Birkite Alonso

Emen Gonak | 2020ko emakume musikariak (III)

Audio_placeholder

Emen Gonak | 2020ko emakume musikariak (III)

Loading player...
EMEN GONAK 2020
EMEN GONAK 2020

Otsailaren lehen astearekin batera, 2020an zehar kaleratutako disko, kantu eta bideoklipetan parte hartu duten emakumeen zerrenda errepasatzen amaituko du Birkitek doinu lasai eta goxoekin. Agian ez ditugu halako lanak egin izan dituzten emakumeak entzun, saiatu baldin bagara ere.

Lehenik eta behin saioaren hasieran, 'Pop', 'Jazz', edota 'Soul' estiloak landu nahi izan dituzten artisten kantuak gogoratu ditugu. Ondoren hainbat talderen 'Herri kantarekin' jarraitu dugu eta amaitu ahal izateko berriz, doinu lasaietara itzili eta 'Jazz'a berreskuratu dugu.

Hona hemen gaurkoan guretik pasatzeko aukera izan duten emakume musikariak:

OLAIA INZIARTE: Pleura taldeko ahotsa dugu bera, beste hainbatetan ibiltzen bada ere bakarlari moduan aritzen den gaztea dugu, ahots berezikoa gainera. Joan zen urtean 'Astelehenetan' izeneko kantua aurkeztu zuen, baina sarean baditu beste hainbat abestiren bideoak entzungai.

BIHOTZ GOROSPE: 'Bihotz anpuluak' diskoa aurkeztu zuen iaz eta bertatik 'Zuri heltzeko ahaleginetan' entzuteko tartea hartu nahi izan dugu. 'Inun' bakarlariarekin aritutakoak bakarkako bideari ekin dio lan honetan.

ELI BUJANDA: Sugan taldeko abeslari ohiak bere bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen joan zen urtean, 'Pop-Rock' ildoko hamar abestiz osatua. Beasaindarrak 'Ametsak' aurkezpen kantua abenduan plazaratu zuen.

AINHOA LARRAÑAGA: 'Go!azen' telesaileko aktoreak bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen 2020ko otsailean, 'Eskuminak' izenekoa, Iker Laurobaren eskutik. Hernaniarraren ahotsak 'Soul' eta 'Jazz' doinuak dotoreziaz lantzen ditu eta 'Goxoki' abestian hori guztia entzuteko aukera izan dugu.

ESTI MARKEZ: Abeslariak 'Azal Berritzen' diskoa kaleratu zuen joan zen urteko azaroan Mikel Markez aitarekin batera, 2015an elkarrekin lehen aldiz abestu zutelarik.'Printzesak eta Printzeak' abestia entzun dugu, desmitifikatze ariketa ederra.

PAULINE & JULIETTE: Pauline Junquet (Kanbo) eta Juliette (Itsasu) bikotea 2015ean sortu zen 'Folk'a eta herri kanta uztartuz. 'Hegaldaka' izeneko lehen lanari 'Veloma'k jarraitu zion iaz Afrikako 'Folk' estiloa landu dutelarik. Bertatik 'Matanga' kantu zoragarria entzun dugu eta honen zuzenekoa ikustea gomendatzea ere pentsatu dugu. 'Calle Sonora' YouTube plataforman duzue.

LEIZEAK: TaldeA Iratxe Remónek (bateria), Irati Goroskietak (baxua eta zeharkako txirula), Ainhoa Galainek (gitarra), Shioban Gradyk (gitarra eta ahotsa) eta Irati Gutierrezek osatzen dute. Iruñeako Maravillas gaztetxearen itxieratik urtebetera 'Maravillas' izeneko kantua grabatu zuten, bideoklipa sarean ikusgai dagoelarik. Lan berria prestatzen egon dira 2020an eta laster entzutea espero dugu.

BEHI BIDEKO ANDERE ZURIAK: Taldeko Mirentxu Agerre eta Marie Hirigoien Bidart ahotsak 'Zutaz Bertzerik' abestian entzun ditugu Pantxix Bidart eta Paskal Indo taldekideekin batera. Iazko irailean 'T’mAmAztAngt' diskoa kaleratu zuten Allande Oihenarten testuetan oinarritua eta Isturitzeko harpeetan ahots hutsez grabatuta. 'Harmonia eta disonantzia helburu, mundu eder bezain ero honen ispillu'.

BIHOTX: Hernanitik Ixi Jauregi, Gema Ines eta Lara Mitxelenak gitarra elektrikoa, akordeoia eta perkusioa uztartzen duen proiektu esperimental oso interesgarria sortu zuten 2016an, txalapartak elkartu zituen eta iazko 'Norabide Guztiak' izeneko maketa aurkeztu zuten. 'Aldapeko' herri kantuaren bertsio oso berezia entzungo dugu bertatik. Zoragarria!

KHAMI: Taldeko Iraide Ansorena perkusioan aritzen da eta 2015etik 'Folk'a, 'Herri kanta' eta 'Jazz'a biltzen dituzten bi disko kaleratu dituzte berak eta taldekideek. Azkenak 'Mugen Dantza' izena du eta iaz kaleratu zuten. Izen bereko abesti instrumentala entzun dugu gaurkoan.

AMAK: Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider taldeko kide ohia), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar taldeko kide ohia), Amaia Oreja (M-ezten) eta Kristina Solano (M-ezten) 2019an elkartu eta zuzenean jotzen hasi ondoren 'Basajaun' kantua kaleratu zuten uztailan. Trikitixa eta perkusioa uztartzen dute lau ahotsek lagunduta.

IZARRAK: Emmanuelle Lurok, Sophie Oteizak eta Celine Bidartek (Aldude) Nafarroa Beherako taldea osatzen dute. Euren ahots zoragarriek herri kanta lantzen dute, iaz 'Maiatzaren Dantza' lehen diskoa plazaratu zutelarik. 'Beraz Atxik dezagun' kantua entzun dugu gaur.

ALOS QUARTET: Lorena Nuñezek biola jotzailea Xabier Zeberio, Francisco Herrero eta Ivan Carmonarekin batera Alos Quartet osatzen du aspalditik. Hainbat kolaborazioen artean, Akelarre filmako soinu banda besteak beste, '20 urte zuzenean' diskoa kaleratu zuten azaroan, Principal antzokia (Gasteiz), Viktoria Eugenia antzokia (Donostia), Leidor antzokia (Tolosa), eta Bilboko Azkuna Zentroan emandako kontzertuen abestiak bilduz. Bertatik 'Espatadantza' entzun dugu.

TENPORA: Talde tolosarraren abesti goxo batekin amaitu dugu. Elene Arandia (ahotsa) eta Itsaso Etxebeste (baxua) taldekideekin batera 2013tik dabiltza 'Jazz'a, 'Pop'a eta bestelako estilo dotoreak lantzen. Joan zen irailean kaleratu zuten 'Berriro Asma nazazu' lan ederra eta diskoari izena ematen dion abestia entzun dugu.