IRRATIA
Interview
Josu Arizelata, Markel Flores eta Julen Izkue
Hiuzz taldea

«Bakoitzak nahi duguna egiten dugu, baina komunikazio ona daukagu guztiak funtzionatu dezan»

‘Epea’ eta ‘Epea II’ diskoak atera berri ditu Iruñeko talde honek. Rockaren bueltan dabilen proiektua, baina punk ukitua duena, nahiz eta zaku horretan ez genukeen sartu nahi. Markel Flores, Josu Arizaleta eta Julen Izkue dira taldea osatzen dutenak eta MusikHaria saioan izan dira.

Iruñeko Cordovillan entseatzen dute Hiuzz taldekoek. (Yoseba CIMADEVILLA)

This browser does not support the audio element.


Kaixo hirukote. Hasteko eta behin, Hiuzz taldearen izena nondik dator?

Markel Flores: Kuadrilako barne txiste bat dela esan dezakegu, esplikazio gehiegirik ez duena.

Bi EP atera dituzue denbora gutxian LP bat atera ordez, zein izan da arrazoia?

Julen Izkue: Demo bat egin eta aurkeztea zen asmoa. Une hartan genituen zazpi abestiak grabatu genituen arren, bost kaleratu genituen.

Taldea aspaldian sortu zen?

M.F.: Literalki hiruok kuadrilakoak gara. Institutu garaian elkar ezagutu genuen. Nik izatez tronpeta jotzen dut eta gitarra jotzeko nahia nuen. Klaseak hartzen eta hasi nintzen eta Juleni komentatu nion eta bera bateria jotzera animatu zen.

J.I.: Nik nola jo ere ez nekien.

M.F.: Bizpahiru entsegu egin eta baxu-jotzaile baten beharra sentitu genuen. Josu kuadrillakoa izanik berari komentatu genion.

Josu Arizaleta: Nik baxuarekin berek baino askoz ere denbora gehiago neraman musika joz.

M.F.: Hemen profesionala bera da.

J.A.: Profesionala ez, baina hauek Hiuzz taldearekin hasi ziren musika sortzen eta ni nintzen beteranoena.

M.F.: Baditugu hogeita hamar urte dagoeneko, ez gara hain gaztetxo.

Lehen EPa, ‘Egun onak’ kantuarekin irekitzen da eta lehen unetik nabari da maketa soinua duela. Non eta nola dago grabatuta?

J.I.: Gure kontura grabatu genuen guztia, lokalean, oraintxe erabiltzen ari garen ordenagailu honekin eta soinu txartel batekin. Hiruzpalau mikrofono erabili genituen eta kitto.

J.A.: Edizio lan guztia gero Julenek egin zuen, guztia gure kabuz landu genuen.

J.I.: Soinu maketero hori oso gustukoa dut eta aprobetxatu egin genuen. Baina hau oraingoz, baina gerora estudio bateko esperientzia bizitzea gustatuko litzaiguke.

Horrek zer esan nahi du, ‘Epea II’ ere zuek egin duzuela guztiz?

M.F.: Bai, berdin-berdin.

Bada, sei hilabetean salto handia dago batetik bestera.

M.F.: Gehien bat, nik uste, instrumentua gehiago domeinatzen dugula uste dut, konfiantza gehiago dugula. Grabatzerakoan askoz ere eraginkorragoak izan ginen.

J.I.: Nahasketak eta berdin-berdinak izan ziren, hobeto jo genuen grabatzerakoan eta hori nabari da.

J.A.: Formatua bera izanda, ideia argiago geneukala esango nuke.

M.F.: Eta gitarraren soinua pentsatuagoa, lehen maketan grabatzen gindoazen heinean joan ginen probak egiten.

Kantuan behin eta berriz diozue zerbait ez dugula inoiz ulertuko, baina zer da ulertuko ez duguna?

M.F.: Bada ez dakit nik ere ba ote dakidan hori erantzuten. Letrak egiterakoan, hori ere berria nuenez, hitzak melodian sartzen nahikoa lan nuen edukia mimatzen nahi bezain ondo aritzeko. Badut ideia bat esan nahi dudanaren inguruan, baina, uf, asko kostatzen zitzaidan abestian esatea. Dena dela, entzuleak interpreta dezala pixka bat.

Bada beste abesti bat, ‘Inkrepada’ deitzen dena. Bizitzan halako jarrera asko jasotzen ditugu?

