IRRATIA

8 bit musikan sortutako ‘Hyrulear danborrada’, 2022ko San Sebastianetako bitxikeria

San Sebastian eguna eta musika elkarrekin lotuta daude ezbairik gabe. Euskal Herriko milaka musikari izaten dira Donostian Sarriegiren doinuak jo eta danborrak haien konpasean astindu ditzaten. Donostiar batek, ordea, 8 bit musikara moldatu ditu Sarriegiren doinuak.

Musikaren estiloan, 8 bit formatuan, egin dio azala Benghovenek ‘Hyrulear danborrada‘ diskoari. (Mikel BENGOETXEA)

This browser does not support the audio element.


Urtarrilaren 20arekin batera halako proiektu bitxi bat iritsi zitzaigun eskuartera eta atzetik dagoen lanari buruz gehiago jakin nahi izan dugu sortzailearekin hitz eginaz. Benghoven izenaren atzean dagoena, Mikel Bengoetxea (Donostia, 1993) da, bere burua musikaritzat baino, «musikan saltsan» dabilen pertsona bezala aurkezten duena. Donostiako Danborradako kantuak hartu eta 8 bit estiloko musikara moldatu ditu ‘Hyrulear danborrada’ deituriko diskoan bilduz.

Ingeniaria da izatez eta arraroa egiten zaio bere burua musikari bezala aurkeztea. Halaber, bideo-jokoekin ere ez du lotura berezirik, ingeniaria da baina ez omen du sekulan ere diskoaren titulua sorburu duen Zelda bideo-jokoan jolastu: «Ez dakit ingeniaritzak eta bideo-jokoek baduten halako zerikusirik. Egia da titulua Zelda jokotik atera dudala, baina iruzurti bezala sentitzen naiz, ez baitut sekula jolastu Zeldan. Baina izen bat behar nuen, bilaka ibili nintzen eta Zeldaren munduak Hyrulea izena izatea pare-parean ematen zuen diskoaren ideiarekin, Hyrulea-Hirutxulo lotura bat egiteko».

Promorik gabe etorri den diskoa izan da, baina ia urtebetez aritu da honekin lanean Benghoven: «Pasa den urteko martxoan elkarbanatu nuen ‘Polka’ abestiaren bertsioa nire lagunekin eta Instagram sareko profilean, jendeak nola erreakzionatzen zuen ikusteko eta zer nolako harrera zuen jakiteko. Ikustean entzun zutenek gogoko zutela, nire buruari erronka jarri nion San Sebastian egunerako diskoa osatuko nuela. Denboraz ondo nenbilela uste nuen, baina azken asteraino luzatu zait proiektua eta egurra emanda, garaiz kaleratu da».

Danborrada-zalea da Benghoven eta ‘Polka’ abestia buruan sartu zitzaiola hasi zen guztiarekin martxan: «Kantu guztietatik akaso hori da gehien gustatzen zaidan abestia eta buruan iltzatuta neukan hau guztia sortzen hasi nintzenean». Dena dela, sorkuntza honek badu bere zailtasuna, izan ere abesti bakoitzak gehienez jota lau pista ditu instrumentuak grabatu ahal izateko, eta horrek lau ataletan banatzera eramaten du guztia, hori baita 8 bit musikak duena. «Buruhauste gehien eman dizkidana, akaso, ‘Donostiako martxa’ da, baina ez zailena zelako, baizik eta bukaeran egin dudalako. Ikasten joan naizen heinean gauzak nola hobetu ere ikusi dut eta, gehien entzungo zen abestia zenez, bukaeran sortu nuen. Presak, urduritasuna… dena elkartu zen eta baditu pare bat zati konplikatu. Melodia printzipala egitea erraza da, baina grabeak eta bigarren ahotsak beste gauza bat dira. Txistulariek jotako doinuak erabili ditut horretarako, edota abesbatzarako moldaketek bukaeran dituzten gauza interesgarri batzuk ere nahastu ditut, dena belarriz, partiturarik gabe. Baina momentu batzuetan dena unisonoan doa eta hori 8 bitean pobre geratzen zela uste nuenez, bigarren ahotsak eta sortzen hasi behar izan dut hor», azaldu digu Benghovenek.

Dena dela 8 biten mundura nola gerturatu zen ere jakin nahi izan dugu. Kasetak berriz ere bogan jarri ziren garai bertsuan egin zuen gora soinu mota honek, baina oso bestelako kontu batetatik hasi zen sortzen Benghoven 8 bit musika: «Tutorial bat ikusiz hasi nintzen, YouTuben, FrankJavCeeren kanalean. Bertan sarean sortzen diren generoetako musikak nola sortu aipatzen zuen eta tartean zegoen 8 bit musikarena. Hari jarraika hasi eta ikasten hasi nintzen, oso dibertigarria zelako bere musika sortzeko modu hori. Nahikoa erreza iruditu zitzaidan, baina ez nekien zer egin horrekin, ‘Polka’ abestiarekin konexioa egin eta honetan jarri nintzen arte».

Benghoven bezala, gauza gehiago sortzen ari dela ere kontatu digu, «baina 8 biteko musika albo batera utziko dudala uste dut, saturazio dezente dudalako. Gauzak sortzeko gogotsu nintzen lehendik ere, orain akaso presio pixka bat sentitzen dut, baina ez dut plan finkorik zer egingo dudanaren inguruan. Bide berriak probatu nahi ditut, gitarra pedalekin jolasean aritzea gustatzen zait, haiekin eta gitarrarik erabili gabe, inprobisazio modukoak egin zalea naiz. Akaso Benghoven izena erabiltzea pentsatzen nabil halako gauzak kaleratu eta toki desberdinetan aurkeztu ahal izateko. Ez dakit inori gustatuko zaion, baina niri bai», esan digu Benghovenek. Eta hala bedi, musika gozatzeko baita.