IRRATIA
Interview
Imanol ‘El Kaete‘
Raimundo El Canastero taldeko musikaria

«Ondo entseatzeko, lokaleko sabaia bukatu eta entxufeak ondo jartzea da orain egin nahi duguna»

Ez dakit Euskal Herritik Andaluziara bidaiatuko dugun edo ez, edo Andaluziako musika aspalditik dugun Euskal Herrian. ‘No todo es rumba’ edota ‘N.T.E.R.’ diskoarekin aurkeztu dute beren mundua. Taldean izen asko dauden arren, ‘El Kaete’ izan da gurekin.

Lokaleko sabaia auzolanean konpondu dute Raimundo El Canastero taldekoek diskoa kaleratu berritan. (RAIMUNDO EL CANASTERO)

This browser does not support the audio element.


Andaluziara jotzen duzue musika honen bila edota hemen zegoen dagoeneko?

Ni Granadan bizi izan nintzen eta, flamenkoa aurretik ezagutzen nuen arren, beste modu batetara murgildu nintzen musika honetan han emandako denboran. Kalean egiten da musika hori eta duen bat-batekotasun hori asko gustatu zitzaidan. Gero, gurean hasi ginen hori imitatzen eta gure rumba nabarrika egiten.

Hau guztia martxan jartzea zaila izan zen?

Jende asko dago eta ideia asko hortaz, sormenerako oso erreza da dena, baina kontu burokratikoetarako konplikatu egiten da gauza.

‘Gotas de sangre’ introarekin hasten da diskoa, jota eta clubbin' jazzeroa uztartzen diren kantuarekin.

Hori da, rumbatik urrun dago. Jota bat da eta etxean betidanik entzun dudan abestia da, osabak eta ama joteroak izan direlako. Duela urte batzuk Camaronek abesti honen letra erabiltzen zuela jakin nuen eta zoragarria izan zen, konbo perfektua. Gero Julenek ekoizpenean vocoder-a eta free jazz bateria sartzen dira.

Sustraietako musika abangoardista egiten duzuela esan daiteke?

Oso ondo ematen du belarrira, baina baietz esan daiteke. Atzera begiratu bai, baina tradizioa aldatu eta ahal bada molestatu ere bai, hori da nahi duguna, ez ditugu puristak maite. Camaronek berak ere hori egin zuen ‘Leyenda del tiempo’ diskoarekin, baina duela hamar-hogei urte arte ez zen batere onartua izan disko hori.

‘Alaken’ kantuarekin ixten duzue diskoa. Nor da moldaketa berezi horretan aipatzen den Diego Carrasco, jainkoa dela esateko?

Jerezko kantaore bat da eta bere semea kaxoia jotzen izugarria da, Dellafuenterekin ibili da orain. Flamenko familia garrantzitsua da Carrascorena eta Camaronen ‘Leyenda del tiempo’ diskoan parte hartu zuen,¡. Kantaore berezia da eta ez dakigu ondo abesten duen edo ez oraindik, baina identitate propioa du eta guretzako erreferente garbia da.

‘Homenaje’ kantuak bai, honek badu rumbatik. Letra irakurrita zer da, norberari egindako nekrologia bat?

Abesti honetan Moisesek idatzi zuen bere zatia eta nik nirea. Mezua da heriotza beste ikuspuntu batetik begiratu daitekeela eta bizitza ongi bizi baduzu nahikoa dela, ez dagoela ez berpiztu beharrik ez ezer, pozik hiltzea ere posible dela.

Moises no duerme, beste erreferente bat da, ezta?

Bai eta urte asko badira elkar ezagutzen dugula, urtero ekarri izan dugu Lizarrara. Errespetua eta miresmena diogu eta berarekin lan egiterakoan oso ondo ulertu gara. Gainera, letra oso polita egin duela esan dezakegu.

Rumba bat da, baina badu buleriaren malenkonia hori melodian.

Bai, badu hori, baina puntu optimista du abesti honek.

‘Gaztetxeroak’ zaretela esan duzue, kaleko musikan ibiliak ere bai… Hor ere izango zenuten flamenkoarekin topagune bat, ezta?

Hori da, eta guk kalean egin dugu musika. Lizarran kalean nahikoa musika aurkitzen da, ostiraletan beti dago baten bat gitarrarekin ateratzen dena, erabili edo ez. Horrez gainera, Lizarran ijito komunitatea zabala da eta elkarrekin ibili izan gara; hori polita da eta eragiten du, saiatzen gara haiena gure egiten ere.

Zuen musika ezagutu dutenean, zer nolako erreakzioa izan dute?

Bada oso pozik daude eta hori da guzti honetatik politena, kaletik geratzen gaituzte, beren seme-alabak reggaetoia entzun ordez berriz ere rumba eta flamenkoa entzutera pasa direlako. Gainera elkarrekin zerbait egiteko aukera ere sortzen ari da, haiek ere badute sekulako artea eta ez dute azaleratzen askotan, medio faltagatik, gogo faltagatik edota ikasi duten indefentsioagatik. Baina oso ederra izan daiteke elkarrekin lan egitea.

