«Lehen dena zen ‘kursia’ Intzarengan eta orain, denboraren poderioz, ez da horrela»
Musika munduan urte dezente darama buru-belarri Intza Unanue Arruabarrenak (Orio, 1996). Askori ezaguna egingo zaio Benito Lertxundirekin igotzen delako oholtzara, beste batzuk, ordea, ukelelea eskuan ikusiko zuten lehen aldiz. ‘Ilundu aurretik’ disko laburra kaleratu du eta hura aurkeztu digu.
This browser does not support the audio element.
Bere ahotsa aurkezteko modu hoberik ez dakit posible izango zen, ‘Desizozten’ teaser-kantuan Intzaren ia erregistro dena entzun ahal izan dugulako. «Nire bizitzako bi alorrak uztartuta, musika eta komunikazioa, oso pentsatuta egin dugun zerbait da diskoa hasiera-hasieratik». Hala, etxekoak lanean jarri zituen aurkezpen bideoa egiterako garaian: «Askotan kanpoko enpresekin egiten dugu lan eta inguruan dugun talentuaz ez gara jabetzen eta horretaz baliatu eta balioan jartzea garrantzitsua iruditu zait». Itsasoaren erdian ageri da Intza kantu horretan: «Martxoan izan zen gainera, ura hotza zegoela, eta neoprenorik gabe, soinean neraman jantziarekin ezin zelako halakorik egin». Hilabete luzez proiektua hozkailuan edukitzea asko kosta zaiola ere adierazi digu: «Halako albisteak kontatu zale naiz eta ez da erreza izan gordetzea». Bada, patxadaz aritu gara egin duen lanaz Intzarekin MusikHaria saioan.
Sormen prozesua nolakoa izan da?
Kantu batzuk 2018an sortu dira eta besteak berriagoak dira. Batzuetan zerbait kontatu nahi nuelako eta hitzetatik abiatuta sortu da abestia, beste batzuk momentu berean sortzen dira eta badira melodietatik abiatuta sortzen diren kantuak ere.
50 edota 60. hamarkadako rock balada bat dela dirudi ‘Bakardadean’ kantuak. Elvis Presleyren estiloan, edota, zergatik ez, Grease pelikulako soinu bandako abestien tankerakoa.
Nik taldean aipatu izan dut pixka bat sexy geratu dela abestia zati batzuetan. Eñaut Gaztañagarekin aritu gara lanean eta berak argitasun berezia eman dio.
«Zer ote zaren, beste behin jostailu?», diozu kantuaren hitzetan. Zuk 25 urte beteko dituzu aurten, 20 urteetako lehendabiziko krisia da bakardadea sentitzearena? Unibertsitate bukaera, lagunen artean eta bikotean izaten diren aldaketak…
Abestien hitzak ez zait oso literalak izatea gustatzen. Bakardadearen beste zentzu batetik idatzi dut, emakumeak bere gorputz eta arimarekin bakardadean eta arrotz sentitu gara maiz gizartearen eraginez. Hala, nik nire bizipenetan sentitu dudana kontuan hartuz, kantua osatu dut.
‘Desizozten’-ekin bezala kantu honetan ere zure ahotsaren indarra erakutsi duzu. Hasi zinenetik hona erregistro aldaketa nabarmena dago, ezta?
Egia da jendeak ez duela akaso beste Intzarik ezagutzen, lehendabiziko diskoa delako, baina nire inguruan eta nire baitan nabaritu dugu aldaketa. Intza leuna ezagutzen zuen askok, baina beste indar hori ere badut eta atera nahi izan dut disko honetan.
Erregistroa eta tesitura, noski. Ikusi dugu oso zabala duzula.
Askotan nota altuetara jotzen dugu, distira gehiago dutelako, baina beheko tonuetara iristen ikasi dut, diafragmaren arnasketa landuz eta halako kontuekin.
Hala ere koroetan gizonezkoren bat, ezta?
