«Klima larrialdiaren aurrean ardura transmititu behar dugu, ez katastrofismoa»
Gelditu Makinak bederatzigarren saioan barne hausnaketa bat egin dugu: Zein da hedabideok klima larrialdiaren aurrean dugun ardura? Nola behar dugu komunikatu? Saioaren bigarren zatian hizpide izan ditugu argindarraren faktura eta tintagai ekologikoak.
This browser does not support the audio element.
Komunikazioa ez da transmisio ariketa sinplea. Aldea bada komunikatzetik informatzera. Ur handitan egin dugu igeri Gelditu Makinak saioko bederatzigarren saioan eta gure buruari galdetu: zein ardura dugu hedabideok larrialdi klimatikoaren aurrean? Galderari potoloari erantzun fina emateko gurera gonbidatu ditugu bi aditu, Elhuyar aldizkari dibulgatiboko zuzendari Aitziber Agirre eta EHUko Zientzia Politikoen eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Izaro Gorostidi, hedabideok gizartean dugun eragina aztertzen du azken honek, besteak beste.
Larrialdi klimatiko baten aurrean gaudela inork gutxik jartzen du dudan gaur egun. Egia da, eszenatokia aldatu da, dela hamarkada bat periferian zegoen gaia erdigunean dago orain, baina oraindik lan handia dago egiteke Aitziber Agirre eta Izaro Gorostidiren aburuz. «Lehen egunkariko hutsuneak betetzeko aitzakia ziren ingurugiro gaiak. Bigarren mailako zientzia bat bezala ikusten zen. Hori aldatu egin da eta benetako albiste bihurtu dira orain. Egoerak behartu gaituelako gertatu da horrela» dio Aitziber Agirrek. Hala ere, oraindik kontraesan handiak badudela ohartarazi du eta feminismoarekin egin du paralelismoa, «15 urtetan izugarrizko aldea ikusten da hedabideetan, albiste sexitarik ez da onartzen. Hedabideek genero ikuspegiaren inguruko hausnarketa potentea egin duten bezala, nik uste dut ingurumenarekin ere hala gertatuko dela» dio.
Agirrek esandakoarekin bat dator Izaro Gorostidi eta hedabideok eragiteko badugun ahalmena nabarmendu du «hedabideen eragiteak banakakoak lantzen dugun errealitate sozialaren ulermena aldatu dezake» esan du. Baina, tamalez, oraindik espektakuluaren zurrunbiloan gaude, eta ikuspuntu horretatik lantzen dira notiziak, alegia, «molde katastrofistak» erabiltzen direla dio Gorostidik.
Bestelako begira da bat beharrezkoa dela diote bi adituek. Negatibismoa eta katastrofismoa alde batera utzi behar dugu, «transmitu behar dugu egin behar diren aldaketa horiek zein onurak ekarriko dizigun. Argi dago kontsumo-eredua aldatu behar dela. Baina aldaketa horrek zein onurak ekarriko dizkigu?», alegia, hedabideok lagundu behar dugula ikustarazten «aukerak» direla bai ala bai egin beharreko aldaketa horiek. Ildo beretik Gorostidik uste du kezka iturri baino ardura iturri izan behar dugula hedabideak, eta jendartean itxaropena piztea izan behar duela gure jomuga.
Azken horri justiziaren ikuspuntua gehitu behar zaiola dio Agirrek. «Herrialde aberatsek sortu dugun larrialdi bat da hau, pobreak pairatzen ari direna gainera. Hedabideok hori agerian utzi behar dugu, guztioi dagokigu honetaz arduratea».
Etxeko argi faktura eta tintagai ekologikoak
Gelditu Makinak saioaren bigarren zatian etxeko elektrizitate faktura hartu dugu esku artean, eta ondoan jarri zaigu Goienerreko Leire Astigarraga. 2019ko uztailan proposatu zen argindarraren tarifa berria, eta 2021eko ekainan aplikatu da. Zeri eragiten dio tarifa honek? Duda denak argitu dizkigu Goienerreko kideak.
Tindagai naturalen artean murgildu gara saioarenazken zatian Alba Cabrera Jauregi kazetariarekin. Anne Fernandez urnietarrari egin dio bisita. Hala, etxeko bazterretan daukagunari beste erabilera bat ematea posible dela erakutsi digu elkarrizketatuak. Izan ere, etxeko kotoizko maindire zahar batekin eskuan hasi zuen Annek tindagai naturalen bidea, pandemiaren lehen itxialdi betean.