Gero arte esan digute Birkite Alonsok eta ‘Emen Gonak’ saioak Naiz Irratian
Denbora mugagabe baterako agurtu da ‘Emen Gonak’ saioa. Agurra ez da betirako, etorkizunean itzultzeko asmoz agurtu baitute bigarren denboraldi hau. Saioari merezi duen agurra egiteko, saioko protagonista izan den Birkite Alonso elkarrizketatu dugu MusikHaria saioan.
This browser does not support the audio element.
Agur esan dio denbora luze baterako ‘Emen Gonak’ saioak Naiz Irratiari. Bertako eta nazio arteko emakume musikarien ekarpena zabaltzeko asmoz sortu zen 'Emen Gonak’, eta agur berezia egiteko, Birkite Alonso, saioko gidariarekin izan da Iker Gurrutxaga Lankidea. Birkitek kontatu duenez, bere musika ibilbidean, emakume artista asko ezagutzeko aukera izan du, eta baita Emen Gonak saioan bertan ere bai. Asko eta asko eredutzat dituela aitortu du, tarteka, adibideak emanez.
Kokein taldeko abeslaria den Zaloa Urainen inguruan miresmenez mintzo da Birkite: «Sekulako gogoa nuen bera ezagutzeko. Emakume abeslari izugarria iruditzen zait, ama ere bada, niretzako eredu bat. Nire garaian hasi zen, 1999an hasi baitzen Kokein taldea eta Zaloa bera, Aiora Renteria eta Sorkun izan ziren nire garai bertsuan hasi ziren emakumeak, niretzako eredu izan direnak. Zaloa nahikoa ezezaguna egiten zaigula esango nuke, bueno, berez emakume guztiak egiten zaizkigu ezezagunak Euskal Herriko musika eszenena, ez ditugu ezagutu eta ez dugu jaso emakumearen esentzia hori. Baina Zaloarekin liluratuta nago, bere estilo horrekin eta dotorezia horrekin, eta, gainera, ezagutu dut eta maitagarria da, oso goxoa eta sekulako emakumea».
Talentu berria nabarmenduz
Cecilia Payne taldea ere izan du hizpide Birkitek. Hain justu, azken hauen musika egiteko modua estimatzen du, eta azpimarratu du talentu handia dutela. «Cecilia Payne taldeak ez du inolako anbiziorik, musika egiten dute nahi dutelako eta egiten duten moduan gainera, sekulako talentua dute. Lucia Palomar eta Barezi Caballero gitarra-jotzaileek 90. hamarkadako musika ekarri digute bueltan, Jone Ibarretxek baxuan sekulako dotorezia du eta Ander Benito bateria-jotzaileak taldea borobiltzen du. Garai bateko estiloan egiten dituzte gauzak, 90eko hamarkadako estiloan, musika musika sortzeagatik egiten zenean, gozatzeko. Lokaleko lana zenean garrantzitsuena eta ez pantaila aurreko lana», nabarmendu du Alonsok.
Olaia Intziarte abeslari gaztearen astelehenetan abestia entzun da hurrena, eta entzute hutsarekin liluraz mintzatu da Birkite, eta talentua baino, arima duela esan du. «Olaia Intziarteren kantu hau izugarria da, ez dakit jendeak entzun duen edo ezagutu duen baina izugarria da. Eta ahots hau, ahots hori… Izpiritu hori, arima hori, sekulakoa da. Askotan gogoa izaten dut zerbait hasi eta artista hauei bultzada bat emateko: Olaia, Lorea… Sekulako talentua dute hauek. Tira, Olaiak talentua eta arima ditu, eta hari ere aipatu nion sare sozialen batean. Abestia saioan jarri nuenean berak idatzi zidan eskertuz eta nik esan nion aurrera egiteko eta animo. Zenbat behar izaten dugun hori entzutea, zenbatek esan ote didate saioak iraun duen bitartean hori eta eskerrak emateko idatzi. Lorea Zulaikak berak edota Esanezin batek… Beharrezko zerbait izan da, ez baitago beste inor halako emakumeei «aurrera» esaten dienik», adierazi du musikari eta esatari gasteiztarrak.
