Txapartegi: «Ez nator nahi bezala, baina are gutxiago eurek nahi zuten moduan, eskuak lotuta»
15 urte eta gero Euskal Herrira itzuli da Nekane Txapartegi. Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro ostean utzi dute aske, karguekin bada ere. Bere etxeratzea «urte hauetan guztietan egin dugun borroka kolektiboaren ondorioa» dela dio.
This browser does not support the audio element.
NAIZ Irratiko Etxerako Kunda saioan izan da Nekane Txapartegi Euskal Herrira bidean zenean; «nire bihotzean ari da kolorea hartzen paisaia», aitortu du pozik. Hamabost urte eman ditu Euskal Herritik kanpo, erbestean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren akusazioei iskin egin asmoz.
Auzitegitik pasa ostean karguekin baina aske utzi dute. «Urte hauetan guztietan egin dugun borroka kolektiboaren eta elkartasunaren ondorioa» da bera etxera aske itzultzea, bere hitzetan. Urratsa orain ematearen arrazoien inguruan azaldu du bere egoera salatzeko ekimenei esker «Auzitegi Nazionalak egin zuen eraikuntza politiko hori desegin» egin behar izan duela: «Konturatu gara eskuetan ez zeukatela ezer, airea besterik, eta zantzu guztiak zeudela aurkeztuz gero aske aterako nintzela».
Urratsa beragatik baino «alabagatik» ere egin duela nabarmendu du; «bahiketa politiko honen neurriak jasaten ari zen bera ere, 13 urte ditu eta ezin izan du Suitza utzi, ezin bidaiatu... horregatik erabaki dut pauso hau ematea». Karguekin bada ere Euskal Herrian da dagoeneko. «Etxerako itzulera ez da nik nahko nukeen modukoa izan, baina are gtuxiago eurek nahi zuten modukoa, eskuak lotuta».
«Denak kalera»
Asteartero (22.00) espetxeko egoerari begiratzeko tartea da Patxi Urangak gidatutako Etxerako Kunda saioa, bertan presoentzat mezua ere izan du Txapartegik: «Espero dut beraiek ere ni bezala Euskal Herrian aske izatea, nik horretarako borrokan jarraitzeko asmoa dut, denak aske izan arte! Zapi morea lepoan, euskara ahoan eta herria bihotzean».