M.F.: Nik ez nuke esanen, nik behintzat ez. Errietaren bat edo beste momentu puntualetan bai, baina kaletik eta ez.

J.A.: Nahikoa lasai bizi gara.

Estrofan zer nolako gorputza hartzen duen kantuak harrigarria da. Gitarraren pastilla aldatzen duzu?

M.F.: Zuzenekoan ziur ezetz eta grabaketan akaso bai. Ezta? Squire Stratocaster bat erabiltzen dut, eta soloetan zubikoa erabiltzen dut baina bestela bai giderrekoa erabiltzen dudala.

J.A.: Baxuan ez, baxuan ez da aldaketarik egiten.

Nahasketan zer moduz moldatu zara zu, Julen? Hau da, oreka hori zu saiatu zara bilatzen edo taldekideen belarriek ere lagundu dute prozesuan?

J.I.: Uste dut lan pertsonala izan dela gehiago. Gero bai taldekideei kontsultatzen niela eta elkarrekin entzuten genituen abestiak, baina aldaketa askorik ez genuen egiten.

M.F.: Julenek egiten zigun proposamena eta gero elkarrekin entzun eta erabakitzen genuen.

Tempoa lasaitzen da ’21-22’ kantuan, pilotarekin lotura egiten den abestia, nahiz eta adinaren kontua nabari dudan eta izenburua ’29-30’ izan zitekeen.

M.F.: Ostras, ez nuen pentsatua hori. Baina bai, gizartearen balizko kolapso horren aurreko momentuaz ari da. Orain artekoa luze doala dirudiela eta nazkatzen bazara leihotik salto egin dezakezula dio, katastrofista izanda.

Batzuetan gure buruari negarti izaera ukatzen diogu. Zuen diskoetan etsipen dezente dagoela ikusita, baimentzen diozue zuen buruari negarti izatea?

M.F.: Niri gertatzen zaidana da niri ez dagokidan bizitza baten inguruan hitz egiten ari naizela sentitzen dudala, mozorrotzen ariko banintz bezala. Ni zorionekoa naiz, lana badut, nolabait, ez dut larritasun handiegirik bizitzan, baina inguruan badugu modu prekarioagoan bizi direnak. Horregatik, horretaz hitz egitea beharrezkoa ikusten dut nahiz eta inpostorearen sentsazioa badudan.

Estilo batean berean ere ez zarete guztiz murgiltzen, rocka bere osotasunean hartu dezakegu kasik zuen abestiak definitzerako garaian.

J.I.: Ez dakit nork, baina Zarautzen izan zela uste dut, esan zigun oraindik guztiz landu gabeko grunge musika egiten genuela eta gustatu zitzaidan kontzeptua.

Denetariko eraginak izan dituzuela agerikoa da, baina haien menpean edota guztiz aske sortu duzue?

M.F.: Erreferentzia nagusienak rock alternatibo amerikarretik etorri dira. Guk komunean ditugun taldeak Alice in Chains, Smushing Pumpkins edota halakoak izan dira. Gitarra jotzen ikastean, Dinosaur Jr. bezalako taldeak ere agertu dira. Euskal Herriko taldeak ahaztu gabe, Tatxers bera bai izan dela eragina, batez ere kantu azkarretan.

‘Zinez’ abestian, gitarra akustikoa sartzen denean, rock amerikarra edo klasikoagoa entzuten dela esan dezakegu. Norbait bada halakoen maitale?

J.I.: Nik gogoko dut akustikoaren soinua eta ekoizpeneko erabaki bat izan zen. Hain justu ere Dinosaur Jr. taldearen abesti bat izan zen erreferentzia honetarako. Gero kontzertuan ez da akustikorik entzungo, baina diskoan efektu polita egiten du.

M.F.: Neil Youngen southern rocka edo folk ukitua ere badagoela esango nuke. Kantu hau sortu genuenean sentitu genuen hit-a zela, baina, gero, grabatu ostean, ez zitzaigun hainbeste gustatzen emaitza.

J.A.: Koroak sartzen diren unean esango nuke burua galdu genuela.

J.I.: Grabatzerakoan ahots bakoitza nork egingo zuen ez geneukan argi eta horrek eragin zuen.

Termino abstrakto samarra du lehen EPa ixten duen kantuaren izenburuak, ‘Begiradak fokupean’.

