IRRATIA

Nola aldatzen dira abestiak estudiotik zuzenekora?

‘Ad Libitum’ saioko laugarren atalean abestien sonoritatea estudiotik kontzertuetara nola aldatzen den aztertuko dugu. Horretarako bidelagun izango dugu Iñigo Etxarri musikari eta soinu ingeniaria.

Lide Hernando Ad Libitum saioko gidaria eta Iñigo Etxarri musikari eta soinu teknikaria (NAIZ irratia)

This browser does not support the audio element.


‘Ad Libitum’ saioan zuzeneko musika izango dugu ardatz; edo, gehiago zehaztuz, abestiek estudioan grabatuak izatetik oholtzan interpretatuak izateraino zenbaterainoko eraldaketa izaten duten aztertuko dugu, eta eraldaketa horiek zergatik gertatzen diren. Atalaren soinu banda gisa, zuzeneko disko edo emanaldi batzuetako abestiak entzungo ditugu. Eta adi, atal honek berritasun bat baitakar: Ad Libitumeko lehenbiziko elkarrizketa egingo dugu.

Zuzeneko diskoak 70. hamarkadako fenomenoa dira, eta uste denaren kontra, dirua aurrezteko metodo gisa sortu ziren: aldi berean kontzertu bat eskaini eta, ondoren, salgai egongo zen disko bat grabatzeko aukera ematen zuelako. Bi txori tiro batez, alegia, esaerak dioen bezala. Aurrerago, ordea, zuzeneko diskoek euren entitate propioa lortu zuten, eta bandek errekurtso hau asmo ezberdinekin erabili izan dute: abesti ineditoak aurkezteko, jada sortutako abestien moldaketak egiteko edo, besterik gabe, banda baten soinuaren adulteratu gabeko bertsio bat erakusteko, hau da, euren alderik naturalena.

Saioaren soinu banda zuzeneko emanaldi batzuetako abestiek osatuko dute. Normalean baino abesti gutxiago izango dira; hain zuzen ere, berritasun bat baitakar gaurko saioak: ‘Ad Libitum’-eko lehen elkarrizketa izango dugu bertan. Iñigo Etxarri musikari eta soinu ingeniariarekin arituko gara solasean, bere zuzeneko diskorik kuttunenak zeintzuk diren jakin eta, bere esperientzian, estudioan grabatzeak edota kontzertuak jotzeak ze ezberdintasun dituen ikusteko.