Iazko urteak nazioarteko musikan ekarri duenari errepasoa eman dio Izkander Fernandezek
Kanpoan gertatzen denaren berri ematen dugu MusikHaria saioan, baina astean behin Izkander Fernandezen bisitarekin asko ikasten dugu, beste zirkuitu bateko doinuak ekartzen dizkigulako sarritan. Hartara, 2021ean atzerrian sortu diren disko interesgarrienen zerrenda bat ekarri digu lemoaztarrak.
This browser does not support the audio element.
Urtero zerrenda propioak egin zalea izan da Izkander Fernandez musika aditua bere ‘Pride of the monster’ web orrialdean. Aurten orrialdean ez, baina orrialdetik kanpo sare sozialetan partekatu zuen disko kuttunen zerrenda eta harri tiraka osatu digu MusikHaria saioan nazioarteko errepasoa.
Aspaldian gurean izateko aukerarik eduki ez duen arren, 2022arekin berriz ere bueltan izatea da Izkander Fernandezen nahia eta baita gurea ere. Lemoako musika adituak nazioartean gertatzen denaren berri ematen digu askotan, eta ekartzen digunarekin nahikoa fin ibiltzen da kritikak loriatzen dituen hainbat artistaren gomendioekin. Gainera, arriskatzeko ohitura izaten du eta urte hasieratik hasten da bere ustez urteko disko onenen artean egon daitezkeenak zeintzuk diren esaten, eta asko asmatzen du, bai behintzat nazioarteko hedabideetan gero ikusten diren zerrendei begira jartzen bagara.
MusikHaria saiorako ekarri dizkigun abesti eta artista batzuk aurretik ere ezagutzen genituen, eta, egiari zor, guztiak ere asko aipatu dira batean eta bestean. Lagin horri, bere ustetan onenak izan diren beste batzuk gehituta, aukera zabala egin du 2021ean nazioarteko musikan gertatu dena ulertzeko. Jakina, beti ere eszena underground batetik abiatuta, nahiz eta berak esaten duen bezala, «gaur egun ezin da jakin zer den mainstream eta zer underground» musika.
Hauxe da Izkander Fernandezen ustez 2021ak nazioartean eman duen onena:
– Mastodon - Teardrinker
– Spectral Wound - Imperial Saison Noire
– Snail Mail - Light blue
– Mammoth WVH - You'll be the one
– Turnstile - Holiday
– Black Country New Road - Athens, France
– Muna - Silk Chiffon (ft. Phoebe Bridgers)