IRRATIA

«Diskoa soilik niretzako egin izan banu, ez nintzateke hemen egongo»

'Lehengo Lepotikan Burua' diskoa aurkeztu zuen Olaia Inziartek duela astebete. Durangoko Azokaren baitan, aurkezpen kontzertua eskaini du Ahotsenean. 

This browser does not support the audio element.


Durangoko Azokak ateak zabaldu ditu goizeko 10:30tan. Liburu, disko, aldizkari eta ikus-entzunezkoen artean, 930 nobedade izango ditu 57. edizio honek. Horietako bat da 'Lehenengo Lepotikan Burua', Olaia Inziarte abeslariaren lehen lan luzea. 

10 abestiko lan intimoa ondu du nafarrak, hitzetan barrenak hustuz. «Eszenatoki gainean solasean hasten naizenean, batzuetan, pentsatzen dut gehiegi kontatzen ari naizela» aitortu digu Inziartek. «Ikaskuntzaz betetako prozesu bat izan da; fase berri bat da. Gero eta gehiago sinesten dut nire buruan, eta terapiak ere badu zerikusi handia horretan».

«Oso polita geratzen da esatea beteta sentitzen zarela, eta egia da; baina, fase hori pasata, feedback bat eduki nahi duzu». Hartu-eman hori jasoko du datozen egunetan Durangoko Azokan. «Diskoa soilik niretzako egin izan banu, ez nintzateke hemen egongo», esan digu musikariak. 

Amatxi Maria Jesusentzat abesti bat, eta bere buruaz beste egin zuen lagunarentzat beste bat topa dezakegu disko honetan, besteak beste. Indarra «Olaia txikia besarkatzean» atera duela dio, eta hori «diskoarekin islatu nahi izan dut».