EMO musika aztertu du Marina Landak MuskHaria saioan
Hiri tribuek halako eragina izan dute musikan ere. Edota musikaren inguruan sortu izan dira hainbat hiri-tribu ere. Horietako bat izan da EMOena, musikaren bueltan eragin zuzena izan duen tribua. Marina Landak haietako talde batzuk ekarri dizkigu gogora aste honetako bere tartean.
This browser does not support the audio element.
Kantuen mezuen inguruan ikertzen du Marina Landak bere doktoretza tesia prestatzen dabilen honetan. Hartara, txio baten aitzakian, EMO azpikulturaren bueltan ikusi dituen kontuak ekarri dizkigu aste honetan MusikHaria saiora. «Larunbat goizean jaiki eta kantu bat entzuten ari nintzela txiokatu nuen, segidan elkarrizketa bat sortu zen eta horrek gaia hona ekartzera bultzatu nau», esan digu Landak.
EMO musika, estetika, hitzak… Eztabaidarako gai izan dira askotan, batzuk harrotasunez adierazi dute eta adierazten dute tribuaren parte direla. Beste batzuetan, nahi izan gabe ere mugimendu honen bueltan sartu dituzte artista batzuk. Baina denak ez daude harro mugimendu honen parte izanaz eta hortik ihes egin nahian dabiltza egun.
Kolore ilunak, makillaje ilunak, autolesioak, kontu depresiboak… Hori guztia inguratzen zuen EMO mugimenduak. Egun jarraitzen duen mugimendua den arren, 2005-2010 tartean izan zuten beren unerik gorena. Sare-sozialak agertzen hasi ziren garaiko mugimendua zen eta batez ere nerabeak ziren EMO kulturaren parte zirenak. Hartara, guraso askori kezka sortzen zien mugimendua zen, kontrolatzen ez zuten esparru batean zegoelako hartu-eman handia.
Horrez gainera, emakumeengana zuten jarrera salagarria ere ekarri du gogora Landak. «Gehiengoa gizonezkoak ziren, maskulinitate berri baten bila ari zirenak tartean. Baina maskulinitate berri horren bidean ere, emakumeak azpiratuta zeuden», azpimarratu du.
Batez ere Estatu Batuetako musika taldeak ziren horren parte, nahiz eta EMO kutsua zuten kantuak alde guztietan sortzen ziren. Horietako bost luzatu dizkigu Marina Landak aste honetan:
– My Chemical Romance - Welcome to the Black Parade
– Paramore - All I wanted
– Jimmy Eat World - Pain
– Fall Out Boy - Dead on Arrival
– Mantisa - Malko hautsia