«Burua hilda daukatela esan digute»
Amaitu da Mugak Zabalduz karabana eta etxerako bidean hitz egin dugu Itxaso Astobizarekin. Muturreko egoera ulertezinak aurkitu dituzte bertan eta elkartasunarekin zein salaketarekin eman diete bozgorailua atxikitze zentroetan dituzten lagunei.
This browser does not support the audio element.
Bederatzi eguneko elkartasun karanabari amaiera jarri berritan hitz egin dugu Itxaso Astobizarekin.
Mugak Zabalduz eta Carovane Migranti erakundeek bultzatutako ekimen honetan 350 pertsona inguruk hartu dute parte, tartean Euskal Herritik joandako ehun lagun baino gehiagok. Seigarren edizio honetan, Karabanak Kanarietara joatea erabaki du, pandemiaren ondorioz uharteko egoera soziala «jasanezina» delako. Plataformaren arabera, «turismoaren» geldialdiak lagundu du uhartea «hiriburuaren Europako muga kolonial» bihurtzen eta «mugako guardia» esleitzen.
«Ulertezina da Kanarietako errealitatea», esan digu hegazkina hartu baino lehen Itxaso Astobizak. Tenerifen eta Las Palmasen egon dira eta lehenengoan polizia izan dute uneoro alboan, oldartu ere egin zaie.
Lurrera ailegatu bezain pronto, atxikitze zentrura eramaten dituzte, herritik urrun eta egoera oso prekarioan. «Burua hilda daukatela esaten digute. Batzuk penintsulara eramaten dituzte, baina ez dakite zeren arabera eta noiz. Gauero zerrenda bat jartzen dute, baina ez dakite nora eramango dituzten. Batzuk sei edo zortzi hilabete daramatzate», ohartarazi du.
Emakumeak ezkutuan daudela ohartarazi du, gutxi ikusi dituzte eta kontatu dietenarengatik «eskubide urraketa gehiago» pairatzen dituzte. Esaterako, adin txikiko batekin badaude, banandu egiten dituzte DNA proba egin arte. Asteak pasa litezke berriz elkartu arte.
Salatu du Europako «edonork» bidaiatu dezakeela Afrikara, lanera edo turismora. Aldiz, Afrikar batek Europara etortzeko «ezinezkoa du, kontinentea baliabidez hustiatzen den bitartean».