Rosalíaren ‘El mal querer’ ekartzen du gogora, hura izan da erreferentzietako bat?

Bada Rosalía ez dugu askorik entzun eta ez dugu harengan pentsatzen musika egiterakoan. C. Tangana, La plazuela, Dellafuente, Omar Montesen azken diskoa… hori guztia bai badagoela. Julen eta biok ibili gara batez ere ekoizpenaren atzean eta saiatu ginen hip-hop disko bat egiten, orduan hasi ginen elektronikan saltsan. Los Chichos bezalakoak ere presente izan ditugu, haiek ere elektronika sartzen zutelako, soinu kutrea du, baina propio bilatzen da soinu mota hori ere.

Bachata batekin sorpresan ere harrapatu gintuzuen, ‘Bizitzeko gogoa’ kantuarekin, La Wera lagun duzuen abestia. Abesteko modua, hemen, oso desberdina da.

Abesteko modua Mendillorrikoa da, kar-kar. Bertsio originalaren tono eta armonia mantentzen dugu, Beltzak sekulako lana egin zuen letra euskaratzen eta Julenek, Beltzak eta hirurok bachata bat egin genuen. Hasieran tango bat izan genuen buruan, baina erritmoa aldatu genuen eta gitarrak sartzean sekulako abestia geratu zen. Autotunea erabiltzen dugu ez dakigulako abesten, baina oso singularra geratu da abestia nik uste. Ray Heredia erreferente bat da eta haren abesti bat euskaraz egitea oso esanguratsua zen, gainera guri euskara erabiltzea kosta egiten zaigu egunerokoan.

Ray Herediarengatik dator zuen taldearen izenean agertzen den Raimundo, ezta?

Ray Heredia edota Raimundo Amador ere hor dago. Gaztetxean jotzeko izen hau jarri zuen Txarrok eta gero beste izen batzuk etorri diren arren, horrekin geratu zen. Raimundo Canastero gainera esistitzen da, saskiak egiten dituen Raimundo, Facebooken egin genuen topo harekin.

Saskigintzatik ez, ijitoen izatetik dator ‘canastero’-ren kontua.

Historikoki, literaturan behintzat, bi motatako ijitoak zeuden, «los rubios y los canasteros». Lehenak ohiko bizitza batetara moldatu direnak dira, bigarrenak, berriz, beti nomadak izan dira, ibaiaren ondoan bizi eta kanastoak egiten zituztenak horregatik gure izena. Gurean, ordea, kanastoak betidanik erre izan ditugun porruei eman zaien izena da.

Beste bertsio bat ere badago diskoan eta bitxia da. ‘Amets 1’, erritmoz runberoa dena baina akordeoiak eta metalek beste ukitu bat ematen diete. Ekoizpenean lan dexente dago honen atzean ere.

‘Amets 1’ bota zuen Beltzak bapatean eta horrela geratu zen. Berez tripi bat jan eta hegazti askeen antzera sentitu gaitezkeenaren kontuarekin hasi ginen, baina fabriketako keen aipamena etorri zen eta Alaitz eta Maiderren kantuaren zatia etorri zen burura, ondo sartzen zen eta Maiderri helarazi genion. Gustatu zitzaion eta aurrera! Gero Ken Zazpiren riff hori ere badago eta bukaeran txiste hori egiten dugu, erreferentzia onartzeko, ebidenteea delako ‘Haizea’ kantua dela.

Interludio bat ere bada diskoan, ‘13'12 jauzi’, ez dakit «Zote» norbaiti deitu diozuen abestia aprobetxatuz.

Kar, kar, bada akaso bai, baina nahi gabe!

Zuzenekoetan festa giroa sekulakoa izango da abesti honekin, ezta?

Bada jendeari asko gustatu zaio. Telegrameko talde bateko audioak erabili ditugu eta abesti tradizional bat aprobetxatu osotasuna emateko, ez genuen espero halako harrerarik. Telegrameko talde hori oso ezaguna da Lizarra inguruan, izan ere 40-50 mezu izaten dira bertan egunero-egunero. Pentsa, iaz 1.200 polizia kontrol izan ziren hemen, eguneko 3 edo 4 eta hori 13.000 biztanle garela. Kotxea hartzerakoan seigarren zentzua pizten zaizu hori horrela denean, polizia bazter guztietan ikusten duzu. Jendeak ez daki, ez du esaten, normala iruditzen zaio edota ona, norberak ikusiko du hori.

Hip-hop eta traparen artean dago ‘La luz’.

Eta nik ez dut halakorik ikusten, tango erritmo bat delako berez. Elektrikarien gremioari omenaldi bat da, pladurrarekin lana egiten dutenei egin genien aurretik beste bat. Inguruan asko ditugu eta omenaldi bat egin nahi genien. Nik rap moduko bat egiten dut, Flako Reyk klasikoagoa den zerbait eta Arbizuk poperoagoa den zatia.

Askotan gremioez ahaztu egiten gara.

Poetikoki indartsua da mezua ere. Elektrikaria etxera itzuli eta ez du argirik, besteei laguntzen ibili eta etxera iritsi eta ez eduki argirik… Gaur egun gainera badakigu nola dagoen guztia eta lan mota hori zeinen okupatua izaten den. Horregatik gure omenaldia.