Kanpotiko begirada
Leku, areto egokienean publikoa bisualki entretenitzerik lortu ezean, musikariek lan zaila dutela dio Birkitek. Izan ere, bere hitzetan, musika azken tokian geratu ohi da maiz. Pisu gehiago hartzen baitu bisuala den horrek. Eboluzionatzen joan den kontua izan da hori, eta ‘Emen Gonak’ saioan, bertatik bertara bizi izan du Birkitek eboluzio hori: «Ez badituzu entzuleak entretenitzen modu batean edo bestean, ez bazaude lekurik egokienean, aretorik egokienean edota jaialdi perfektuan… ez zara inor. Hori horrela izan da. Aldaketa handia da duela 20 urte Negu Gorriak entzuten ari ginenetik eta musika hori guztia tabernetan bakarrik entzuten genuenetik. Asko jota, zorte pixka batekin, kontzerturen batera joaten zinen herrian edo inguruan jotzen zutelako. Gero musikatik pixka bat deskonektatu nuenean, amatasun baja hartu nuenean, eta kanpotik aldaketa hori guztia xurgatu nuen, emakumeak geroz eta gehiago hasi ziren agertzen oholtzan. Gero berriz ere barrura sartzean, zirkuituan sartzean, aldaketa ez zaizu hainbestekoa iruditzen».
Birkitek dio musikari asko geratu zaizkiola elkarrizketatu gabe, baina ez miresten ez dituelako, alderantziz; gehien miresten dituenak direla adierazi du, baina leihoa ireki nahi die oraindik ireki gabe zutenei. «Artista asko geratu zaizkit bidean, ezagunenak eta akaso miresmen handiena diedan horiek dira, gainera: MICE, Anari, Mursego… Horiek guztiak ez ditut egin ez miresmenik ez diedalako, baizik eta medioetan toki gehiago izan dutelako beste askok baino, Esanezin edota Cecilia Payne bezalako proiektuak kasu. Haiek behar dute erakusleiho bat, baina, jakina, beste artista puska horien elkarrizketak ere egingo ditut bueltatzen banaiz edota bueltatzen naizenean», esan du Alonsok.
Emakume musikarien gorakada
Azken urteotan, 2020an bereziki, musika munduan emakumeen agerpenaren gorakada nabarmena izan da, eta horixe baieztatu digu, hain zuzen, Birkitek: «Urteari errepasoa prestatzen hasi nintzenean ez nuen espero hainbeste erreferentzia aurkituko nituenik, 70etik gora emakumek sortu dutelako zerbait 2020an. Baina dagoeneko harrituta geratu nintzen Gernikan emakume musikarien topaketa egin genuen hartan, ehundik gora musikari bildu ginenean. Sekulakoa izan zen hura, zerbait txikia espero genuen eta zabalkundea eman orduko emaitza sekulakoa izan zen. Gasteizen gitarra elektrikoa soinean hartu zuen lehenengo emakumeetakoa izan nintzen, hiru ginen guztira: punky bat, gotiko bat eta ni neu, grunge estiloan. Orduan denek begiratzen zidaten harriduraz, «emakume bat gitarra elektriko batekin» pentsatuz».
Berak aipatu duen bezala, Gasteizen gitarra jotzen hasi zen lehenengo emakumea izan zen. Abeslari bezala, ordea, Aiora Renteriaren garai bertsuan hasi zela esan du, inongo kontzientzia feministarik ez zegoenean. «Aiora oholtzara igo zenean eta ni ere hasi nintzenean, ez zegoen kontzientzia feministarik musikan, gu beste mutil batzuk izango bagina bezala hartu gintuzten. Aiorak gisa horretara jarraitzen zuen eta esan zidan inoiz ez duela sentitu desberdintasunik emakume izateagatik, beste bat gehiago zela, eta nik ulertzen dut esaten duen hori», dio Alonsok.
Musikari bezala 20 urteko ibilbide oparoa izan du Birkitek. Baina hala izanagatik ere, aurretik bide luzea geratzen zaiola aitortu du. ‘Emen Gonak’ saioa ihesbidetzat izan duela esan du, eta positibotzat baloratu du bertan piztutakoa, emakume musikariei euren tokia egin baitio saioak, eta hori, beharrezkoa zela esan du Birkitek. «Musikari bezala bidea daukat aurretik egiteko, nahiz eta 20 urte daramatzadan musika egiten dagoeneko. Musikariaren zera hori pandemiarekin moztu egin zen eta eskerrak irratsaioari, bestela ez dakit zer egingo nuen edota nola pasako ote nuen azken urte eta erdia. Musikarekin konektatuta jarraitzeko aukera eman dit ‘Emen gonak’ saioak eta bide batez emakume musikariei buruz hitz egiteko aukera, beharrezkoa ikusten nuena», bukatu du gasteiztarrak. Ea bueltan izaten dugun gurean, bihar etzi baino hobeto.