Pandemoniyua | Stepi Selektah
This browser does not support the audio element.
2020an abiatutako 'Etxeko Uzta' podcastaren adar bat da 'Pandemoniyua'. Elkarrizketa sorta zabal bat. Gure herriko sortzaileekin arituko gara solasean, pandemiak haien bizitzara eta lanetara ekarri duena ezagutu eta hausnartzeko. Stepi Selektah DJa gonbidatu dugu gurera, Bad Sound Sistem taldeko kidea.
Stepiren estudiora hurbildu gara elkarrizketa hau egitera. Tamalez, han ordu asko igaroko ditu Iñakik, Stepi Selektah-ek. Nahi baino ordu gehiago emango ditu estudioan eta, gutxiago, oholtza gainean. «Rutina berri bat asmatzen ari naiz, bizimodu berri bat» esan digu pandemia honek nola eragin dion galdetuta.
Kontatu digu kolpe handia jaso zutela dena bat-batean geratzerakoan. «Martxoaren 13an hasten ziren gure kontzertuak eta maiatzerarte data pila bat genituen. Eta denak joan ziren bertan behera geratzen», hori mentalki oso gogorra izan zela aitortu digu «ez genekien nondik aterako zen eguzkia, hilabete batzuk latzak izan dira». «Orain lokaleko lana tokatzen da, kantu berriak asmatzea, baina erritmo lasaiagoan», orain bakoitza bere bizitza birmoldatzen ari dela dio Stepik.
Kulturaren egoeraz galdetuta: «kultura berpizten ari dela erakutsi nahi digute, baina ez da horrela. Oso filtratuta dago dena, dena oso ofizialki egina», dio eta horregatik, etorkizun are zailagoa aurreikusten du Euskal Herrian hain aktiboa eta indartsua izan den sare alternatiboarentzako. Esperantzarik ez du galtzen, baina ez da guztiz positibo «seguraski aterako gara, baina momentu honetan latz ikusten dut».