IRRATIA
Interview
Xabier Legarreta
Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria

«Denok gara lekuko, badakigu zer praktika dituen frantziar Poliziak, salatu egin behar da»

Irun eta Hendaia arteko pasabidean ezartzen dituzten kontrolak «selektiboak eta arrazistak» direla dio Lakuako Migrazio zuzendariak. Ahaleginak ari omen dira egiten horiek indargabetzeko. Migranteen Nazioarteko egunaren biharamunean, drama honek dakartzan galderei erantzun die NAIZ Irratian.

XabierLegarreta NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan (I.T. | NAIZ Irratia )

This browser does not support the audio element.


255.000 etorkin bizi dira egun EAEn, populazio osoaren %11 inguru da atzerritar jatorrikoa. Horietatik 62.000k dute espainiar nazionalitatea, gainerakoAk modu irregularrean bizi dira gurean. Horiek dira Eustatek orain gutxi eman dituen datuak. Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu du NAIZ Irratian horietatik gehienak latinoamerikarrak direla; Arabak markatzen du salbuespena kasu honetan, «Afrikatik etorritako populazio handia» baitago bertan.

Gehienbat «motibo ekonomikoak» omen daude gurera iristen diren migranteen arrazoien atzean, baina «politikoak» ere bai. Euren profila aldatu egin da, gainera: lehen banaka etortzen ziren, orain gehiago datoz familian: «Profil nagusia Latinoamerikatik datorren emakumearena da, normalean haur batekin edo familiarekin dator. Baina denetarik dago». Eta zergatik hautatzen dute Euskal Herria bizitzeko?: «Gehienak kontakturen bat dutelako etortzen dira hona, eta argi dute hemen geratu nahi dutela». Baina ezin ahaztu «trantsitoan» daudenen fenomenoa ere: «Hauen egoera ezberdina da; Irunetik pasatzen dira horietako asko, gehienak gizonezkoak. Argi dute beraien helburua Europara heltzea dela, Frantzia, Belgika... gehienak frantses hiztunak dira».

Azken egoera honek nahikoa kontrobertsia sortu du azken hilabeteotan mugen itxieraren ondorioz. Zer iruditzen zaion galdetuta, egoera «behin eta berriz salatu» dutela dio Legarretak: «Kontrol selektibo eta arrazistak dira. Horien ondorioz, askoz arriskutsuagoak diren beste bide batzuk hartzen dituzte migranteek, eta tarteka heriotzak ere ikusten ari gara. Gainera, honek mafien areagotzea ere badakar, migranteekin negozioa egitea beste helbururik ez dutenak».

Poliziaren jokabidea ere ezbaian izan da denbora honetan guztian; zenbait eragilek «berehalakoan edo beroan egindako itzulketak» salatu izan dituzte. Honen konstantziarik ba ote duten galdetuta, zera erantzun du: «Denok izan gara lekuko, badakigu denok zer praktika daramatzan Frantziako Poliziak, salatu dugu eta uste dut salatu egin behar dugula», esan du Lakuako Migrazio zuzendariak. Egoera bistaratzeko ahaleginak ari direla egiten gehitu du eta hor kokatu du pasa den azaroan Jean Rene Etchegarai eta Iñigo Urkullu lehendakariek sinatutako adierazpen instituzionala.  

Irun, Gurutze Gorria

Egoera honek guztiak dozenaka migratzaile Irun eta Hendaia arteko pasabidean ez atzera ez aurrera geratzea dakar. Etorkin horiei arreta eskaintzera bideratua dago, berez, Irungo Hilanderas eraikinean Gurutze Gorriak eskaintzen duen zerbitzua. Iaz 8.000 lagun artatu zituzten bertan, aurten 6.500 inguru; baina erruz salatu dute bertako egoera giza eskubideen eragileek, baldintza zehatz batzuk bete gabe, bertatik kanporatzen baitituzte trantsitoan diren herritarrak. Eskuduntza ez dela eurea esan du Legarretak: «Arlo honetan guk konpetentziarik ez dugu, ematen den zerbitzua Ministeritzak finantzaturikoa da, berak markatzen ditu profilak zeintzuk diren...». Zehaztu nahi izan du, edonola, ezartzen diren baldintzen «%97,5ak» kondizio horiek betetzen dituztela.

Lehen mailako etorkinak

Ukrainako gerrak migranteen mugimendu handia ekarri zuen berarekin lehertu zen egunetik, eta horrek etorkinen gaia neurtzeko jarrera ezberdinak ere bai. Etorkin zehatz horien aurrean bestelako jatorri bat dutenekiko ezberdin jokatzen zela, hori izan zen gizarte eragileek salatutakoa. Eta bat egin du tesiarekin Legarretak: «Ukrainarrak nazioarteko babes batekin heldu ziren gurera, eta horrek asko aldatzen ditu gauzak. Argi dago Europak nahi duenean horrelako formulak aktibatzen direla, eta hori salatu egin behar da; gure aldetik ez da lehentasunik egon, Ukrainako kontingentziarako programa batzuk aktibatu genituen, baina martxan ditugu beste programa eta ildo batzuk beste profil batzuei erantzuteko».
    
Zentzu horretan, argi du Euskal Herria «herri solidarioa» dela, eta administrazioak daukan erronka handiena «kultur aniztasuna nola kudeatu» erabakitzean datzala. Ez du bat egiten migrazioa hazkunde ekonomikoarekin lotzearen ideiarekin: «Migrazioa fenomeno estruktural bat da, atzetik giza eskubide batzuk dituena. Horiek bermatzea da niretzat garrantzitsuena». Kezka azaldu du, edonola, azken boladan Europan indarra hartzen ari diren zenbait jarrera xenofoborekin; EAEk bere migrazioarekiko Euskal Ituna duela gogoratu du, hain juxtu, diskurtso horiei aurre egiteko: «Diskrutso xenofobo eta arrazisten edo populismoaren aurrean gizarteak erremintak behar ditu, horretarako da itun hori».