Ez ni naiz, etxekoek ere ez naute ezagutu zati horietan. Oso baxutik hartu dut eta ahots gutxi erabilita atera da hori.
‘Azaroan’ kantuak ematen dio diskoari irekiera. Azaroan heldu zen diskoa, kantua… Zer du azaroak berezitik?
Ez dakit kontatu beharko nukeen, baina kantuak berez ‘Iraila’ izena behar zuen. Gero ‘Urria’ bihurtu zen, estrategia komunikatiboa kontuan hartuz, baina hitz horrek ez zeukan indarrik kantuan. Diseinua eta ilustrazioak eta lantzean ‘Azaroa’ izatera pasa zen eta horregatik da ‘Azaroa’, estrategia horrengatik. Gaur egunean komunikazioari sekula garrantzia eman zaio, eta kasualitatez gaur egun gauza gutxi egiten dira eta balio hori ere eman behar zaiola iruditzen zait. Abestiaren istorioan badu pisua azaroak baina bestela ez du ezer berezirik niretzat.
Hasierako demotik bukaerara aldaketa handia eman du kantu honek?
Bai, zorionez halako bidea izan du. Entseguetan joan da garatzen eta taldeak duen arima hartzen. Bera bakarrik joan da espazio hori hartzen, eta naturalki egin du bere bidea. Imanol Arrutik Giranice taldean jotzen du, lokala partekatzen dugu eta betidanik gustatu zait haien musika. Musika instrumentala ere entzuten dut eta ez nuen sekula esperoko nire abesti bat hain espaziala izango zenik, baina hor dago emaitza eta oso pozik nago.
‘Akuamarina’ kantua ukelelearekin dago sortua edo nire irudipena da?
Bai, hala da. Ukelele baritono batekin dago grabatua, tamainaz handi samarra dena. Askok esan dit ea nire neurriko gitarra ote den. Baina beste soinu bat du eta diskoan grabatuta dago.
Zu hasieran ukelelearekin hasi zinen abestiak sortzen, gainera.
Nik instrumentu moduan hura hartu nuen, kantuak sortzeko modua horrela ulertzen nuelako, instrumentu batekin, alegia. Gero konturatu naiz ahotsarekin eta tarareatuz sortu daitezkeela kantuak.
Harreman baten hasiera kontatzen duen dantza bat irudikatzen diguzu kantuan.
Denok bizi izan dugu harreman baten hasieran dagoen ilusio hori, gauzak elkarbanatze hori. Nire alde ‘kursiena’ erakusten dut eta hori ere banaiz. Lehen dena zen ‘kursia’ Intzarengan eta orain, denboraren poderioz, ez da horrela. Bideak eta izandako erorketek irakatsi didatenaren ondorioz izango da noski.
Melodia eta hitzak ez datoz parean eta uneren batean mezua luzatzea espero dugu. Baina ez da luzatzen.
Nire musika egiteko moduak hori du, estrukturak ez direla ohikoak. Ez dut akademikoki ikasi musika eta horrek gero sorpresara eramaten gaitu, nire kantuak egiteko modua onerako edo txarrerako horrela delako.
Irudiari benetan garrantzia eman diozu hasieratik, etxeko logelan egin zenuen bideo hartatik. Zuriz jantzita eta lorez inguratuta agertu zara orain ‘Ilundu aurretik’ diskoaren azalean.
Beti banatu ditut musika inguruan dabilen Intza eta kaleko Intza. Edozeinekin hitz eginez gero, Intza beti barrez, hizketan eta puntu ero horrekin bizi den pertsona da. Baina musika munduan pertsonaia bat edota iruditeria bat lantzen dut, ni naizena baita ere, baina naturako elementuak, estetika hori… gauza asko lantzen ditut, entzuleari nire musika ulertzea errazteko.
Ahizpak egindakoa izango da arropa.