M.F..: Abesti hau kuttunenetarikoa dugu eta kontzertuetan ere jendeari gustatzen zaio.

Maitasun kantua dela esan daiteke?

M.F.: Bai, bai. Ligatu edo ez ligatzearen arteko jolasa, urduritasun hori beste pertsona batekin kontaktua izaterakoan… Hori guztia dago.

Horregatik sentitzen dira bi begirada fokupean ezta? Hau da, bi ligatu nahian elkarri begira eta gainerakoak haiei begira daudelako.

M.F.: Bai, horrela da. Denak begira dituzu, lokaletik joango zaren edo ez erabakitzen zabiltza…

Kantuak berak punk britainiarraren eragina badu, grungea ere bai, instrumental dotorea…

M.F.: Paste instrumental hau guztiz lokalean sortu zen. Normalean etxean ideia bat garatzen dut gitarrarekin, baina justu honetan lokalean landu genuen guztia. Egia da Julenek etxean garatzen dituela riff batzuk eta abar ere e? Hori ere aitortu beharra dago, baina honen kasuan lokala entzun daiteke argi eta garbi.

J.I.: Ideia zen energia jaistea gero berriz ere igoera eman eta eztanda egiteko. Bukaeran autotune pixka bat ere eman diogu ahotsari.

Plastilinazko hiru panpin egin zituen Miguelizek diskoaren azala egiteko, nondik etorri zen ideia?

J.I.: Frogak egiten zebilen bera beste kontu batzuetan eta stop motion itxurako zerbait egiteko proposatu genion.

J.A.: Pertsonaia ordurako eraikita zeukan.

M.F.: Gaur eserita gauden sofa berean atera genuen argazkia eta argazki horretan oinarrituta egin zuen azala.

EP batetik bestera soinu aldaketa nabarmena da, estudioko soinutik gertuago dagoela esan dezakegu.

J.I.: Ez daukat oso sistematizatuta nahasketaren gauza, baina grabaketa askoz ere hobea izan zen eta horrekin lan egitea errazagoa izan zen.

J.A.: Beste energia bat nabaritzen da, konfiantza gehiago genuen.

M.F.: Lehendabizikoan beste anplifikagailu bat ere erabili genuen eta esperimentu gehiago egin genituen.

Soinua 80 eta 90etako mugan koka daiteke, zuek zuen burua garai horietako musikan kokatzen duzue edota ordukoa berritzeko saiakera bat bezala ikusten duzue Hiuzz?

M.F.: Ez dakit horri erantzuten. Gu klasikoaren zaleak bagara, Led Zeppelin edota Black Sabbath bezalakoak badaude, baita Sonic Youth bezelakoak ere. Nik uste dut badela haiek erreproduzitzea hein batean baina zerbait berria ere aterako da, intentziao ez baita haiena imitatzea.

‘Nola’ kantuan esaten duzuenari helduta, inori ezer zor ez diozunean egiten da barre lasaien?

M.F.: Ostras, a zer galdera, hausnartzekoa erabat. Nik uste dut baietz, zer esan ez dakidala geratzen naiz. Abestiaren ideia funtzionario batekin izandako elkarrizketa bat erakustea zen. Ni erizaina naiz eta kontratu asko izaten ditugu gure aurrean eta hartu edo ez erabaki behar izaten dugu, badakizu, ordezkapenak eta halakoak izaten direlako. Hortaz, beti esaten digute ez badugu hartzen ez dugula lanik edukiko eta askotan etsipenez baiezkoa eman behar izaten dugu. Bada, gai horren inguruan doa abestia.

‘Hegaka eskapo’ abestiko baxuaren linea zoragarria da, eta, orokorrean diskoan asko landuta daude. Modu askean sortu dituzu Josu?

J.A.: Guztiz ekoiztuak izan dira eta askatasun osoz jardun dut lanean. Ez didate inoiz esan zerbait beste modu batetara egiteko.

J.I.: Bakoitzak bere modura egiten du lan. Markel hasten da gitarraren riff batetik, nik erritmo bat pentsatzen dut eta gero Josu sartzen da eta berea egiten du. Ez dugu gehiegi eztabaidatzen.

Zuk, Markel, sortzen duzun lehen ideia jakinda zein den, bukaerarako emaitza entzutean inoiz pentsatu duzu, «hau eskuetatik joan zaigu»?

