Zuzenean

Naiz Irratia

«Entseguan parte hartuz, pandemiaren aurrean zerbait egiteko ahalmena nuela sentitu nahi nuen»

Astearteroko tertulia zientifikoan, CureVac txertoaren inguruko xehetasunak azaldu ditu entsegu klinikoetan parte hartu duen Amaia Ereñaga boluntarioak. Entseguaren harira sortutako «auzolan sentsazioa» nabarmendu du.

Audio_placeholder

«Entseguan parte hartuz, pandemiaren aurrean zerbait egiteko ahalmena nuela sentitu nahi nuen»

Loading player...
Biodonostiako entseguetan parte hartu duten hainbat boluntario. (Biodonostia)
Biodonostiako entseguetan parte hartu duten hainbat boluntario. (Biodonostia)

CureVac izena enpresa farmazeutiko bat da, non koronabirusari aurre egiteko mundu mailako entsegu klinikoa abiatu duten. Eta entsegu kliniko horietan ari dira parte hartzen Biogurutzeta eta BioDonostia zentroak. Bi zentroek boluntarioak eskatu zituzten entsegu horietan parte hartzeko. Horietako bat GARAko Amaia Ereñaga da; gaur eman du prozesuaren berri Naiz Irratian.

«Hainbat faktorek» bultzatu dute Ereñaga entsuguekin bat egitera. Baina batez ere, pandemia honen erdian zerbait «egiteko ahalmena» sentitu nahi zuen, «pandemia honetan buru-belarri sartuak gaude eta kokoteraino, honen aurrean ezer ez egin dezakegunaren sentsazioarekin» adierazi du Ereñagak.

Prozesua oro har, nahiko «erraza» izan dela azaldu du Ereñagak. Sare sozialen bidez izan zuen entseguaren berri, eta email bidez jakinarazi zuen parte hartzeko prest zegoela. Tartetxo bat behar izan bazuten ere, erantzun zioten, eta Barakaldoko Gurutzeta Ospitalera bertaratzeko eskatu zioten. Ereñagak nabarmendu nahi izan du boluntarioak uneoro duela entseguan parte hartzeari uko egiteko eskubidea.

Ereñagak noski, ez daki txertoa ala plazeboa jaso duen; txantxetan azaldu duenez, albo-kalte larririk pairatu ez duenez berak uste du plazeboa eman diotela. Baina txantxak alde batera utzita, errealitatea da, lehen dosia jaso zuenean ez zuela inolako albo kalterik sumatu, eta bigarrenarekin deus larririk ez, «besoko mina» eta akaso «kalentura pixka bat». Edozein kasutan, ondorioek ez dute bereziki kezkatzen, argi duelako datozen hilabeteetan gertutik zainduko dutela.

Astearteroko tertulia zientifikoan egin ditu adierazpenok Ereñagak. Amaitu baino lehen, Koldo Gartzia zientzialariak, auzolan sentsazioa izan ote duen galdetu dio. Eta honek, zalantzarik gabe, baietz erantzun dio, «nik uste dut denok dugula sentsazio berdina, zerbait egiteko behar hori».

 

 

Jaurlaritza Logoa