Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Interview
Mikel Larratxe eta Maialen Salas
Psilocybe Elkarteko kideak

«Harrotasun puntu batekin ere esaten dugu espazio hau musikariek sortua dela musikarientzako»

Mikel Larratxe eta Maialen Salas Psylocibe elkarteko kideekin izan gara, 30. urteurreneko ospakizun bezala bilduma bat publikatu eta elkarteko taldeekin festa antolatu dutelako. Gaur, ekainak 8, izango da festa Psilocyben, eta, festaz gainera, elkartearen ibilbideaz ere aritu gara hizketan.

Audio_placeholder

«Harrotasun puntu batekin ere esaten dugu espazio hau musikariek sortua dela musikarientzako»

Loading player...
Mikel Larratxe eta Maialen Salas buru-belarri dabiltza Psilocybe Elkarteko martxan.
Mikel Larratxe eta Maialen Salas buru-belarri dabiltza Psilocybe Elkarteko martxan. (Uxoa ANDUAGA)

Arraun kontuak diskoa irekitzeko, zuek arraunaz gogaituta zaudete?

Maialen Salas: Ni ez!

Mikel Larratxe: Ni bai. ‘Fifty fifty’ gaude, hortaz.

30 urte pasa dira dagoeneko Psilocybe elkartea martxan jarri zenetik. Zenbat geratzen dira edo zarete hasieran proiektua abiatu zutenen artetik?

M.S.: Nire ustez batzuk geratzen dira. Danel eta Anjel LIFekoak ziur, eta beste batzuk ere bai… Pedro eta besteren bat.

Zuei zer transmititu zizueten Psilocyberen parte izatera zindoazenean, elkartearen kide izatera pasa zineten unean.

M.S.: Hasi nintzenean 18 edo 19 urte nituen eta errebotez iritsi nintzen. Talde batean jotzea zen nire nahia eta hemen sartzeko aukera eman zidaten. Nahikoa erreza izan zen guztia. Kontzertuetara joaten ginen eta haietako batean esan genuen sartu nahi genuela eta hasi ginen etortzen eta listo. Dena oso naturala izan zen. Hasi ginenean oraindik ez zegoen aretorik ere, lokalak baino ez zeuden eta sekulako naturaltasunarekin moldatu ginen tokira. Ordutegi banaketak, garbiketak… halakoak nola ziren ikasi eta aurrera. Ematea eta jasotzea nahikoa orekatuta zegoen, sekulako lan taldea zegoelako.

‘AirBnb’ The Iingles taldearen kantuak irekitzen du ‘P30’ bilduma, hemeretzi abestietatik lehena. Turistifikazioaren afera aipatzen dute bertan; esan daiteke Psilocybe horren aurrean erresistentzia gune bat badela?

M.L.: Beti nahi izan du izaera hori eduki eta akaso horregatik gaude hiriko periferian, bazter batean eta gehiegi molestatzen ez dugula. Bilduma honetan, gainera, kantu bat baino gehiago dira gai hori landu dutenak.

Aurten bilduman parte hartu duten talde asko dira diskoa ateratzekotan direnak. Elkartearentzat harrotzeko moduko zerbait izango da, ezta?

M.L.: Bai, zalantzarik gabe. Gure gabeziak ditugu, baina beti mantendu da multzo bat kantak egiten, entseatzen eta neurri handiagoan edo txikiagoan publikazioak kaleratzen. Orain garai oso polit batean gaude bai jende kopuruaren aldetik, kontzertuen aldetik, programazio aldetik eta baita lanean dagoen jendearen aldetik ere.

Lokalak izan ziren lehen pausoa Psilocyberen baitan. Pauso garrantzitsua izan zen Hondarribiako musikagintzaren baitan?

M.L.: Bai eta funtsezkoa izan zen hori. Garai hartan lokalak lortzea izan zen lehentasuna. Belaunaldi oso baten borroka izan zen hori eta, gero, gainera, zortearekin edo gaitasunarekin, bat egin eta horretan soilik geratu ordez, herrian ekimenak sustatu zituzten aldiro, txosnek sekulako garrantzia zuten, hango kontzertuak eta aretoa izan aurretik herriko beste hainbat txokotan egin zirenak ere bai.

M.S.: Pentsa, Santiagotxo auzoko jaietan ere egiten ziren kontzertuak!