Normala gero ‘Ojos de hachís’ kantuko egoeran dagoen jendea ere ezagutzea.

Diskoko abestirik triste eta malenkoniatsuena da. Gure haragitan bizi izan dugun zerbait da askorentzat, drogak ongi daude, erabili behar dira disfrutatzeko, baina bizio edota ohitura moduan erabiltzen direnean, galdu egin zaitezke eta egoera horretan dagoen pertsona baten inguruan dago hau idatzita.

Zuek kolektibo bat zarete, 36 lagun izateraino iritsi zaretelako noizbait.

Behin bai, 25 Lizarrako txosnetan. Baina behin izan ginen 36, 16 ‘palmero’, eta musikalki desastre hutsa bazen ere irudia sekulakoa geratu zen.

Beste kolektibo batzuekin izan duzue harremanik? Etxepekoek ere beren ‘Zazpi jauzi’ propioa egin dute kasualitatez.

Bai eta kuriosoa izan zen, lehenago atera zutelako. Etxepekoak ez ditugu ezagutzen baina Sonakay eta Kulto Kultiborekin egin dugu kantu bat orain, Goxua'N Salsakoekin harremanetan gaude eta Chill Mafiakoekin ere egin nahi dugu zerbait, Kilikiri esan nion ea noiz egiten duen ‘Los tangos de Kiliki’ kantua gurekin.

Gaur egun musika egiteko modua aldatu egin da.

Kolektibitatea da musikaren eta zientziaren xarma, bestela gauza berak errepikatuko ditugulako guztiok eta hori aspergarria litzateke.

Ikusita zer nolako harrera izaten ari den eta aipatutako erreferentziak izanda, gorunzko bidea hartu eta kanpora joateko asmotan zaudete?

Ez dugu gauza hauetaz hitz egin. Ondo entseatzeko, lokaleko sabaia bukatu eta entxufeak ondo jartzea da orain egin nahi duguna. Bakoitzak bere bizitza du eta kontran etorri daiteke halako gauzetan pentsatzea. Bidaiatzea ederra litzateke, hori ere musika da, kanpora joatea hotela eta janaria ordainduta kontzertu bat emateko, ordaindutako oporrak edukitzea bezala da. Baina ez dugu horretan pentsatzen, etortzen bada ongi eta bestela orain bezain pozik jarraituko dugu.

Poztasunerako azken hiru kantuak. ‘Taketeo’ da lehen zatia, letra oso ironikoa duen kantua.

Taketeo da Lizarrako ‘mañaneo’ batean Arnolda laguna abesten hasi zen une bateko hitza, betirako geratu dena eta horri egindako omenaldia da abesti hau. Senisa, Beltza, Txeto eta lauok babarrunak eta saiheskiak jateko elkartu ginen behin Mendillorrin, ardoz bapo jarri eta letra hau atera zen. Hiruak ere mofa moduko bat dira, baina hor dago kritika guztia jasota.

Txibatoak ere aipatzen dituzue, oraindik badirenak.

Lizarran badira sekula kontroletan geratzen ez dituztenak eta badakigu nor diren eta zer egiten duten.

Abel Barrigona, Erruben Beroki… aipatzen dituzue egileetan.

Pilotazaleak gara, pilotariak ere bai eta Unai Lasoren lagunak ere bagara. Batzuentzat futbola dena, guretzat pilota da.

Bigarren zatian aipatzen den Miles, Robert Miles da?

Ez, Miles Davis da, sekula ez zuen barre egiten eta horregatik aipatzen dugu. Juleni grazia egiten zion izenburuak eta horregatik.

Hau tardeoa da, ezta?

Gaua sartzen hasten denean, techno gehiago du, patxarana utzi eta gin-tonicak hartzen hasten zaren unea da.

Hirugarreneko Manolito, berriz, ez da pertsona bat.

Ez ez, Manolito da euskal rock taldeentzat bideoklipetarako maitea den ikur bat. Maitasun osoz e? Ez dezatela gaizki hartu lagunek. Folklorismoari egindako kritika modu bat da.

Diskoaren edizio fisikorik baduzue?

Ez eta hasieran ez genuen asmorik, baina tirada laburren bat egingo dugu akaso, lagunentzat eta gu bezalako zaleentzat. Lizarrako Santiago plazako iturria ikusten da eta hiru ume ere ikusten dira, Beltza, Senisa eta hiruok irudikatuz, Elena Elizondok egindako azalean.

Kontzertu asko dituzue udaberri eta uda honetarako?

Bai bai, ni nabil kontu horretan eta hogeita bi dira momentuz ditugunak. Maiatzaren 13an Abadiñon hasi eta ia urte bukaerara arte luzatu daitezke. baina nahi duenak, deitu diezaiola El Kaeteri eta lotuko dugu hitzordua.

Bada mila esker eta segi kulturartekotasuna horrela sustatzen.

Mila esker zuei ahotsa ematearren, nonbait ikusiko dugu elkar.