Bai, Soia Bridal marka da berea eta ezkongaien eta ezkontzetarako gonbidatuen arropa egiten du. Nik aspalditik eskatu nion kontzertuetarako nahi nuela berak egindako soinekoren bat eta gainera kontrastea egiten du sortu ditugun abesti batzuekin, oso purua delako irudia.
Popatik estudioan landu duzue irudia?
Bai, horrela da, nik proposamen batzuk egin nituen eta, Popatik-en landu ostean, The Badass Project-ekoekin egin ditugu argazkiak, haien iruditeria hori asko gustatzen zitzaidalako.
‘Zurekin’ balada rockeroagoa da. Hemen erlazio afektiboa bai, baina zentzu zabalago batean hartu daiteke. Zurekin nago esaten ari zara norbaiti.
Nire aitonaren azken hilabeteetan berarekin asko egoteko aukera izan nuen nire egoera pertsonala zela-eta, hortaz ordu asko eman nituen harekin ospitalean. Gaizki dagoen bati eskua luzatzera gonbidatzen duen kantua da, izan laguna, familiakoa… Eta entzuleak erraz bihurtu dezake bere abestia.
Hard rock ukitua du ‘Amaiera baten hasiera’ kantuak. Status Quo edota Akelarreren doinuak gogorarazi dizkit sarrerak. Zer entzuten du Intzak?
Euskal folketik metalera arteko guztia entzuten dut, sasoiaren arabera. Aniztasun hori ere bada musikan eragin duena. Kantu honekin, taldean esaten dugu igandeko talde izatetik ostegunekoa izatera pasa garela, beste indar bat duelako.
Hasieratik bukaerarako emaitzara aldaketa handia izan omen du, gainera.
Estudiora sartu baino bi aste lehenago erabaki genuen aldaketa. Ez zidan konbentzitzen aurreko bertsioak, ez nuen gertuko sentitzen, eta ‘makarrada’ hau egitea erabaki genuen. Kantuaren letrak ere uzten zion eroxeagoa izaten kantu honi. Etapa bukaerak oso zailak izaten direla diot eta behin hori onartzean dena beste modu batera ikusten denez, ideia horrekin kantu hau ere lotu daiteke.
Kontzertuetan zuen kantuak soilik entzungo ditugu edo bertsioak ere bai?
Bost kantu kaleratu baditugu ere, errepertorio zabalagoa daukagu eta pare bat bertsio ere izango dira tartean. Ordu eta erdi edo bi orduko emanaldirik ezin da espero, baina gure musika aurkezteko ordubeteko emanaldi bete bat osatzeko lanetan gabiltza. Otsaila inguruan emango dugu lehen kontzertua, Orion bertan, Etxeluze gaztetxean. Konfiantzako eremu batean izango da eta entsegu publiko bezala hartuko duguna. Esan didate akaso ez dela ideiarik onena norbere herrian jotzea, baina tirita kentzeko aprobetxatuko dugu.
Diskoa fisikoan atera duzue?
Merkatua dagoen bezala dena digitalean kontsumitzen da. Ni binilo zalea naiz eta hala kaleratuko nuke, baina ez da egokiena. Hala ere, zuzenekoak ematen ditugunean, norbaitek zerbait eraman nahiko balu ere, diskoaren kopia batzuk egingo ditugu.
Estudio desberdinetan aritua zara zu grabatzen. Zer moduzko esperientzia izan da Gaztain estudiokoa?
Oso estudio etxekoia izan da. Eñaut oso profesionala da eta bere mugak markatzen ditu, baina kantu bakoitza berea balitz bezala hartzen du eta duen onena ateratzen saiatzen da. Disko hau atera aurretik ere harekin izan nuen grabaketa bat. Askotan sentitzen duzu norbaitengana joateko deia, nahiz eta aurrez-aurre ezagutu ez, entzun dituzun erreferentziak izanda berarengana bideratzen zaituelako zure barnean.