Gaur egun kalera ateratzeko ohiturarik mantentzen da edota Psilocyben bertan-goxo zaudetela esan daiteke?

M.S.: Iaz kirol kaian ospatu genuen 30. urteurrena.

M.L.: Etengabeko kezka bat da hori, periferian gaude, hortaz herrian gure presentzia aldarrikatzea gustatzen zaigu. Erakusteko herriari zer egiten dugun eta era berean, nolabait ere, jendeak kontuan hartu gaitzan eta gure espazioa erabili dezaten eta erreklamatu dezaten propio bezala. Hortaz, etengabe izaten da nahia eta ahalegina ekitaldiak egiteko herrian bertan ere.

Lokaletan overbookingik badago gaur egun?

M.S.: Bai, dezente, kar-kar. Baina hori ona da e? Jende gaztea sartzen ari dela esan nahi baitu horrek. Gure lokalean 9-10 talde gara, esaterako.

M.L.: Hiru lokal ditugu eta hiruetan eskari handia dago, ordu batzuetan besteetan baino gehiago izan arren, normala den bezala. Garai asko pasa ditu Psilocybek, urte hobeak edo okerragoak, baina entseatzeko lokalak beti izan dute eskari handia.

Aretoa aipatu dugu behin baino gehiagotan. Esan daiteke aurrerapauso nabarmena izan zela elkartearentzat? Nazioarteko talde asko pasa izan dira bertatik. Zenbateko ardura sentitzen duzue halako toki bat bizi-bizirik mantentzeko?

M.L.: Zalantzarik gabe ardura handia da. Azkenean, guk militantziako lana egiten dugunez, soldatapeko langilerik ez dago. Asko eskatzen digu honek gure elkarteko kideei eta etengabeko gatazka bat da zenbaterainoko lan karga hartu dezakegun edo ez erabakitzea. Nahi genituzkeen kontzertu denak ez ditugu antolatzen, gehiegi programatzeko arriskua dagoelako. Txandak bete behar dira, komunak garbitu behar dira…

M.S.: Azkenean sekulako espazioa dugu aprobetxatzeko eta disfrutatzeko, baina denen artean egin behar dugu lan oreka hori mantentzeko. Espazioaz disfrutatu egiten duzu, jaso egiten duzu, baina lana ere egin beharra dago, eman behar duzu. Oraingoz, poliki-poliki moldatzen gara.

M.L.: Harrotasun puntu batekin ere esaten dugu espazio hau musikariek sortua dela musikarientzako. Orduan bai arreta handia jartzen dugula hona etortzen den musikari oro tratatzeko moduan. Ahalik eta baliabide duinenak eskaintzen saiatzen gara, eta, musikariak garenez denok, badago mimo berezi bat programatzen dugun horretan. Izan maila internazionaleko talderen bat guretik pasatzeko moduan dena edo gure eskualdeko talde bat.

M.S.: Lan polita, baina oso nekagarria.

Inoiz esan diozue zuen buruari «zer egiten dut nik hemen» edota «uzteko garaia iritsi zait» bezalako zeozer?

M.S.: Nik ez. Beno, urte batzuk utzita egon naiz, 2018tik gaur arte osasun arazoak direla-eta, baina sekulako gogoa nuen itzultzeko. Bueltatu naiz orain eta sekulako grina dut, beraz, sekulan ere ez naiz damutu.

M.L.: Badaude uneak eta uneak. Gauerdia pasata enegarren kartela egin behar duzunean, nekatzen zara, baina alde onak asko dira.

Eskualdearekin edota Bidasoa ibaiaren arroako jendearekin zer nolako harremana izan du?

M.S.: Berarekin behintzat sekulakoa. Gero Irungo Lakaxitakoekin, Trintxerpeko Mogambokoekin… Hendaiako jendearekin lotura gehiago izatea sumatu dut faltan, The Lookers taldekoekin izan dugu harremana baina ez askoz ere gehiago.

M.L.: Guk beratik Psilocyben erreferentzia garbi bat genuen, beti gauzak antolatzen zituzten, hortaz, ibaian behera joanda Mosku eta Hondarribia erreferente ziren. Beraz, eskualderentzat erreferente izan da Psilocybe.

Psilocybina Records zigiluarekin aurten disko batzuk aurkeztu dituzue dagoeneko. Baina noiz sortzen da eta zer bilakaera izan du?

