero, Esti Markez, Ianire Aranzabe, Iholdi Beristain, Itziar Ituño, Izaro Alzaga, Izaro Andres, Janire Lopez, Jone Laspiur, Josune Arakistain, Kattalin Barcena, La Basu, La Furia, Libe Kortazar, Lide Hernando,Lola Guerricaechebarria, Maite Santamaria, Mamen Rodrigo, Maren Berzosa, Maria Blanco, Natalia Garmendia, Natalia Perez, Nerea Loron, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Sara Zozaya, Uxue Amonarriz, Zaloa Urain eta Zoe Igartiburu. 

Horiez gainera, Fernando Velazquezek zuzenduta Bilbao Orkestra Sinfonikoko kideak ere aritu dira eta abestia Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu dute Jose Lastra teknikariarekin.

Kantuaren moldaketa berria egin duzue, aurretik ere bai baititu bertsio batzuk. Pandemian Euskadiko Orkestrarekin izan zineten Piti eta biok, orduan akustikoan. Orain berriz ere Fernando Velazquezekin elkartu zarete, baina talde osoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean.

Eginda zegoen aurretik lana esan duzun bezala, baina oraingorako gure plana zein zen kontatu genion, zati batetarako soilik behar genuela orkestraren zatia eta berriz ere konponketa bat egin zuen, ideia asko gustatu zitzaiolako. Bertsio honen gauzarik bereziena ez baita Zea Mays edota BOS egotearena, baizik eta 33 emakume abeslari daudela gurekin batera da. Sekulako bertsio berezia da. Gu oso hunkituta gaude horrekin. Halako ideia zoro bat izan zen eta aurrera eramatea lortu dugu.

Esan duzun moduan 33 emakume batu zarete, baina ideia norbaiti piztu zitzaion. Nolakoa izan da hau guztia koordinatzea?

Hasieran diskoaren 25 urteak zirela eta zer egin eta zer ez pentsatzen ibili ginen eta modu potente batean ospatu nahi genuen. Brainstorming batean ibili ginen gora eta behera eta sasoi hartan ‘We are the world’ dokumentala ikusten ibili ginen. Bada, hortik etorri zen ideia eta ‘Elektrizitatea’ gure ‘We are the world’ propioa bihurtzeko nahia piztu zitzaigun. Hortik abiatu, eta, argi izan genuen emakumeekin egingo genuela ideia aurrera eramango bazen. Lan handia izan zen, baina erreza izan zen guztia. Jendearekin kontaktuan jarri orduko oso azkar hasi ginen baietzak jasotzen. Agendak batzea izaten da hor zailena, baina hilabete batzuetan lanean ibili ostean, jendearen aurretiko jarrera ona lagun, nahikoa erraza izan zen guztia.

Pila bat jende dago, baina beste asko geratu dira kanpoan. Batzuk ez ditugulako abisatu, ez baitzegoen nahi beste emakume batzeko azpiegitura eta aukerarik, baina beste batzuk ezin zutelako. Konturatzerako 33 batu ginen, baina auskalo zenbat batzeko aukera izan zitekeen. Konturatu gaitezen zer nolako momentua bizi dugun halako proiektu erraldoi batean ere jende asko kanpoan geratu behar bada. Artistaz beteta gaude eta hori disfrutatu beharra dugu. Inportantea zen denak egun berean eta batera egotea eta sekulako jaia izan zen, egun osokoa.

Bai bai, bideoan hori argi ikusten da.

Hala da, emozio handia dago hor. Super polita izan zen eta sortu zen giroa gozamen hutsa izan zen. Eta hori etorri zirenek egin zuten. Leku bat atondu genuen, bazkari bat ere bai… egun osoa elkarrekin eman behar genuelako. Dena oso errez eta jariakorra izan zen. Txukun eta polit, eta oso hunkigarria, jendeak ikusiko duen bideo horretan ikusiko denez. Denok bukatu genuen negar batean, emozioz beteta. Maitasun handiz egiten saiatu ginen eta maitasun osoa ipini zion parte hartu zuen jendeak. Badakit hippie baten moduan nagoela hizketan, baina horrela izan zen, marabilla bat izan zen, gazteek esaten duten moduan, fantasia.

‘Elektrizitatea’-k 25 urte bete ditu eta abeslariren batek edo bestek ez ditu 25 urte.

Bada, bai, hori horrela da. Batzuen edadea abestiarena baino txikiagoa da.