M.F.: Ikasi dut nire burua eusten eta saiatzen naiz etxean ideiak gehiegi ez lantzen, oinarrizko ideia bat eraman eta lokalean lantzen dugu. Etxean gehiegi lantzen badut kantu bat gero aldatzea asko kostatzen da. Hortaz, hiruron zerbait denez, lokalean lan gehiago egiten dugu. Sanferminetan, moxkor ginela, elkarrizketa sakon bat eduki genuen eta honen inguruan hausnartu genuen; geroz eta hobeto ulertzen garela esan dezakegu. Lagun bezala komunikazio ona dugu, baina musika egiterakoan erregistroa beste bat da.

J.A.: Bakoitzak nahi duguna egiten dugu, baina komunikazioa dago guztiak funtzionatu dezan.

Abestira itzuliz, esaten duzue nahiago duzuela sitsa izan txoria baino. Kaiolatik errazago ihes egin dezakeelako?

M.F.: Koadrilako beste barne istorio bat da. Sitsa izatea askotan erabili izan dugun ikurra da. Txoria izatea bada askatasunaren ikur, bada, gure kasuan, sits izatea da aske izatea.

J.A.: Sitsa da totema den gure animalia.

Baina hau nondik dator koadrilan bertan?

J.A.: Hiuzz izenarekin badu harremana.

M.F.: Azeria izatea da gure kuadrilan bizia izatea. Adibidez, tabakoa hartu dizut zu askorik ohartu gabe. Hortaz, azeri izaera horri sits izatea ere esaten diogu, eta sitsak egiten duen soinua «hiuzzzzz» bezala identifikatzen dugu. Hortik dator istorio guztia.

Zikinagoa delako eta aipatu ere ez duzuelako egin, baina Dire Straitsen mundutik badu pixka bat ‘Pedal kolpe bat’ kantuak, batez ere baxuan eta gitarraren sotiltasunean, nahiz eta beste ekoizpen bat du. Baina goazen berriz ere hitzen mundura: bakardadeari eta ahanzturari beldur handia diezue?

M.F.: Nik uste dut baietz, baina beldur gehiago diot nire bizikleta lapurtzeari eta literalki hortaz doa kantua. Bizikleta lapurtzen didaten une horretara bidaiatzen dut. Pare bat bizikleta lapurtu dizkidate, baina ikusten dudanez interpretazioa irekia da oso.

Lotura hori egin dut, Dena ez da berdin’ kantuan berriz ere abestiko protagonista bakarrik ikusi dudalako.

M.F.: Ez dut hausnarketa sakonik egin letren arteko batasunaren inguruan egia esanda.

Baxuari solo bat eskaini diozue, pentsatzen dut Josu, eskertuko duzula hau zuzenean.

J.A.: Eskaini ez, eskatu egin zidaten. Dinamikak aldatzeko modu bat da eta niretzako ere oso ona da, protagonismo une bat badudalako.

M.F.: Baxu-jotzaile batek solo bat egitearena kasik meme bat dela esan dezakegu, baina nire ustez oso ondo dagoen zerbait da. Idatzi gabeko arau bat dela dirudi eta publikoari arraroa egiten zaiola, baina guk gustuko dugu.

EPak fisikoan eskuratu daitezke? Bigarrenak ere baduelako Navasen diseinu deigarri bat.

J.A.: Momentuz grabatu dugunarekin ez dugu edizio fisikorik atera, baina ez diogu ezetz esaten etorkizunean estudioan zerbait grabatzen badugu diskoa ateratzeari.

M.F.: Bilbon eman genuen kontzertu batean, Zikin taldeko Jon Bedia abeslariak esan zigun binilo batean bi EPak kaleratu genitzakeela, A aldean ‘Epea’ eta B aldean ‘Epea II’. Baina horretarako dirua ere behar da, eta momentuz alboratu egin genuen ideia.

Zuzenekoak ematen ari zarete pixkanaka eta ez dakit udazkenean kontzerturik ba ote duzuen.

M.F.: Duela bi aste BIMEn izan ginen, duela hilabete pasatxo Borla taldearekin beste bat Iruñean eta gutxinaka-gutxinaka goaz, ez daukagu presarik ezertarako.

Bada, mila esker gurekin izatearren eta bide ona izan dezala proiektuak.

Mila esker zuri!