M.L.: Esango nuke zigilua aretoarekin bateratsu sortu zela, baina akaso ‘Psilocybe 10’ bilduma ere zigilu honekin kaleratuko zen. Zigilu xume bat da, talde denak autoekoizten direnak dira. Egia da hemen grabatzeko lokala dugula, estudioa, eta teknikariak hurbil samar ere bai. Psilocybinarena auto-gestioari marka bat jartzeko izaten da, ez du bestelako asmorik.

Urte hauetan guztietan nolakoa izan da erakundeekin harremana?

M.L.: Bada, hipokrita izango zen txarra izan dela esatea. Udaletxearen espazioa da, haiek dira jabeak eta haiek arduratu ziren birmoldaketa gastuez eta baita mantenuaz ere. Baita ere esango dut urtero sinatzen dugun hitzarmena ber-bera dela azken hamabost urteetan. Bizitzak gora egin du eta guk ere gure gastuei aurre egiteko eskertuko genuke sostengu gehiago. Hor ere kontuan hartu behar da periferian gaudela eta hirugarren aldia da esaten dudala. Ez dugu gehiegi molestatzen, ez dugu gehiago molestatu eta batzuk nahiagoko genuke gehiago molestatu izan bagenu, baina hor beti edukiko dugu elikatzen zaituen eskuari kosk ez egitearen zera. Baina izan da beti debate bat hori, Udaletik erabat at geunden herri mugimendua izan behar ote genuen edota legitimoki baliatu behar ote genituen dagozkigun eskubideak.

M.S.: Udalean eman den aldaketarekin, akaso, sumatzen da laguntza gehiago daudela gazteentzako, kulturan ere akaso gehixeago ari dira eragiten… Goiz da oraindik, baina nik uste dut Udaleko aldaketa hori sumatuko dela onerako, esperantza hori behintzat badaukat.

Hala ere, ni gehiago ari nintzen ea Udala eta herria kezkatzen ote diren Psilocyberen martxaz edota, besterik gabe, musikazaleen bazterreko txoko bat bezala ikusten ote duten soilik.

M.L.: Gure publikoa gehiago da Gipuzkoa oso Hondarribia bera baino. Euskal Herriko areto sarean gehiago ikusten dugu gure burua erreferente moduan herrian bertan baino. Nahiko genuke hondarribiar gehiago etorriko balira edota oso kontuan izango balute ematen dugun kultur-zerbitzua. Hori ere argi utzi nahi dugu, guk Udalari lan bat egiten diogu. Hemen baditu Udalak militantzia moduan lanean, musutruk, boluntario pila bat Hondarribiko eskaintza kulturala elikatzen kasik astebururo. Eskertuko genuke erraztasun gehiago edukitzea herrian ekimenak antolatzeko. Zaila izan da azken hamarkadan udan-eta herrian gauzak egin ahal izatea, beti aretoa dugun aitzakia horrekin. Udan aretoa geratzeko aprobetxatzen dugu eta udan kalean ekintzak egiteko nahia izaten dugu, oroitarazteko udatiar horiei nora datozen eta abar. Hau ez dela parke turistiko bat, jendea bizi dela eta jende horrek gauzak antolatzen dituela espazio publiko hori erreklamatuz. Horretarako zailtasunak izan ditugu, edo erraztasunak ez behintzat.

Bilduman Irungo talderen bat ikusi dugu eta, periferian kokatuta dagoenez, inork erreklamatu du Irungo areto ere badela Psilocybe?

M.L.: Ez ez, ez dut uste. Egia da Mendelun gaudela eta Irundik gertu eta auzo-elkarteak ere izan ditu bere tira-birak alor horretan, Irundik hurbilago daudela Hondarribitik baino.

M.S.: Ez ez, mundu guztiak daki Hondarribian gaudela.

Bertsio-gauetan sortutako proiektuek ere hartu dute parte bilduman. Urtero egiten da halakoren bat bertan?

M.S.: Urtean behin egiten da eta sekulako gaua izaten da. Giro oso ona sortzen da eta hortik sortzen dira hainbat kontu. Gure taldea, esaterako, hala sortu zen eta, hain gustura ginenez, PTPrako berriz elkartu gara eta kantu batzuk atera ditugu. Gau horren bueltan goxo biltzen gara, elkartzen gara musikazaleak eta hitz egiten dugu gure gustuen inguruan, hala sortzen dira proiektu berriak ere.

