IRRATIA

Musika beltza, folka, popa eta rocka aste honetako ‘Zarata’ tartean

Hautaketa eklektiko samarrarekin etorri da aste honetako bere ‘Zarata’ tartera Iker Bárbara kazetari bilbotarra: «proposamen elektroniko eta rockeroez harago bestelako doinuak ere badaudela gogorarazi behar dugu, jakina».

‘Goldea’ diskoa kaleratu du aurten Ibil Bedi talde nafarrak. (ARRIGURI)

This browser does not support the audio element.


Hilabete bukaera da eta aldizkaria labera bidali berritan etorri da Iker Bárbara MusikHaria saiora: «Zarata edizioaz eta Mondo Sonoro aldizkariaz gainera, festibalen inguruko aldizkari berezia ere etortzen da ekaineko edizioan, urria arteko jaialdien inguruko informazioa sartzen dugu bertan. Jazzaldiak, blues festibalak, handiagoak direnak… egutegi oso betea daukagu jaialdiekin Euskal Herrian. Nahiz eta duela urte askotatik hona, hiru kontzertu elkartu eta jaialdia deitzen diola jende askok horri. Baina betiko jaialdiak ere asko dira Euskal Herrian maiatzetik urrira».

Ibil Bedi - Goldearena

«Despistatuta harrapatu nau eta duela hilabete aterata zegoen diskoa. Oraindik pare bat kantu baino ez ditut entzun eta harrituta utzi nau, orain arteko doinuetatik harago joan direlako, folk-rock progresibo bat egingo balute bezala iruditu zait disko hau. Prentsa oharrean gero irakurri dut nola fase aldaketa bat izan dela beren musikan eta agerikoa da behintzat lehen kantuetan», esan digu Bárbarak.

Olimpia - Noiz

«Irungo bikoteak orain arte ez du euskaraz abestu, baina aurrerapen kantuen artean bada italieraz egindako moldaketa bat eta abesti honetan euskaraz egitera animatu dira. Lur Usabiaga abeslariak pentsatzen dut euskaraz jakingo duela eta, ez bada horrela, ez zaio nabari. Ekoizpenean Yon Vidaur izan dute, Muir estudioan grabatu, eta ‘Seres eléctricos’ diskoa udazkenean etorriko dela aurreratu dezakegu», dio Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.

Amooma - Bailas (Sticky sessions)

«Ez dakit saio hauek ohikoak diren edo ez, baina La Terminal aretoan grabatu zuten bideo hau Amooma taldekoek. Diskorik ez dute kaleratu oraingoan, baina zuzenean grabatutako hainbat kantu erakutsi dituzte orain. Soinu bikainarekin grabatu dute eta nabaritzen da zuzenekoa dela. Funkya eta rapa nahasten dituzte, oso soinu finarekin eta instrumentazio zabalarekin. Eskaintza oso berezia da Amoomak egiten duena eta behetik gorako bidea egin duen talde horietakoa da. Aipatuko nuke, gainera, gaur ekarri dudan azken taldeak akaso eraginik izango zuela beren musikan ere», nabarmendu du kazetari bilbotarrak.

The Cherry Boppers - Scandal time (ft. Patricia Reckless)

«Groovearen eta jazzaren bueltan dabilen taldea da, musika beltz eta dantzagarria egiten dute eta diskoa uda eta gero etorriko da. Patricia Reckless, Bohemian Soul taldeko kidea, izango dute disko honetan elkarlanean eta lehen aurrerapen abestia da tarte honetan entzungo duguna. Bilbon talde mitikoa da, Xanperekin grabatu dute eta El Monstruitok bideo psikdeliko bat egin du abesti honentzako», bukatu du Iker Bárbarak.