IRRATIA

‘Orube’ kantuarekin irten da lozorrotik Izaki Gardenak taldea

‘Dena oskol’ diskoa kaleratu zutenetik lan luzerik argitaratu gabe zen Jon Basaguren buru duen taldea eta, aurten, azaroaren 20an, disko berria kaleratuko dutela iragarri dute.

‘Orube’ izenako du azaroaren 20an kaleratuko den Izaki Gardenaken disko berriak. (Libe KORTAZAR)

This browser does not support the audio element.


Jon Basaguren (Gasteiz, 1984) da Izaki Gardenak taldearen motorra, nahiz eta bere talderik gabe proiektua irudikatzea zaila egiten zaigun. Duela 6 urte, 2018an, kaleratu zuen ‘Dena oskol’ diskoa taldeak eta, bi urte beranduago, ‘Oasia / Gorputz-Adar Mamua’ singlearekin lozorroan sartuko zirela kontatu ziguten.

Udazken batez sartu ziren lozorroan eta udazken batez atera dira berriz ere argitara, duela egun gutxi kaleratu baitzuten ‘Orube’, izen bera eramango duen diskoaren aurrerapen kantua. NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan da Jon Basaguren horren inguruko xehetasunak kontatuz. Giro aldaketa batekin dator, gainera, taldea, izan ere elementu elektronikoak gehitu dituzte eta 80etako soinuetara bidaiatu dugu haiekin kantu berria entzun dugunean. Estetika ere aldatu du Basagurenek bideoklip honetarako, ohituta gaituen iruditik bestelako batetara pasa baita erropetan eta orrazkeran gasteiztarra.

Libe Kortazar eta Irati Antia gasteiztarrak izan dira bideoklipa osatu dutenak, estetika berezi batekin, collage teknikaa eta irudi analogikoak erabili baitituzte ikus-entzuneko pieza honetan.

Aurresalmenta martxan

Udan grabatu dute azaroaren 20an kaleratuko den diskoa, Granadan, La Mina estudioan Raul Perezen gidaritzapean. Dena dela, aurresalmentan erosten dutenek, gutxienez astebete lehenago eskuratuko dute Izaki Gardenaken ‘Orube’ lana, izan biniloan edo CDan. Haien webgunean dago horretarako aukera

Kontzertuak, berriz, urte berriarekin abiatuko dituzte, aretoetako aurkezpenak 2025erako espero baititu talde gasteiztarrak.