Gazteak erakartzen ditu gau horrek? Sumatzen dute oholtzara igotzeko lehen aukera bat bezala?

M.L.: Baietz esango nuke eta bokazio horrekin ere antolatzen dugu gau hori. Programazio taldean ikusi genuen nola beti egon den musikari pila bat Psilocyben ez zeukana errepertorio oso bat bakarrik kontzertu bat eman ahal izateko. Hau da, kanpora joan eta kontzertu bat eskaintzeko gaitasunik gabe ikusten ziren. Hortaz, oholtza partekatzeko eta ordu laurdeneko saioak emateko espazioak sortu behar genituela ikusten genuen eta bertsio gauarenak hasieratik sekulako onespena izan zuen. Talde kopuruak mugatzera iritsi behar izan dugu batzuetan arazo lojistikoegatik. Hala, Maialenen taldea Pixies taldearen bertsioak egiten hasi eta kantu propioak idaztera pasa da eta hori bikaina da.

Eta proiektu desberdinetan dabiltzan kideetatik berriak ere eratortzen dira halako toki batean.

M.L.: Adina ere igo da eta horrek proiektu askotatik pasatzeko aukera ematen du. Jende asko inguruan eta proiektu bakarrarekin asetzen ez den jende bat bada. Hortaz, baditugu halako kasuak. Gari Arroyo eta Nestor Uranga, taldekideak direnak, lehia estua dute ea nork proiektu gehiagotan parte hartu. Nik uste dut ekainaren 8ko PTP jaian, Psilocybeko Taldeen Partian, Nestorrek irabaziko duela talde gehiagotan parte hartuta.

Esan duzue 10. urteurreneko bilduma egin zenutela, ‘P-30’ bilduma honekin esan daiteke 2023ko argazkia jaso nahi zenutela?

M.L.: Bai, hori da. Iaz 30. urteurrena ospatu nahi izan zen eta gurea bezalako elkarte batentzat halako disko bat bada mugarri bat eta momentuko argazkia erakusten duena. Gonbita parte hartu nahi zuen orori luzatu zitzaion, talde bat izan edo ez. Bildumarako zerbait sortzea libre zen eta horrela 19 kanta grabatu ditugu, momentuko argazki panoramiko bat osatuz.

Ekainaren 8an izango da Psilocybe Taldeen Partia deitu duzuen festa. Egun hauetan etengabeko jarduna izango da lokaletan ezta?

M.S.: Beno, bai, ikusten da mugimendu dezente dagoela. Hala ere lasai gabiltza, azpiko antolakuntzan bai, hor bai dagoela mugimendua.

M.L.: Egia da whatsapp taldeak sutan daudela ea lokala libre dagoen galdezka eta batzuk orain haiei tokatzen zaiela esaten eta gero besteak eta… saltsa hori, badago. Maialen, gainera, horretan espezialista da, pila bat entseatzen dabiltzanaren seinale.

Festa bai, baina urduritasun puntu bat ere izango da taldeen artean, edo?

M.S.: Gogoa galanta! Denbora pixka bat ikusten genuen geneukala aurretik eta berde samar iritsi gara azken txanpara.

Arratsaldean hasi eta asko luzatuko den festa izango da.

M.L.: Arratsaldean hasiko den festa izango da, nahiz eta elkarteko kideok goizetik prestaketa lanetan ibiliko garen eta elkarrekin bazkaltzeko aprobetxatuko dugun. Bi oholtza edukitzea da nahia, bata aretoko ohikoa eta, bestea, lokalen sarreran dagoen lorategi xarmant horretan jarriko duguna. Oholtza hori arratsaldeko orduetan erabiliko dugu eta festa aretoan bukatuko dugu, bizilagunekin ahalik eta hoberen moldatzeko. Oholtzak tartekatzen joango gara, beraz, giro polita aurreikusten dugu.

Erreferente garrantzitsuak izan dituzue Psilocyberen bueltan. Abangoardia puntu bat ere ematen zion horrek zuen ekosistemari, ezta?

M.L.: Bai, handia eta sorrera garaietan bereziki nahi baduzu. Gure musikaren esparruan beti izan dira begipuntua mundu mailako tendentzia puntakoenetan izan dutenak. Hasi DUTetik eta Gorpuzkingzeraino, Gorpuzkingz aurrerago etorriko zen boom bati aurreratu zitzaion, esaterako. Maialenen duela hamabost urteko taldea ere, Esfintters, emakumez osatutako surf-garage talde bat, aitzindaria izan zela esan daiteke.

