Lara Izagirre, ‘20.000 especies de abejas’ filmetik Lorcaren ‘Yerma’-ra
Polonia, Belgika, Luxenburgo, Italia edo Taiwan... nazioartean ere ikusiko da Estibaliz Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’, hala baieztatu du Lara Izagirre ekoizleak. Zornotzarra zuzendaritza lanetara bueltatuko da berriro, eta martxan du hirugarren proiektua, Lorcaren ‘Yerma’-n oinarritutakoa.
This browser does not support the audio element.
Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu berri da Estibaliz Urresola Solagurenen ‘20.0000 especies de abejas’ filma eta «ospatzeko asko» dagoela dio Lara Izagirre filmaren ekoizleak (Gariza Films), prentsaren harreragatik, ikusleen txalo zaparradagatik eta baita nazioartean egindako salmentengatik ere.
Filmaren eskubideak saldu dira Taiwan, Polonia, Belgika, Italia, Luxenburgon... «eta zerrenda luzatzen ari da» argitu du Izagirrek NAIZ Irratiko ‘Bideokluba’ saioan. Hego Euskal Herrian apirilaren 21ean estreinatuko da, eta Ipar Euskal Herrian oraindik ez da datarik finkatu.
«Sentsazioa dugu filma iritsi dela ikusleen eta kazetarien bihotzetara», esan du Izagirrek, eta barrea ere atera zaio Berlinaleko aurkezpen prentsaurrekoa eta premierra gogoratzerakoan: «Oraindik sinesten ez dugun zerbait da», esan du. Lortutakoa historikoa ote den galdetuta, hein batean baietz uste duela esan du: «73 urte hauetan lehendabiziko aldia da Berlinalen euskara aditzen dela Sail Ofizialean. Eta gainera, film honen atzean dauden gehienak emakumeak dira», erantzuna.
Zuzendaritzara buelta, hirugarren proiektuarekin
Hasi berria da Lara Izagirre ekoizle lanetan. Gidoilari eta zuzendari lanean aritua da, bereak dira ‘Un otoño sin Berlín’ (2015) eta ‘Nora’ (2020) film luzeak. «Niretzako lanbide berri bat ezagutzea izan da –aipatu du–. 2018an hasi ginen proiektuarekin eta zorionez denbora izan dut ofizioa ikasteko eta nire burua egokitzeko. Baina, oso gogorra izan da», aitortu du bizkaitarrak.
«Feminista eta independentea» bezala definitzen den Gariza Films ekoiztetxearen partaidea da Lara Izagirre. ‘20.000 especies de abejas’ lehen luzemetraia ekoitzi diote Estibaliz Urresola Solagureni, baita nazioartean hainbat sari jaso dituen ‘Kordak’ laburmetraia ere.
Lara Izagirrek argi du, ekoizle izatearen esperienzia oso aberasgarria izan bada ere, berak bihotzean daramala gidoigintza eta film zuzendaritza, eta NAIZ Irratian, primizian kontatu du lanean dabilela bere hirugarren proiektuarekin. «Nahiz eta ekoiztea esperientzia itzela den, gogoa daukat nire hirugarren proiektua izanen dena aurrera ateratzeko», aitortu du.
Proiektua hasierako fasean dago orain eta Berlinaleko industria merkatua aprobetxatu dute hainbat bilera egin eta koprodukzioa bilatzeko. «Konturatu gara pelikula gustokoa izan dutela», esan du.
Lara Izagirreren proiektu berri hau Maria Goirizelayak zuzendu eta egokitutako ‘Yerma’ antzezlanean dago oinarritua. Antzerkian Ane Pikaza da lan honen protagonista eta tragedia bat garatzen du, gaur egunera ekarrita. ‘Lorquian trilogia’-ren parte diren hiru antzezlanetako bat da, ‘La casa de Bernarda Alba’ (1936) eta ‘Bodas de sangre’ (1933) obrekin batera.
Maria Goiricelaya dramaturgoa bera, Ana Hormaetxea gidoilariarekin batera, filmaren gidoia idazten ari da egunotan.