«Oilo-ipurdia jartzen zait oraindik, Myanmarren bizitakoekin gogoratzean»
Asko bidaiatutakoa da Barkane Odriozola Amigorena, baina bada bat herrialde bat inflexio puntu izan zena bere bizitzan: Myanmar. 26 urte beranduago detaile handiz gogoratzen du diktadurapean bizi zen herrialde hura, egoera ez da asko aldatu. NAIZ Bidaiari saioan kontatu digu bere esperientzia.
This browser does not support the audio element.
Mapan eta denboran jauzi handia egingo dugu gaurko saioan, Bakarne Odriozola Amigorenaren eskutik. Orain mende laurden pasatxoko Myanmar ezagutuko dugu, diktadurapean bizi zen herrialdera joango gara. «Isildua, itxia, hermetikoa», horrelakoxea zen Myanmar 1996. urtean, bertako informazio gutxi ailegatzen omen zen Euskal Herrira garai hartan. Bada, herrialde horren itzalekoak ezagutzeko grinaz joan zen Odriozola, bi lagunekin.
Bangkok-en geldialdia eginda iritsi ziren herrialdera. Bertako errelaitatea medio, aski antolatutako bidaia batekin egin zuten topo: «Garbi zegoen gure aldetik ezin genuela ibili; alde batetik, ez zegoelako nahikoa azpiegiturarik; eta, beste alde batetik, toki jakin batzuk itxita zeudelako turistentzat, baita herritar askorentzat ere». Nolanahi ere, zirrikituak aurkitu zizkioten bidaiari: «Beraiek alde batetik joateko esan, eta gu bestetik mugitzen ginen. Guri benetan gertatzen ari zena interesatzen zitzaigun».
Herritarrekin hartu-emana izatea zuen xede hirukoteak, beren errealitatea ezagutzeko. Hala, herrialdearen hegoaldean kokatzen den hirian, Yangon edo Rangun delakoan hasi, eta itzulia eman zioten herrialdeari, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Budismoa indar handiz praktikatzen den herrialdea izanik, aberastasun arkeologiko handia biltzen da tenpluen inguruan; bertako lasaitasunean murgildu ziren, baita landa-eremuko bizimodu xumean barrena ibili ere, berdegunez inguratuta: «Ura balio garrantzitsua da. Ura dagoen tokian, aberastasuna egongo da. Tripa beteta izateko aukera ematen du, salerosketarako baliabideak sortzeko aukera. Ura badago, azoka, jendea eta bizitza dago Myanmar-en». Rohingyak ezagutu zituzten; sarraski handiak piratu dituen estatu jakinik gabeko talde etnikoa da, ia aitortzarik gabekoa. Horietako asko eta asko errefuxiatuak dira, bai garai batean, bai gaur egun. Horrez gain, sei bat Padaung emakume jirafekin izan ziren: gorputzeko artikulazioak —lepoa, txorkatilak zein eskumuturrak— eraztunez josita bizi dira, haien arabera, edertasunaren sinbolo. Tamalez, eraztun horiek berek sortzen duten ikusmira turistikoa da beren diru-iturria.
Eta bidaia ezin izan zuten modu bereziago batean bukatu: bere etxean atxilotua zegoen Aung San Suu Kyi ekintzailea ezagutu zuten, bere atarian, erdi ezkutuan, jendaurrean egindako hitzordu batean: «Ez genuen esan zuen ezer ulertu, baina sortu zen giroak eta emakume horrek transmititzen zuenak malkoa atera zigun: freedom, freedom, zioten jarraitzaileek». Denborak aurrera egin badu ere, memorian iltzatuta ditu Myanmar-en bizitako hainbat eta hainbat esperientzia Odriozolak, oilo-ipurdia jartzeraino. Hala, gertutik jarraitzen du bertako errealitatea, eta zaharrek berri izaten jarraitzen omen dute.