Egia da Hondarribiko hainbat taldetan emakumeek hartu dutela protagonismoa oholtzan. Baina Psilocyben nola dago parekidetasunaren kontua?

M.S.: Gu hasi ginenean, 2004an, baziren neska dezente elkartean. Gure artean ez zen gai hau ateratzen. Egia da kontzertuetan-eta txorakeria asko entzuten zenituela garai hartan, «ea nola jotzen duen neska honek gitarra» edo «zuk musika zer entzuten duzu, mutil honekin zaudenetik?» bezalako txotxolokeriak entzuten genituen. Nekagarria da hori, baina beti ahalik eta modu naturalenean eta mugak argi jarriz egin dut aurrera. Gaur egun neska gehiago daude eta giro oso polita dago, goxo nago.

Hondarribira nazioartetik iritsi eta bertan bizi direnak gerturatu izan zaizkizue edota parte hartu izan dute Psilocyben?

M.S.: Senegaldik etorritakoen ondorengoak badira eta haien musikak gogoko ditut. Beti pentsatu izan dut egingo nukela zerbait haiekin, baina momentuz ez da eman, tamalez.

M.L.: Egia da, tamalez, ez dela harremanik eman eta, diozuen moduan, komunitate handi bat dago, batez ere arrantzaren inguruan. Baditugu zailtasun handiak gure estereotipoetatik ateratzeko.

Bildumarako lehendabizikoz abesti bat grabatu duen Skubi taldea topatu dugu 19 proposamenen tartean. Ilusio bereziz hartuko zuten parte, ezta?

M.L.: Bai, gainera oso pozik gaude haiekin, erantzukizunak hartuz sartu dira elkartean eta lehendakari berria Skubi taldeko partaidea da. Behar dena hori da, transmisioa eman dadin, beharrezkoa da segida. Azkenean espazioa erreklamatzekoa, denona delako eta inorena ere ez aldi berean. Gauzak egiteko gogoz dagoenak ateak zabalik ditu.

Elkartean parte hartu nahi duenak, nola du sartzeko bidea?

M.L.: Modu asanblearioan lan egiten dugu eta erabakiak komunitatean hartzen dira. Egia da talde motore bat badela maizago biltzen dena eta egunean eguneko auziak lantzen dituena, baina gainerakoan modu militante batean egiten da lan. Hortaz, hona lan egitera datorrenak ateak zabalik ditu. Normalean proiektu musikal bat garatu nahi duen jendea etortzen da, entseatzeko toki bat behar duena edo espazio honen beharra duena. Bada baita ere talderik izan gabe elkarteko kide denik, militantziagatik, hemen egiten dena bere sentitzen duen hori eta turnoak egiten dituena besteak bezalaxe.

Hondarribiarra izan behar da bertan sartzeko?

M.L.: Printzipioz beti beharrezkoa izan da hondarribiarra izatea.

M.S.: Edota talde erdia behintzat, egon dadila hondarribiarren bat tartean.

M.L.: Gero, egia da jende gutxiago ibili den garaian kanpokoei ahalbidetu zaiela etortzea, baina, orain, berriz ere eskaera handia dagoen heinean, lehentasuna, noski, hondarribiarrek dute, gazteek ahal den neurrian, eta emakumeei modu berezian zabaltzen diegu atea, oraindik ere desoreka handia delako.

 

Gogoratzen duzue egoera zailik?

M. L.: Egoera larriak barne funtzionamenduaren baitan egon dira, batez ere. Gure lehendakari ohi Egoitz Alcarazii galdetzen badiozu nola egon zen kontua, punttu-punttuan ziren dena pikutara bidaltzeko. Behintzat bai areto bezala, lokalek berez funtzionatzen dutelako. Aretoa eta haren funtzionamenduak eskatzen du lan asko eta ixteko zorian bai egon zela, behin bederen. Baina buelta eman zaio eta urte pare ona ari gara pasatzen, bai programazioaren aldetik eta baita militantziaren lanari dagokionean ere.

Lokalak apalago ibili direnean, herritarrak erakartzeko ezer berezirik egin duzue?

