Birusaren aldaera britainiarra eta LABIren azken erabaki «zentzugabeak»
Koronabirusari asteroko zientzia begiratua eskaini diogu Izortze Santin eta Koldo Garciarekin. Birusaren aldaera britainiarrarekin kezkatuta hitz egin dute biek. Gobernuen kudeaketaz, Iruñekoa bide-orrian «zuzen» doala uste dute; kritiko dira, aldiz Lakuarekin.
This browser does not support the audio element.
Aldaera britainiarrari pista jarraitu nahian dabiltza agintariak. Nafarroako Gobernuak dio herrialdean dauden kasu positiboen %90 aldaera hori loturikoak direla, eta bereziki kezkatuta daude eskoletako egoerarekin, kasuen emendatzea eman delako. Ildo berean mintzatu zen pasa den asteburuan Jonan Fernandez, LABI teknikoko koordinatzailea, aldaera «kutsagarriagoa eta birulentoagoa» dela baieztatuz.
Astearte honetako zientzia tartean tesi horrekin bat etorri dira Izortze Santin eta Koldo Garcia zientzialariak. Baina nabarmendu dute oso bestelakoa dela exekutibo batek edo besteak egoerari aurre egiteko darabilten estrategia. Nafarroako Gobernua bere bide-orrian «zuzen eta ondo» ikusten duten bitartean, oso kritiko azaldu dira LABIren erabakiekin. Gauerdian indarrean sartu diren neurriak «zentzugabeak» direla azpimarratu dute, eta ez dutela inolako oinarririk. Muskiz edota Zumarragako herriekin gertatu dena adibide hartuta, neurriak hartzen direnean taxuz hartu behar direla azpimarratu dute. «Bizitzak ez direnean erdigunean jartzen, asko kezkatzen nau; uste dut ez ditugula ditugun agintariak merezi».
CureVac txertoa
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan txertaketa prozesuan azeleragailua zapaldu dutela onartuta, oraindik ere bizkortu beharrean dagoela azpimarratu dute. Ildo horretan, BioGurutzetan eta BioDonostian kudeatzen ari diren CureVac txertoaren mundu mailako entsegu klinikoa positibotzat jo dute. Entsegu horretan parte hartzen ari den Amaia Ereñagak azaldu digu prozesua egoki ari dela garatzen, eta balitekeela txertoa «uste baino lehenago iristea» herritarrengana. Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu zientziaren tartean.