IRRATIA

Guatemalako lur lehorrak eta Indiako emakume alargunak

Bi garapen-proiektutan hartu du parte Irati Amondarain Labayen bidaiariak. Hala, hizpide izan ditu saioan: Guatemala eta India.

Irati Amondarain Labayen Indiako emakume alargun talde batekin (Irati Amondarain Labayen)

This browser does not support the audio element.


Uda ate-joka den honetan, sartu gara, jada, Bidaiari saioaren bigarren denboraldiaren azken txanpan. Horrela, oraindik toki eta jende berriak ezagutzeko grinari jaten emateko asmoz, jauzi bat ez, bi jauzi egiteko proposamena luzatu digu Irati Amondarain Labayen abenturazaleak. Biak ala biak estuki lotuta daude bere ikasketekin zein ogibidearekin.
Zuzenbidea ikasi zuen Amondarainek eta nazioarteko lankidetzara begira egiten du lan, gaur egun. Zertan datza hori, baina? «Herrialde jakin batzuen garapena bultzatzea da helburua. Finean herrialde baten baliabideak erabiltzen ditugu, beste herrialde batzuei, nolabaiteko ongizatea bermatu ahal izateko».

Global training ekimenaren bitartez lur hartu zuen elkarrizketatuak Guatemalako Corredor seco eremuan. Elikadura burujabetzea oinarri bezain helburu, landa-eremuan aritu zen lanean. Berak, nagusiki, bulego-lana egiten zuen, baina bertako errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan zuen: «Guatemala hego ekialdean kokatzen da, eta lekuaren izenak berak dioen bezala, lehorte handiak pairatzen dituzte bertan». Nolanahi ere, ez omen da hori mehatxu bakarra: «Meloia landatzeko eremu zabalak zituzten, ondoren, ekoitzitakoa Amerikako Estatu Batuetara bidaltzeko. Bertan lanean zebilen jendeak oso baldintza txarrak zituen».

Protagonistaren bizipenez, eremu honetako jendeak ez du elikadura egoera egonkorrik ez eta eraginkorrik ere: «Elikadura eskasia medio, beren sistema kognitiboa ez dago guztiz garatuta eta, askotan, beren egunerokotasuneko zereginak gauzatzeko arazo dexente izaten dituzte».

Hori horrela, hutsune horri erantzuteko helburua zuen Amondarainek parte hartu zuen proiektuak eta baliabideak emateaz gain, ezagutzari ere garrantzi handia ematen zioten: «Joan den urtean amaitu zen proiektua. Orain, beste alor batzuetatik eutsi diote arazoari. Hobekuntzak epe luzean nabari dira. Haziak ereiten joan behar zara, pixkanaka».

Alarguntasuna, Andra Pradeshen
«Unibertso bat» omen da India, Amondarainen hitzetan. Bada, mendi tibetarretatik Keralako te landaketetara bitarte, herrialdeak dituen aurpegi horien guztien artean, Andra Pradeshen lur hartu zuen elkarrizketatuak. Genero ikuspegitik lan egiten duen proiektu batean dabil murgilduta buru-belarri, besteak beste, emakume alargunekin: «Senarra hil zaien emakumeek karma txarra dutela uste da». Zentzu horretan, babesik gabe gelditzen dira, bai gizonaren familiak, bai beren berezkoak bizkarra ematen diotelako. «Ondorioz, ez zaie,
soilik, egoera ekonomikoa desegonkortzen, sozialki ere eragina du berengan, pisu handia baitu Indian familiak eta komunitateak». Zein baldintzatan gelditzen dira, hortaz? «Ahal dituzten lanak onartzen dituzte emakume askok», adierazi du Amondarainek, «oso bizi-baldintza gogorretan bizi dira, askotan».

Beren seme-alabekin, animalientzako prestatutako eremu txikitan bizi ziren emakumeak ezagutu ditugu. «Kasta baxuenetako batean kokatzen dira».
Oztopoak oztopo, pixkanaka, aurrerapausoak ematen ari direla ikusi du elkarrizketatuak: «Egiten dugunak pertsona bati baliagarri egiten bazaio zorioneko sentituko gara gu».

«Lehenago edo beranduago» etxera itzuliko dela aurreikusten du bidaiariak, baina badu bete nahiko lukeen fantasia bat: «Bi urte daramat esanez Brasilera joan nahi dudala. Izeba bat dut bertan eta ez litzaidake batere inportako hurrengo tokia hori izango balitz».