IRRATIA

Juan G. Andres kazetariaren kantu kuttunak

Juan G. Andres kazetari eta argazkilaria zinematik gertuago dabil azkenaldian, baina musika beti izan du gertu. Bere bizitzako bost kanta hautatzeko eskatu diogu Doinuetatik Haratago tartean. 

Juan G. Andres (Ulu media)

This browser does not support the audio element.


Juan G. Andres kazetari, argazkilari eta zinemazaleak hankaz gora jarri du Doinuetatik Haratago tartea. Bonus track batekin eman dio hasiera tarteari, eta bere haurtzarora eraman gaitu. Lehenik, Paco Ibañezen 'Érase una vez' aukeratu du, «Fikzioa beti izan da nire bizitzaren ardatza, bai ikusle edo irakurle bezala, eta baita sortzaile bezala ere». Horregatik agian, kazetaritza ikastea erabaki zuen. 

Nahiz eta orain zinemara hurbildu den, musika beti izan du alboan. «Beti gustatu izan zait kontzertuen lehen lerroan egoeta, argazkiak atera eta artisten izerdia sentitzeko». 'Don't leave me this way' (The Communards) izan da aukeratutako bigarren abestia; «Hau izan zen lehenbiziko diskoa, aitak erosi zidan 10 urte nituela» kontatu digu.

Hirugarren kantua, 'I'll be your mirror' (The Velvet Underground & Nico) izan da. «Emakumezkorik hautatu ez dudanez, The Velvet Undergroundek Nico abeslariarekin abestu zuen bat aukeratu dut» aitortu digu.

Laugarrena, Rafa Berrioren 'Mis ayeres muertos' abestia izan da. «Bagenekien gaixo zegoela, baina ezin izan genion agurrik egin». Azkena, 'The Black Rider' (Tom Waits). «Buruan pistola bat jarriko balidate, artista bakar bat aukeratzeko, Tom Waits izango litzateke».

Horixe izan da Juan G. Andresen aukeraketa, Bigarren Kafeko Doinuetatik Haratago tartean.