Marmoka taldekoen rock&roll umoretsua
‘Suge gorriaren itzal luzea’ kantuarekin iritsi ziren lehenengoz MusikHaria saiora Marmoka taldekoak. Ordutik ez diogu haien lana jarraitzeari utzi, rocka, umorea eta ironia fina maisuki uztartzen dituztelako. Hala, ‘Beste bat’ saioei esker ikusi dugu ez genbiltzala okerreko bidetik.
This browser does not support the audio element.
Hendrix, Mufloi, Mkarel eta Hankapalok osatzen dute Marmoka taldea gaur egun. Beren musikak bezala taldekideen ezizenek ere eboluzionatu dute taldearen ibilbidean. Umoretsuak dira ezbairik gabe. Hasiera batean Telmo Iridoi eta Gorka Emazabel ‘Katxarros’ ziren taldekideak Koldo ‘Mkarel’ eta Ibai ‘Hendrix’ lagun zituztela, baina taldea utzi gero Ruben ‘Mufloi’ eta Ortzi ’Hankapalo’ batu ziren proiektura. «Bakoitzak bazuen ezizen bat eta nik ez neukan, baina, hasi ziren adarra jotzen Pitillas gora eta behera oporren kontuagatik. Orduan, egun batez, Frantxillako Axunek esan zidan «nora hoa ‘patta’ horiekin?» eta hortik aurrera Hankapalo da nire ezizena», kontatu digu .
‘Popstar’ kantua da haien abestietako bat, baina urrian ‘radiostar’ bihurtu ziren Naiz Irratian ‘Beste bat’ saioak egiten. Zinez umore handiko tarte musikatuak eskaini zizkigun talde hondarribiarrak. «Postureoari kritika bat egin genion abesti hartan, gure lehenengo maketako kantua, baina gero gu ere apoderatzen gara ahal dugunean postureo horretaz. Autokritika bat ere bada kasik», kontatu digute.
‘Gu hemen, zu ere’ abestiarekin Hondarribiko musika eszenari buruz mintzatu ziren hein batean Marmoka taldekoak. Izan ere Psilocybeneako sustatzaileen artean daude haiek ere. Izenaren jatorri bitxia ere kontatu digute Marmoka taldekoek: «Psilocybe hitza bera ere nondik datorren aipatzeko aprobetxatuko dugu. Jaizkibel mendiaren magalean musika talde asko sortu ziren garai batean eta denetako kideak mendi aldera joaten ziren perretxikoak biltzera. Sorgin zorrotzak biltzen zituzten orduan eta perretxiko horrek psylocibina deituriko sustantzia zeukan. Talde batzuk beren entsegu lokalean sormena lantzeko erabiltzen zuten perretxiko hau eta guk ere gure bidaiatxoak egiten genituen. Hortik dator Psylociberen jatorria. 1992an edo 1993an fanzine bat sortu zen ‘Underribi’ deiturikoa eta lau talde nagusi ginen orduan: Beti Mugan, Orgasmic Thoothpicks, Dut eta The Illusions. Eta hortik aurrera sortu zen Psylocibe musika elkartea, entsegu lokalak lortu genituen eta gerora aretoa etorri zen. Hortik doa kantuaren istorioa».
Badira ordea hainbat bitxikeria aretoaren inguruan sorreratik: «2008an aretoa ireki zenean, etxe beltza, atarian hain ezaguna den neoizko P arrosa hori jarri genuen. Gogoan dut entsegua eta gero, atarian ginela deskantsu bat edaten, blagan, haizea hartzen edo zerbeza bat edaten. Gerturatu zitzaizkigun bi gizon, Europa ekialdekoak edo zirenak, eta «kaixo» esan eta hiru gela zeudela ikusita, zerbitzu bila etorri zirela konturatu ginen. Uste zuten putetxe bat zela eta guk erantzun genien «no, only rock&roll, this is a music hall», kosta zen sinistea».
Baina hori taldearen hasierako faseari buruzko zatia soilik izan da. Umore tarte zabalagoa eta ibilbide guztiaren errepasoa egin genuen 45 minutuko elkarrizketa eder batean. Ez utzi entzuteari!