IRRATIA

«Hiru bizitza beharko genituzke ezagutu nahi ditugun toki guztiak bisitatzeko»

Bidaiazale amorratuak dira Aitor Casado eta Mar Torrijos. Bidaiez betetzen dute beren aisialdia eta, jada, bost kontinenteak zapaldu dituzte.

Nadam, Mongoliako joko tradizionalak (Aitor Casado)

This browser does not support the audio element.


Aliziaren pareko, mirarizko mundu magikoaren atzetik dabitza Aitor Casado eta Mar Torrijos. «Pasaporte a Wonderland» du izena beren atari digitalak, eta, bertan, bidaia-kronikak, aholkuak eta bestelako informazio osagarria argitaratzen dute. Bada, abentura horietako bat ekarri du gogora Casadok Bidaiariko saioan: «Begiz jota duzun herrialdea da Wonderland», azaldu du elkarrizketatuak, «alegia, aurrez helmuga horrekiko duzun ideia, hain justu ere».

Ekialderanzko bidea hartu du irratsaioak, Gengis Kan-en lurretan, Mongolian lur hartzeko. Ulan Batorren hasi zuen bikoteak bidaia, eta Danshig Naadam- Khuree Tsam jaialdiak eman zien ongi-etorria. Kirola, kultura eta erlijioa uztartzen dituen hitzordua dela azaldu du elkarrizketatuak. «Tokian tokiko arropa tradizionalarekin» jantzita joan ohi da jendea, «inguruetako tenpluak hutsik zeuden, buda guztiak jaialdian zirelako».

 Estepan barrena

«Zeru koloretsuak, lasaitasuna, zelaiak, zabaltasuna…». Behin hiriburua ezagututa, Mongoliaren erretratu horrekin egin zuten topo bidaiariek asfaltoa atzean utzi eta tren transmongoliarrean igo zirenean. Mongoliaren biztanleriaren erdia hiriburuan bizi da, Casadok dioenez. Landa-eremuan, berriz, nomada bizitza nagusitzen dela ikusi zuen elkarrizketatuak: «Biztanleen % 40 nomada dela diote, baina oso sakabanatuta daude herrialdean».

Hori horrela, etxe finkorik gabeko komunitate batekin egin zuten topo Khovsgol lakuaren ertzean: Tsaatan. Elur-oreinekin duten harremanagatik dira ezagunak, eta toki batetik bestera lekualdatzen dira, beren abereentzako goroldio bila. Datuei erreparatuta, lehen sektoreak indar handia du herrialdean: gutxi gorabehera, hiru milioi biztanle ditu Mongoliak, eta 70 milioi abere. Hala, behin negua igarota, galera handiak izaten dituztela dio bidaiariak, izan ere, bataz beste -30 °C izaten dituzte neguko sasoian.

Lautadak eta lakuak ez ezik, herrialdeari emandako itzulian, sumendiak eta desertuak ikusteko aukera ere izan zuen bikoteak, baita monasterioak ere. «Budismoarekin zerikusia zuen ia guztia suntsitu zuten errusiarrek. Monje asko erail zituzten eta beste hainbat Siberiara bidali», azaldu du Casadok. Ongi, horren lekuko da, Gobi basamortuaren atea.

Behin desertuko lehorrak ezagututa, beren abiapuntura itzultzeko bideari ekin zioten. Laburra egin zitzaien egonaldia, herrialdea goitik behera ezagutzeko. Dena dela, berriro hara itzuli baino, helmuga berriei eusteko gogo handiagoa du elkarrizketatuak: «Hiru bizitza beharko genituzke ezagutu nahi ditugun toki guztiak bisitatzeko».