«Estimu berezia diot Imlil herriari, Atlas mendikatearen ateari»
Hamabost bat urte daramatza Iker Iriartek gida lanetan, eta tarteka ikus-entzunezko proiektuak ere uztartzen ditu. Orain, auzolanari buruzko dokumentala grabatzen ari da Marokon Josu Dendaluzerekin batera: ‘Auzolangiltza’.
This browser does not support the audio element.
Zaletasun bezain ofizio du Iker Iriartek bidaiatzea. Hala, pasioak eta zereginak uztartzen ditu. Euskal Herritik gertu nahiz urruti dauden parajeetan. «Azkar jabetu nintzen bidaiatuz bizi nahi baldin banuen, agian, ez zela ideia txarra izango bidaiatzetik bizitzea. Horrela hamabost bat urte daramatzat gida-lanetan». Dena dela, hori nahikoa ez, eta beste makina bat proiektutan dabil murgilduta, ikus-entzunezkoen munduan, besteak beste. Esate baterako, auzolan hitzaren esanahia zentzu zabalean irakurri nahi du Josu Dendaluzerekin batera egiten ari den ‘Auzolangiltza’ dokumentalak. Euskal Herrian osatu dute proiektuaren bizkarrezurra, eta ate berriak irekitzea du xede eskuartean darabiltenak: «Erantzunak eman nahi ditugu, baita galdera batzuk utzi ere, dokumentalaren bidez». Tokikotasunak tokikotasun, elkarrizketatuaren esanetan, «hasieratik izan dut argi xamar gustatuko zitzaidala begirada hemendik harago zabaltzea, eta, horrela, Marokora joan gara». Nola, baina? Furgonetan.
Bost aste eta 8.000 kilometro furgonetan. Etxetik abiatu, Espainiako Estatua gurutzatu, Algecirasen ferry-a hartu, Marrakechetik igaro eta Atlas mendikateko errepide bihurgunetsuetan ibili. «Hirugarren edo laugarren» etxe du Imlil elkarrizketatuak, herrialdeko mendate garrantzitsuenetara joateko atea. «Estimu berezia diodan tokia da», dio Iriartek, «lagunengatik, paisaiarengatik nahiz ekartzen dizkidan oroitzapenengatik».
Ubideak, lasaitasuna eta fruta-arbolak
Oso nabarmena omen, elkarrizketatuaren begietara, Atlas iparraldearen eta hegoaldearen arteko banaketa: lehenaren kasuan, mendikateetako elurrak dakartzan urak aprobetxatzen dituzte landaketarako (sagarrak, gereziak, ahuakateak...): «Hori da Imlil eta inguruetan biziraupenerako tresna nagusia. Horrez, gain badago industria apurren bat ere». era berean, mendiari lotutako turismoak ere indar handia du bertan: «Tubkal mendiaren oinetan egoteko zortea du Imlilek. Beraz, zukua atera diote horri bertakoek».
Amazig-ak bizi dira Atlas iparraldean, baita Marokoko mugak gaindituta ere, Afrika iparralde osora zabaltzen baita etnia. Hori horrela, hizkuntzak, amazigerak deitu du Iriarteren arreta gehien. Orain gutxira arte, hain justu ere, XX. mende amaierara arte, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi transmititutako hizkuntza bat izan da, alfabetorik gabea. Egun, oraindik, ez dago ez egunkaririk ez ta libururik edo irratirik ere, nahiz eta egoera, pixkanaka aldatzen ari delakoan da Iriarte: «Nire belaunaldiko jendeak hitz egin, hitz egiten du, baina ez daki irakurtzen eta idazten, alfabetorik existitzen ez zelako».
Hizkuntza-ohiturak legez, Imlilen bueltan bizi diren amazigen egunerokoa erretratatu zuen Iriartek Dendaluzerekin batera hiruzpalau egunetan. Bada, kasualitateak kasualitate, hautsitako ubide bat konpontzeko auzolana antolatu zen herrian: «Irudi oso kuriosoak hartu genituen», ekarri du gogora Iriartek, «bertako jendearengana ahalik eta modurik goxoenean gerturatzen saiatzen ginen. Baina, ahal den moduan kudeatzen duzun borroka etiko batean sartzen zara, izan ere, ezbehar bat konpontzeko lanetan daudela, zu, zeure kapritxoz, ia-ia, hori bera ari zarelako filmatzen».
Kolektibo baten beharrei erantzuten die auzolanak. Hortaz, zein premia dituzte bertan? «Guztiak», erantzun du azkar elkarrizketatuak, «eurek egiten ez badute, bertan ez dagoelako ubide hori, edo errepideko zuloak konpontzera joango den administraziorik». Sasoian dauden gizonezkoak joaten dira, Iriartek dioenez, auzolanera, eta eguneko azken errezoaren ondoren biltzen omen dira biharamuneko lanak antolatzeko.
Behin irudiak jasota, eta, herrialdeari itzulia emanda, irudi mordoxka filmatuta itzuli zen Iriarte Euskal Herrira, azkar baino lehen, berriro ere Imlilera joango dela hitzemanez. Zer du, ordea, Atlasetako ateak, behin eta berriro hara joan nahi izateko? Entzun elkarrizketa eta ezagutu ezazu errepide bihurgunetsu desertikoen bueltan gordetzen den bizimodua!