Ariketa polita ere egin duzue, aurpegi batzuk ezagunagoak direlako beste batzuenak ordea ez hainbeste.

Adibidez Zoe Igartibururena hor dago. Nik Mamen (Las Vulpes taldeko kidea) ezagutzen nuen, haren ama, eta berarekin hitz egiterakoan aipatu zidan alaba ere musikan zebilela. Bada etor zedila, emakumea da eta beste ahots bat eta hasiera bat ere bai. Nire lagun batzuen alaba ere badago, Izaro Altzaga eta berak ere abestu egiten du eta lekua dauka beste Izaroren ondoan, Olatz Salvadorrekin, Afrika, Itziar Ituño eta daukagun lista super indartsuarekin.

Beste izen batzuk ere bazeuden, baina oso zaila da data bat jarri eta agendak lotzea. Ezin ziren 35 pertsona baino gehiago fisikoki estudioan sartzea, hortaz, heldu zen une bat gelditu genuena. Gero hasten zara pentsatzen eta konturatzen zara halakoa eta bestea ez ditugula deitu, baina ezinezkoa da. Hortaz, hau da momentu horretan batu garenok grabatu duguna, ez hobeagoa ez txarragoa, baizik eta momentuan zegoena. Uste dut egin dugun gauzarik politenetarikoa izan dela.

Musikalki begiratuta, kantua bere horretan errespetatzen duzue, hau da, tonua, tempoa… originalarenak dira. Unisonoan abesten duzuela kontuan izanda, lan pixka bat eskatuko zien horrek parte-hartzaileei, ezta?

‘We are the world’ abestian ere ia denek unisonoan kantatzen dute eta uste dugu hori garrantzitsua zela. Ahots gehiegi dira bestela hor sartzeko, zenbat koro egin… abestia guztiz aldatuko zen. Guk nahi genuena zen ahots guztiak batuta, batera eta berdin abestiari sekulako indarra emanaz entzutea. Hori oso polita iruditzen zitzaigun eta horrela egin dugu. Ez zeuden guztientzat estrofak ere eta bakoitzari esaldi bakarra emanda, abestia nekagarria ere izan zitekeen. Hala, lehenengoz baiezkoa eman eta data konfirmatu zutenei esaldiak banatu genituen. Hortaz, gainerakoak kororako. Gozagarria izan da.

Emakumezkoen talentua Euskal Herrian soberan genuela bagenekien, baina honen bitartez errealitatearen kolpe bat ere etorri da nolabait ere.

Denok batera hor ikustea, zer nolako giroa sortzen den… Denborarekin ikusten nabil beti gizonezkoez inguratuta ibili naizela ia nire ibilbide musikal guztian, hasi taldetik eta inguru guztiraino. Orain, egia esanda, geroz eta gehiago behar ditut emakumeak nire ondoan, nire taldean eta hori bai igartzen dudala. Beraz, lan oso interesgarria izan da hau, eta etekin oso ederrak eman dituenak, eta, niretzat, pertsonalki, oso berezia izan dena eta asko zabaldu nauena.

Orain arte belaunaldien arteko kantu bezala ikusten genuena, energia transmititzeko gaitasun hori zuena, orain emakumeen presentzia musikan aldarrikatzeko abesti ere bihurtu daiteke. Gainera kantua aurkezteko sortu duzuen pegatinak berak ere indar hori hartzen du.

Hainbeste izen elkarrekin ikustea, ezta? Bai, horrela da. Azkenean uste dugu gure buruari egin diogun omenaldirik politena izan dela hau eta uste dut jendearentzat ere oso berezia izango dela.

Abestiak eta diskoak 25 urte, 27 urte taldeak, bira bukatzear… zein da hurrengo pausoa?

Orain ‘Elektrizitatea’-ren garaia da, datorren urtean kontzertu gutxi batzuk emango ditugu eta joango gara lokalean sartu eta zer egingo dugun ikusten. Ez daukagu plan zehatzik, baina badakizu azkenean pila bat gauza batzen direla. Bertsio baten proiekturen bat badugu, bestelakoak ere batzen dira… Baina betiko moduan musikarekin disfrutatzen ibiliko gara.

Disfrutatzen eta disfrutatuarazten, oraingo honetan garaiak eskatzen zuen mugarri bat jarriz eta kantu hau oparituz.

Nik uste dut baietz, hala izan dela. Eskerrik asko!