M.S.: Zaila izaten da, herri baten kulturarako dagoen lotura eta entzuten duen musika motak eragina baduelako. Ni pasatzen nintzen San Pedro kaletik eta entzuten nuen musikarekin atsekabetu egiten nintzen, are gehiago jendea dantzan eta motibatuta ikusten nuelako. Dantzan zeuden horiek kontzertuetara ea etorriko ziren izaten zen nire gogorako galdera. Jendeari txikitatik erakutsi behar zaio musikan dagoen aniztasuna eta zabalik egon dadila horren aurrean.

M.L.: Hor gakoetako bat izan da bertsio gaua, berriz ere. Musikarien artean sinergia oso onak lortzen dituen bezalaxe, publiko asko erakartzen du herritik. Normalean kontzertu batetara ez datorren hori, koadrillakoa den edo laguna duen hori ikustera etortzen da. Sarrerarik gabeko gaua izaten da, baina aforoa kontrolatzen ibili behar izaten dugu.

M.S.: Ziztaldia ere izaten da eta egun horretan denetariko musika jartzen da, oso irekia da hautaketa, eta dantzatu nahi duenarentzat primerakoa izaten da.

Herriko beste elkarteekin baduzue harremanik? Izan Blagan Euskara Elkartearekin, Fenomena Kultur Elkartekoekin…

M.S.: Fenomena elkartekoekin bai, Ernesto Villa, gainera, lehen Psilocybeko kide zen. Gainera, Fenomena eta Psilocybek elkarrekin antolatutako festa bat ere egin genuen iaz.

M.L.: Aipatu dituzun biekin bai, duela gutxi Blaganekoekin hizketaldi bat ere antolatu genuen. Diozun hori, harremanak saretzearena, iaz, 30. urteurrenarekin sustatzen saiatu ginen zerbait izan zen. Hondarribeer garagardoa egiten duten adiskideekin ere editatu genuen garagardo berezi bat. Kontzertuetarako ere saiatzen gara sarrera fisikoak egiten eta Basque, Ttopara edo Etxeberria bezalako tabernetan, lagun ditugunak, saltzen ditugu. Psilocyben gauzak egiten ditugula ikusi dezatela.

Egoera zailak aipatu ditugu, baina «honengatik bakarri merezi du Psilocybeko kide izateak» esan duzuen momenturik baduzue gogoan?

M.S.: Halakoak asko. Txosnak montatzen jaietarako, barra barruan egiten genituen festak, kontzertu txikiak eta haietan sortzen ziren pogoak… Lokaletako obrak egiten, margotzen eta halakoak elkarrekin egitean. Momentu gehienak goxoak izan dira niretzat.

M.L.: Nik elkartean bost urte edo daramatzat eta kontzertu bat ondo joan dela ikustea, jendea pozik ikustea eta giro ona egon dela ederra izaten da. Niri, hala ere, Sexty Sexers taldearen garaian hemen emandako kontzertuak onenak izan zirela etortzen zait burura. Baina 2013az edo ari naiz.

Aurrera begira, zein da zuen itsasargia? Edo irautearekin konformatzen zarete?

M.L.: Egia da iazko urtea intentsoa izan zela, ospakizunak eta abar izan zirelako. Aurten ere programazio potentea izan dugu eta gogorra izan da urtea. Baina nik urte pare bat lasaixeago eskertuko nituzte, programazio txukunarekin, hilabetean pare bat kontzertu goxorekin. Horrekin oso pozik geratuko nintzateke.

M.S.: Ni orain berriz itzuli naiz eta saltsarako gogoz nago, baina berak esaten duenarekin erabat ados nago. Jarrai dezagula irekitzen, estilo aniztasuna egon dadila, jende gaztea etor dadila eta neska gehiago anima daitezela. Eta, noski, jende gehiago etor dadila kontzertuetara, berotasun hori oso ederra izaten da.

Udan geldialdia izaten da, baina 2024an izen potolorik ba al dator Psilocybera?

M.L.: Normalean udan ez dugu programatzen, baina suertatu zaigu uztailerako The Kill Devil Hills talde australiarra ekartzeko aukera eta hilaren 20an aretoan izango dira. Duela urte batzuk, bospasei, pasa ziren hemendik eta sekulako kontzertua eman zutenez, abagunea baliatu dugu eta salbuespena egin uda honetan aretoan.

Bada, gozatu PTPn eta gainerakoan eta bejondeizuela egiten duzuen lanagatik.

Mila esker!

Jaurlaritza Logoa