IRRATIA

‘Elikatuz‘ debuteko diskoa kaleratu berri du Ameba taldeak

Zazpi kantu mardulez osatutako disko indartsua kaleratu du Ameba talde usurbildarrak. Bertsio emanaldi baterako elkarketa bat izan zenak, lehen lana kaleratu du eta egurra eman asmoz direla kontatu digute MusikHaria saioan. Hartu eta emateari garrantzia eman diote ‘Elikatuz’, diskoaren tituluarekin.

Ameba talde usurbildarrak ‘Elikatuz’ debuteko lana argitaratu berri du.

This browser does not support the audio element.


Sentsualitatearekin eta indarrarekin jokatzen du diskoan eta frontwoman indartsua dela erakutsi du estreinako diskoan Malen Azpiazu Ameba taldeko abeslariak. «Emakume eta gaztearen ikuspegitik egindako kantuak dira, taldea bera ere gaztea delako», kontatu digute Malen eta Jon Mikel Azpiazu anai-arrebek. Taldea Aritz Zabaletak eta Enara Eizagirrek osatzen dute. Musika munduan hasiberriak dira «nolabaiteko seriotasunarekin» eta Malenen jarrera rockero punky horrek «jendea harritzen» duenez, aldarrikapen hori ere egin nahi dute, gazteak direla alegia.

Bertsio emanaldi baterako elkartu ziren lehenengo aldiz, intentzio berezirik gabe eta Liherren bertsioak egin zituzten. Hilabete batzuk beranduago, talde moduan hasi eta lehen kontzertua oholtza handian izan zuten Liher taldearekin batera, Usurbilgo festetan. Lokaletik zuzenean ekipo handi batekin jotzera pasa ziren, «nerbioz josita» oholtza handira. «Konfinamendutik atera eta orduan iritsi zitzaigun proposamena eta orduan oraindik ia ezer sortu gabe genuen. Bi aldiz pentsatu gabe murgil egin genuen igerilekura eta egurra eman genion sorkuntzari. Malen ikusita jendeak espero zuen zerbait gozoa izango zela eskainiko genuena eta emankizuna ikustean jendea harrituta geratu zen genuen indarrarekin», azaldu digute taldekideek.

Rocka, power-popa eta stonerra bezalako generoak jorratu dituzte, baina atentzioa ematen du, lehen lana izateko eta talde hasiberria izanda, 5 minutu inguruko kantuz osatutako lana dela. Iraupen luzeko kantuz osatutako diskoa, alegia. «Horrela atera zitzaigun eta baten bat laburtu ere egin behar izan genuen, zazpi minuturaino joan zitzaigulako. Proiektua hasi berria denean ideia denak sartu nahi izaten dituzu kantuetan eta erabaki genuen kantu bakoitza ateratzen zen moduan, laburtzen eta ibili gabe, bere horretan uztea», esan digute usurbildarrek.

Rock klasikoko edota stoner musikako taldeak entzuten dituzte orokorrean taldekideek baina Malenek Liher eta Miley Cyrus aipatu dizkigu erreferente moduan. Askotan alderatzen dute Lide Hernandoren ahotsarekin eta kalean ere esan izan diote noizbait Liher entzutean Ameba entzun dutela. «Niretzako piropo bat da alderaketa, egia esanda, baina desberdinak garela esan nahi dugu», dio Malen Azpiazuk.

Garate estudioan grabatu dute diskoa Martxel Arkarazorekin eta soinu garajeroa duen arren, «xehetasunez josita dago». Garaten egon zireneko esperientzia sekulakoa izan zen, askorentzat lehen aldia zelako halako estudio batean lan egiten zutena. «Zortzi egun eman genituen bertan eta egun askotan bertan egiten genuen lo. Bisita asko jaso genituen eta lana egiten pozarren ibili ginen. Itxialdi moduko bat izan zen baina udalekuak bailiran bezala, paradisuko konfinamendua zen hura eta maleta egin eta herrira jaisteak pena eman zigun», gogoratu dute taldekideek.

Bideoklip bat ere egin dute, ‘Gabon’ kantuarekin eta Haitzulo ekoiztetxekoak, Iñaki Gartziandia eta Jon Altuna, arduratu dira ikus-entzunekoaz. «Lehengusuak dira beren artean eta sekulako ideiak dituzte. Batetik bestera eramaten gintuzten, toki zelebreetan sartzen ginen grabatzeko eta ez genekien zer atera behar zuen hainbeste hartualdi egin ostean. Emaitza benetan txukuna da eta artista hauen lanarekin pozik gaude. Baita Sara Etxeberriak egin duen diseinuarekin ere, ikusten ez diren ordu pila bat sartu ditu eta ezin daiteke pentsatu zenbateko lana duen diskoaren azalak eta diseinuak», azpimarratu dute Ameba taldekoek. «Usurbilgo Aitzaga tabernak ere diruz lagundu gaitu eta haiei ere benetan eskertuta gaude, espero gabe eta eskatu gabe iritsi zitzaigun laguntza izan zelako», gaineratu dute Azpiazutarrek.

Kontzerturen bat edo beste ere lotuta dute eta pozik kontatu digute: «Martxoaren 20an Ataunen daukagu datorren emanaldia, ordua zehaztu gabe badago ere, goizean izango delakoan gaude. Orain atera gaitezkeen honekin, gure ‘holligan’-ak ere ziur bertara joateko gogoz daudela. Kontzertu bakoitza arnasgunea da guretzat: erlazio berriak sortu, beste herri batera joan eta musikaz gozatzea gauza ederra dira».

‘Ameba’ kantuan aipatzen dituzte bai taldearen izena eta baita diskoaren izena bera ere: «Askotan izenak jartzen dira eta gero pentsatzen da zergatia. Batek gogoan zuen natur zientzietako klase batean entzun zuela ameba hitza eta belarrira ondo eman zigunez, izen hori jarri genion taldeari. Zergatia gero asmatuko genuela erabaki genuen. Eta elikatuz ere antzerako zerbaiten ondorioz sortzen da. Herriko gazte dinamika baten ondorioz sortu zen taldea eta mugimendu horrek elikatu gaituela esan nahi dugu batetik. Bigarren zentzua, berriz, orain mugimendu horri elikagaia eman nahi diogula da», esplikatu dute musikariek.

Kontzertu eta sare sozialetan saltzeaz gainera, hainbat herritako tabernetan dago salgai beren ‘Elikatuz’ lana eta bandcamp orrialdea ere martxetan jartzekotan dira. «Horrez gainera, Astigarragan, apirilaren 5ean, gazte sortzaileen azoka egitekotan dira eta bertan gure postua jarriko dugu eta bai disko eta baita kamisetak erosteko aukera izango da. Buruntzaldean azken urte honetan gazte sortzaileen proiektu bat sortu da eta web orrialde bat sortu dugu eta gazteen artean dinamika sustatu da. Pozik gaude horrekin ere eta jendeak aditzera izan dezan nahiko genuke». Ilusioz eta lanerako gogoz datoz, beraz, Ameba taldekoak.