Zarautz presorik gabeko herria delako festa deitu dute larunbat honetarako
13 urte eta gero aske geratu zen pasa den maiatzean Ekaitz Sirvent, eta haren itzulerarekin, presorik gabeko herri bihurtu da Zarautz. Larunbat honetan, ekainak 18, 'Presorik gabeko eguna' ospatuko dute herrian, eta hamarkada luze hauetan ondoan izan diren herritar eta senideak eskertuko dituzte.
This browser does not support the audio element.
'Presorik gabeko eguna' ospatuko da larunbata honetan Zarautzen egun osoko egitarauarekin. Eguerdian mobilizazioa, ondoren, kalejira musikatua, Putzuzulo gaztetxean herri bazkaria, kontzertuak eta ordu txikitan festak Arrano tabernan jarraituko du. Orain aske diren 33 preso ohik gonbidapena luzatu diete herritarrei festan parte hartzeko, «oraingoan guk nahi zaituztegu gure ondoan» esanez. Idatzi horren sinatzaileetako bat da Haimar Arozena zarauztarra eta ´Etxerako Kunda´ saioan izan da.
«Egoera berria da, positiboa, aspalditik bilatutakoa, eta horregatik ospatzeko eguna» dela iruditzen zaio Haimar Arozenari ekainaren 18koa. Haren esanetan, ospakizuna «urte hauetan guztietan lanean aritu diren senide eta herritarrei eskerrak emateko» baliatuko da. «Espetxe barruan egiten diren urte guzti horietan bizirauteko harremanak dira oinarri, babesa eta laguntza» eta hori senide eta herritarrek eskaintzen dutela dio, «ezinekoa litzateke haien babesik gabe».
Ekainak 18ko festan herriak duen egoera berria ospatzeaz gain, aldarrikapenik ez da faltatuko. «18an ez da ezer bukatuko, orain arteko konpromezuak mantenduko ditugu, oraindik 185 preso politiko daude eta neurgailua hutsean jarraitu arte lanean jarraituko dugu», esan du Arozenak.